Klima aldaketa

elurraElurraren lodiera erdira murriztuko da Pirinioetan 2050erako

Klima aldaketaren ondorioak dagoeneko nabari dira Pirinioetan. 1950etik 1,2 gradu igo da mendikateko batez besteko tenperatura, mundukoa (0,85 gradu) baino gehiago. Horixe ondorioztatu du Pirinioetako Klima Aldaketaren Behategiak (OPCC) egindako txosten batek. Horrela jarraituz gero, gainera, aldaketak areagotu egingo direla ohartarazi dute txostena egin duten 80 adituek. Aurreikusi dutenez, 2050ean, 1.800 metroko altueran, elur geruza egungoaren erdia izango da. Neurririk hartu ezean, halaber, mendea amaitu baino lehen mendikateko elurraren % 80 galdu egingo da. Bestelako datuak ere jaso ditu txostenak. Esaterako, hamarkadaz hamarkada, prezipitazioak % 2,5 gutxitzen ari dira. Horren eraginez, 2050erako % 20 murriztuko da akuiferoetako ur kopurua, adituen ustez. Tenperaturak berotzen jarraituko duela ere aurreikusi dute: 2030erako 1,4 eta 3,3 gradu artean igoko da tenperatura Pirinioetan, txostenaren egileen hipotesien arabera. Antza, jada agerikoak dira zenbait aldaketa: elurra atzerantz egiten ari da; horren eraginez, basoak zabaltzen ari dira; eta zenbait espeziek gero eta altuera handiagoan bilatzen dute beren habitata, besteak beste. Glaziarrei ere erreparatu diete, 1984tik zenbatutakoen erdiak desagertu egin direlako, eta gainerakoak asko txikitu direlako. Egoera larritzat jo dute txostenaren egileek, eta aldaketa horiek guztiek arazo ugari sor ditzaketela gogorarazi. Esaterako, muturreko klima aldaketak ugaritu egingo dira, bai eta elur jausiak eta uholdeak ere.