Feminismoa

feministaldiaPrest da XIII. Feministaldia

Abenduaren 10etik 15era egingo da Feministaldia, Kultura Feministaren Jaialdia, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Plazandreok plataformak antolatua, #Okerrak izango du goiburu. Identitate okerrak, lodiaktibismoa, literatura feminista... hainbat gai jorratuko dituzte bost egunean, orotariko ekintzen bitartez: lantegiak, hitzaldiak, emanaldiak, mahai-inguruak... eta, jaialdiari amaiera emateko, kontzertu bat izango da. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Azahara Ubera artista, Txakur Gorria sormen kolektiboa, Iratxe Retolaza literatur kritikari eta ikertzailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea... Egitarau osoa dagoeneko paratu dute sarean, feministaldia.org gunean, hain zuzen. Ekitaldi guztiak Tabakaleran izango dira, hilaren 15eko kontzertua izan ezik: Tabakalera ondoko Le Bukowski tabernan izango da, eta Anari, Mursego, Saioa, Lorea Argarate&Ines Osinaga, Birkit, Mice eta beste zenbait musikari bilduko ditu.