Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak

sekulaIban Zaldua
Elkar, 2018

Hogeita hamabi ipuin bildu ditu Iban Zalduak liburu honetan, eta pertsonaia beste sentimendu. Ororen gainetik, irudimena aurkituko du irakurleak orrien artean; barra-barra dario idazleari, zeinak dosi txiki edo handitan banatu duen han-hemenka. Iruditzen zait primeran pasatu duela ipuin bakoitza idazten, mimo osoz egin duela, batzuetan xehetasun txikiena ere nola deskribatu duen ikusirik. Algara ere egingo zuen tarteka, ganberro-ganberro.
Ipuinak ez daude elkarlotuta, hau da, liburua ez da irakurri ahala pertsonaien edo egoeren bidez nolabait biribildu ohi diren horietakoa. Hauek ez dute batak bestearekin zerikusirik, ez pertsonaiei ez istorioei dagokienez, eta gorabehera edo pasadizo edo burutazio laburrak dira gehienak (luzeenak 10 bat orrialde izango ditu). Hala, irakurterraza da liburua, alegia, edonon irakur daiteke ipuintxo bat edo bi, denbora apur bat izanez gero, edo denbora azkarrago igarotzeko; bata bestearen atzetik bizpahiru baino gehiago ere irakur daitezke, inolako betekadarik sumatu gabe. Oso desberdinak dira, originalak, eta hizkuntza aldetik oso gertukoak.
Esan bezala hari jakin bati jarraitu ez arren, elementu bat dezente errepikatzen da ipuin ugaritan: heriotza. Ez, ordea, ohi bezala, tristezia eta etsipena dakartzan hori... baizik eta bestelakoa. Ondo pasatu, beraz, ipuin pilulatxo hauek irensten!
Usoa Alberdi Fernández