Hedabideak

Hiruka komunikazio-proiektuari laguntzeko kanpaina abian da

hirukaItolarrian da Uribe Kostako Hiruka komunikazio-proiektua (astekaria eta webgunea argitaratzen ditu). Horregatik, Zu zara giltza izeneko kanpaina jarri dute martxan, Hirukalagun direlakoak lortuta herritarren ekarpenak biltzeko. Duela ia lau urte sortu zen Hiruka, Uribe Kostan aldez aurretik zeuden bi proiektu batuta: UK paperezko hamabostekaria eta ukberri.net agerkari digitala. Babes ekonomikoari dagokionez, hasierako aurreikuspenak ez ditu bete: publizitatearen krisia igarri du, proiektuari babesa emateko hirukalagunen kopurua ez da izan espero zena, eta diru-laguntzetan “gorabehera ugari” izan dituzte. Horrenbestez, egoerari aurre egitea du helburu Zu zara giltza kanpainak: urtea amaitu baino lehen, 333 hirukalagun lortu nahi dituzte, bakoitzak 35 euroko ekarpena egin dezan. Hala ziurtatu nahi dute Hirukaren geroa. Aurrera jarraitzeko asmoa dute, baina, hori lortuta ere, “aldaketa nabarmenak izango ditu ezinbestean: langile gutxiago, maiztasun aldaketa...”. Uribe Kostako datuak ikusita, agerikoa da badutela nork lagundu eta nork irakurri: hamar udalerritan (Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz), datu ofizialen arabera, euskara ulertzen duten 102.000 lagun bizi dira. Hots, hiriburuak kanpo utzita, euskarazko tokian tokiko hedabide bat duen eskualderik jendetsuena da. Gainera, doan banatzen dute; astero, 8.000 ale inguru. Zeren esperoan zaudete? Zuek zarete giltza, Zu zara giltza!