Komunikabideak

argiaMendeurrena beteko du, datorren urtean, Argia astekariak

Ospakizun urtea izango dute 2019a Argian, 100 urte beteko baititu. 1919an sortu zen, erlijio aldizkari gisa, Zeruko Argia izenarekin. Ordutik, aldaketak izan ditu, tartean izena laburtzea eta izaera erlijiosoa galtzea, baina jardunean den euskarazko agerkari zaharrena izaten jarraitzen du. Mendeurrena behar bezala ospatzeko, orain arteko zenbaki guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatuko ditu. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin elkarlanean egingo du digitalizatze prozesua, eta Argiaren webgunean ipiniko dituzte kontsultagai, “herritarren eskura”. Ondare izugarria, bistan denez: 2.600 zenbaki baino gehiago argitaratu ditu ehun urtean. Horrez gain, ekitaldiak eta mahai-inguruak ere egingo dituzte 2019an, hilero, lurralde guztietan. Hasteko, baina, zenbaki berezi batekin ekingo diote mendeurrenaren ospakizunari: 2019ko lehen zenbakia berezia izango da, bai eduki bai diseinu bai luzera aldetik. Hilabete falta da urte berria hasteko, baina zorion agurra ez dago sobera: Zorionak, Argia, eta urte askotarako!