Ondarea

pisaPisako dorrea, gero eta zuzenago


Oker egoteak egin du ospetsu Pisako (Italia) dorrea. Fama eman dion horrek, baina, arriskuan jarri du dorrea bera: gehiegi okertzen ari zela-eta dorrea jausteko arrisku handia zegoenez, 90ko hamarraldian lan handiak egin zituzten arazoa arintzeko. Hasieran, 40 zentimetro zuzendu zuten dorrea. Gerora ere, lanek emaitza ona izan dute, dorrea beste lau zentimetro zuzendu dela egiaztatu baitu lanak gainbegiratzen dituen taldeak. Alde ederra, dorrea behera etortzeko zorian zenetik: dorrearen goialdeko kanpandorrearen eta dorrearen oinarriaren artean, 4 metro eta 47 zentimetroko aldea ere izan zuen. Lanak ikuskatzen dituen taldeak azaldu duenez, uste zutena baino emaitza hobeak eman dituzte zuzentze lanek: egun, urtean milimetro bat eta biren artekoa da dorrearen oszilazioa, eta kanpandorrearen egonkortasuna aurreikusitakoa baino hobea. Halere, ez pentsa inoiz Pisako dorrea erabat zuzen ikusiko dugunik: oraingo erritmoan, erabat zuzen geratzeko mendeak beharko lituzke. Gainera, ez dute inolako asmorik dorrea guztiz zuzen uzteko, horrela xarma eta erakargarritasuna zeharo galduko bailituzke. Eta turistek uzten duten dirua kontuan hartuta, nork nahiko du hil urrezko arrautzak erruten dituen oiloa?