Txirrindularitza

dorletaEuskal txirrindularien argazkiak ikusgai Dorletako santutegian

Txirrindularien artean, aski ezaguna da Leintz Gatzaga herriko Dorletako santutegia, Italian Madonna del Ghisallo eta Frantzian Notre-Dame des Cyclistes bezala. Izan ere, Dorletako ama txirrindularien zaindari izendatu zutenetik, Euskal Herrikoentzat toki berezia da. Besteak beste, txirrindulariek emandako maillotak eta argazkiak daude bertan. Azarotik, gainera, askoz argazki gehiago ditu, Dorletako Ama Txirrindulari taldeak Euskal Herriko Txirrindulariak izeneko erakusketa zabaldu baitu. Guztira, 133 koadro jarri ditu ikusgai, Kas txirrindulari taldeko Karmelo Uria masajista ohiak bildutako materiala oinarri. Euskal txirrindularien argazkiak dira gehienak, baina bada atzerritar batena ere: aipatu taldean ibilitako Sean Kelly txirrindulari irlandar paregabearena, zeinak harreman estua izan zuen Uriarekin. Bailarako txirrindulariei ere toki berezia eskaini diete. Erakusketa martxora arte izango da zabalik, baina, ikusi nahi izanez gero, hitzordua egin behar da aldez aurretik Dorletako Ama Txirrindulari taldearekin, bere sare sozialen bidez. Santutegiko atean ere ipini dituzte taldearekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak. Erakusketaz gain, beste zenbait ekitaldi ere egingo dituzte: mahai-inguruak txirrindulariekin eta harrobiko taldeen aurkezpenak, besteren artean.