Batua versus euskalkiak

olasagarreJuanjo Olasagarre

Euskal jendeok etengabe sartzen gara eztabaida afrusetan. Askotan, jatorrismo gaizki ulertu baten ondorioz, berebiziko aldarriak egiten ditugu, benetakotasuna eskatzen ari garelakoan, baina benetakotasunik, jakina da, ez dago.
Orain arte, ez diot garrantzirik ñimiñoena ere eman batua versus euskalkia eztabaidari, nahiz eta onartu berebiziko garrantzia duela, ez eztabaidak berak, baizik eta eztabaidaren hondoan ageri den euskara batuaren kontzepzioak.
Norbaitek irudikatzen du gaztelaniaz, hizkuntza arautu horretan, norbaitek andaluzieraren aldarrikapena egitea, zer eta eremu formaletarako edo Salamancako norbaitekin idatziz aritzeko? Adibideak bertan iraungitzen du eztabaida, ez du zentzurik. Bestelakoa da, ordea, euskaldunok batuaz dugun kontzepzioa, eta horrek sortu duen hizkuntzaz. Hor, bekatua larriagoa da, eta eztabaidak, nire irudiko, badu zentzurik. Batuaz, zera ulertzen dugula uste dut: jatorkeriak jotako halako gipuzkera maskala. Zer dela eta da jatorragoa garagardo hitza zerbeza baino? Zergatik aukeratzen dugu, irakasteko, lanbide, eta baztertzen ofizio? Zergatik nagusitu da idatzi, eta erabat arrotz bilakatu izkiriatu?
Ez hori bakarrik: euskara ikasten ari diren ikasle batzuek uste dute zerbeza gaizki dagoela, gaizki dagoela ofizio, eta gaizki izkiriatu. Ni baino askoz jakintsuagoek esana da: “Batua da edonon esaten den oro arauen arabera idatzia”. Kontua da, neuregandik hasita dakit, errazagoa egin zaigula honetan ari garen askori, euskaldun zaharroi, bederen, gure etxean esaten genionari uko egitea, forma hori nola idatzi bilatzen hastea baino; hortik gipuzkera maskala.
Bada, ideologia horrek, halaxe deitu behar zaio, kalte handia eragin dio eguneroko hizkuntzari, eta irakasten dugun hizkuntzaren gaineko ikuspegiari.
Dena dela, berriz ere diot, niri Olinpokoa bezain urrutikoa egin zait Arantzazu goian egin den Euskaltzaindiaren XVII. Batzarra; beharbada, idatzi beharrak etengabe erabakiak hartzera behartzen nauelako, eta, neurri batean, Euskaltzaindia beti dabilelako euskaldunok baino atzerago. Errespetu osoz diot.