Kauta taldea, Agerre baserrikoak kaleratzen

kauta

Kautak Agerre diskoa (Baga-Biga) aurkezten jarraitzen du. Entseguetarako erabiltzen duten baserriaren izena hartu duen lan hau taldearen laugarren diskoa da, hirugarrena (Isladak, 2008) argitaratu zutenetik bost urteko etena egin ostekoa. Lan honekin hamargarren urteurrena ospatu arren, euren esentziari eutsi diote: betiko ahots berezia (Mikel Morenorena) eta melodia txukun eta hunkigarriak rock-pop estiloko hamaika kantatan. Adrian Elustondok jarraitzen du baxuarekin eta Gorka Mendizabalek baterian. Halere, hiru bitxikeria sartu dituzte diskoan: haize ataleko tronboia eta tronpeta, Saharako umeen ahotsak eta falsettoak ahotsean. Puzzlea abestiarekin egin dute bideoklipa, bizitzaren hutsuneak bete beharreko puzzle batekin parekatuta. Taldeak diskoa aurkezten jarraituko du ondorengo hiletan ere. Hala, ekainaren 7an Zamudion izango dira, eta 28an Asteasun.  Uztailean, berriz, Alegian joko dute 18an, eta Nafarroako Zubietan 30ean.


makonakMcONAK talde bizkaitarra atseden barik dabil Piraten matxinada diskoa han eta hemen aurkezten. Lekeitioko bandaren bigarren lana da, iaz kaleratu zuten maketaren ondoren. Udazkenean grabatu zuten Mungiako Gaua estudioan, eta Usurbilgo Higainen nahastu. “Egurra emateko” hamaika kanta bildu dituzte, folk zeltan oinarrituta, baina country, punk-rock, ska eta reggae ukituak erantsita, erritmo bizikoak guztiak. Jaia eta borroka uztartzen dituzte hitzetan, argi dutelako musikak errealitate sozioekonomikoa salatu eta aldatzen laguntzeko balio behar duela. Horretan arituko dira ekaineko kontzertuotan: 7an Bergaran, 14an Amorotoko Oletan, 20an Iruñeko Donibane auzoan, 21ean Urrestillan (Azpeitia), 27an Sopelan eta 28an Sestaon.