Beñat Igerabide


beñatLehenik eta behin, John Mayerren zuzeneko diskoa eta DVD-a: Where the Light Is: John Mayer Live in Los Angeles (2008). Musikari honen aurpegi ugariak modu ezin hobean aurkezten ditu, hiru fasetan: lehenengo set-a akustikoan eta bakarrik egiten du; bigarrena, Pino Palladino eta Steve Jordanekin hirukote blues zale bikaina osatuz; azken fasea, berriz, talde osoarekin batera. Guztia zuzenekoak eskaintzen duen izpiritu berezi horrekin. Bikaina.
Bigarrenik, Amos Leek izen berarekin 2005ean ateratako 11 kantuko diskoa: Amos Lee (2005). Folk-soul estiloko disko ederra da, gordina, gehiegi orraztu gabea. Ahots hautsi eta sentikorrak eta gitarra akustiko gozoak arimak lasaitzeko ahalmena dute.
Azkenik, Ben Howard Ingalaterrako kantu egilearen Every Kingdom (2011). 2009an ezagutu nuen, kasualitatez, Londresera egin nuen bidaia batean, Camdentown-go txoko batean. Hasi berria zen, baina bere guitar tapping-ak eta ahots indartsuak liluratu egin ninduten. Disko hau ondoren lortu duen ospe handiaren erakusgarri da. Sentsibilitate handiko musikariez lagunduta, folk-pop disko aparta osatu zuen, eta mundu osoan zehar dabil kontzertuak eskaintzen.