Edozerk balio du?

Abenduaren erdi aldera izan zen. Elizondoko harategi bateko zaintza kamerek hartutako irudi batzuetan, lapurreta bat ikusten zen. Lapurra dendan sartu, harakina hozkailuan utzi, dendako gauzak lapurtzen hasi, eta, halako batean, emakume bat agertu, eta, txistorra arma bakar eskuan, lapurreta saihestea lortu zuen.
Bideoa ikusgarria da benetan, eta, nola ez, Facebookeko, Twitterreko eta Whatsappeko taldeetan berehala barreiatu zen emakume txistorradunaren balentria. Handik, azkar igaro ziren irudiak hedabideetara ere. Espainiako estatuko telebista kate batzuetan, albistegiei hasiera eman zien berria ere izan zen Elizondoko heroi anonimoa.
Alabaina, handik gutxira jakin genuen bideoa erabat faltsua zela. Fikzioa. Baztango merkatari elkarteak antolatutako publizitate kanpaina baten parte. Mundu guztiari grazia ikaragarria egin dio kontuak. Merkatariak zoriondu ere egin dituzte, ideiaren originaltasuna eta lortutako oihartzuna direla eta.
Bada, barkatuko didazue, baina niri ez dit batere barregurarik eman. Batetik: Euskal Herriko bailara txiki bateko merkatari elkarte txiki batek ere pentsatu du fake news edo albiste faltsuen dinamika erabiltzea bere aldeko kanpaina egiteko. Gezurrezko mezu bat nahita zabaldu dute, hartzaileei benetakoa dela pentsarazteko, egilearen alde jartzeko. Oraingoan, herrian erostearen aldeko mezua izan da. Baina halako makina bat jasoko zenuten zuek ere, etorkinen, feminismoaren edota euskararen beraren kontrakoak. Gezurrak, ziztu bizian hedatzen direnak sare sozialen bidez.
Bestetik: komunikabide handiek beren horretan zabaldu dituzte irudiak, haiek ere amua irentsita, benetako albistea balitz bezala. Jatorria edota gutxienekoak egiaztatzeko lanik hartu gabe. Honen moduko albiste batean halako gezurrak esaten badizkigute, pentsa zer ziri ez diguten sartuko garrantzi handiagoko beste gai batzuetan...
Azkenik, hauxe da, beharbada, okerrena: kanpainak oso emaitza onak izan omen ditu, eta gaia guztion ahotan egotea lortu du; hala, albiste faltsuen eraginkortasuna berretsi du. Barkatuko didazue, baina niri gai honek irribarretsu baino, kezkatuta utzi nau.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/bertanbideoa
Bideoa eta bere inguruko albistea Baztango Erran.eus agerkari digitalean.

https://labur.eus/bertanbideo2
Bideoaren bigarren zatia (Facebooken) formatu klasikoagoan.

https://labur.eus/bertanbideo3
Kasuari buruzko bideoa, ETBn.