Adimen artifizialarekin garatutako Modela itzultzaile automatikoa sarean

modela

Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoak egiteko tresna “azkarra eta erabilerraza” garatu dute Elhuyarrek eta MondragonLinguak, beste zenbait euskal enpresarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean: Modela. Azken belaunaldiko teknologia adimenduna du oinarri, Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa delakoa, hain zuzen. Horri esker, orain arteko itzulpen automatikorako sistemetan emaitzen kalitatea mugatzen zuten ezaugarriak gainditu ahal izan dituzte, euskararen morfologia aberatsa, kasu. Hala, orain arteko euskarazko itzultzaile automatikorik “onena” da Modela. “Euskararen kasuan inoiz ikusi gabeko kalitatezko itzulpenak eskaintzen ditu” azaldu dute itzultzaile automatikoaren arduradunek. Halere, zehaztu dutenez, Modelak ez du itzultzaile profesionalak ordezkatzeko asmorik, euskarazko eduki gehiago sortzen laguntzekoa baizik. Besteak beste, aplikazio berriak sortzeko lagungarria izango da, hala nola laguntzaile birtualak, testuen analisia eta beste. www.modela.eus atarian erabil daiteke Modela. Doakoa da, baldin eta erabiltzaileak hilero 2.000 hitz baino gutxiago itzuliz gero. Hortik aurrera, kuota bat ordaindu behar da.


torrealdaiEUSKALTZAINDIAK, Jakin Fundazioaren eskutik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, bildu, digitalizatu eta erabiltzaileen eskura jarri ditu Resurreccion Maria Azkuek (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) 64 urtean argitaratutako lanak. Guztira, haren 922 idazlan katalogatu eta sareratu dituzte, hamar multzotan banatuta: liburu enblematikoak, gainerako liburuak, liburuxkak, liburu zatiak, artikuluak, itzulpenak, editore, zuzendari edota biltzaile gisa landuak, berrargitarapenak, egokitzapenak eta Azkueren lanen itzulpenak, eta gutuneria argitaratua. Euskaltzaindiko buru Andres Urrutiaren hitzetan, “Egitasmo honekin, Azkue lehen euskaltzainburuaren izena eta izana (bir)gogorarazi nahi ditugu, haren lanak atondu eta teknologia berrien bitartez gizarte osoaren eskura jarrita”. Honako helbide honetan kontsulta daitezke idazlan guztiak: https://euskaltzaindia.eus/azkue-funtsa.

 

 

 

LABURREAN

MIKEL ARTETXE informatikariak TextReference.com sortu du, testuinguruaren araberako hiztegi euskalduna. Hitzen eta esamoldeen ordainak itzulpen memoria handietan bilatzen dituzte halako hiztegiek, eta lehendik erabili izan diren adibideak erakusten dituzte. Artetxek sorturikoak ere horixe egiten du, datutegi irekietatik elikatuta. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak ez ezik, ingelesaren eta gaztelaniaren artekoak ere egiten ditu, noranzko bietan. Hiztegiaren Beta bertsioa helbide honetan aurki daiteke: www.textreference.com/eu/.

artitzHOGEITA BAT urtean behin-behineko erakusketetarako euskaraz sorturiko testu eta dokumentuak bildu eta kontsultagarri jarri ditu Bilboko Guggenheim Museoak bere webgunean. Zehazki, 44 erakusketari loturiko 1.300 agiri baino gehiago: erakusketa aretoetan jartzen diren testuak, erakusketekin batera garatzen dituzten eduki didaktikoak, azalpen testuak... Guztiak eskura daitezke Artitz izeneko funtsean (www.guggenheim-bilbao-artitz.eus/), Bilboko Guggenheim Museoko erakusketen inguruko arte moderno eta garaikideko dokumentazio zentroan, alegia.