Askori gustatuko litzaiguke profesional izatea

atutxaAitzol Atutxa
Aizkolaria

Bosgarren urtez jarraian, Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen, urriaren 28an, Aitzol Atutxa Atutxa II.ak (Bilbo, 1988), Iruñeko Labriten. Euskal Herriko Txapelketa irabazi duen bizkaitar bakarra da. Gutxik lortu dute txapelketa nagusia hainbestetan irabaztea. Beste txapel asko irabazi izan ditu, tartean Bizkaikoa, 10 aldiz. Aita aizkolaria izandakoa, hari segika hasi zen aizkoran. Enpresaritza ikasi eta familiaren enpresan egiten du lan. Garena txakolina ere ekoizten dute. Athleticzale porrokatua, aizkoran bezain trebea da sare sozialetan.

Euskal Herriko bosgarren txapela. Txapel guztiak berdin sentitzen al dira?
Ez. Nahiz eta itxura batean berdinak iruditu, desberdinak dira. Atzean, bakoitzak bere xarma du, bere sufrimendua eta bere historia.
Finala oso estua izan zen. Txapelik sufrituena izan al da aurtengoa?
Sufrimendua zeri dagokion jakin behar da. Era askotakoa izan daiteke. Iazko txapelketa 18 segundoko aldearekin bukatu zen, aurtengoa 19koarekin. Iazkoan sufritu nuen gehien fisikoki,  aurtengoan psikologikoki.
Txapelak bezainbeste poztu al zintuen Labrit lepo ikusteak?
Jakina. Lehengo eguneko garailerik handiena herri kirola bera izan zen, zaleek eman zuten erantzunarengatik. Txapela neuk jantzi banuen ere, uste dut kirolari guztiok egundoko poza hartu genuela.
Gazteak zarete goian zabiltzaten aizkolariak. Ikusleak ere gaztetu egin dira?
Bai. Egoera arraro samarretik gentozen: belaunaldi aldaketa hori gertatzea falta zen; urte asko aizkolari berberekin, aizkolari zaharrekin eta ikusle mota jakin batekin. Aldaketa jazo beharra zegoen, eta aizkolarion artean gertatu da. Aizkolari gazteak etorri diren heinean, eta finala gaztetu den bezalaxe, Labriten ikusi zen zalegoa ere gaztetu egin dela, eta, neurri batean, horregatik dago gero eta zale gehiago.
Lana, familia, aizkora... Nola moldatzen zara?
Egia esan, sarri, neuk ere ez dakit. Une askotan, egunak 24 ordu baino gehiago izatea nahiko nuke, baina, azkenean, gogoko tokian aldaparik ez, eta saiatzen naiz denak uztartzen eta denak pixka bat betetzen. Badakit aulki askotan eseri nahi denean bat ere ez dela ongi betetzen, baina, tira, saiatzen naiz ahalik eta ondoen.
Herri kiroletan, profesionalismoa amets?
Gustatuko litzaiguke askori, lehengoan Labritekoa ikusita, batez ere. Ez diot milioi askoko soldatarekin, baina bai soldata duina lortzeko aukerarekin. Bakoitzak bere kirolari profesionalki egun osoa edo, gutxienez, egun erdia eskaini ahal izanez gero, argi dago markak ere hobetuko liratekeela.
Nola erakarri jendea aizkoran aritzera?
Aizkoran aritzeko, lehenengo ikusi egin behar da. Behin baino gehiagotan ikusten duzunean, har hori sortzen zaizu. Gero, zure barneko eskaera horri irtenbidea emateko, nik uste aukeratu egin behar dela: bai ala ez. Behin hori eginda, gaur egun ez dakigu nora jo, zoritxarrez. Aizkoran edo herri kiroletan aritzeko adina edozein izan daiteke, baina uste dut hutsune bat dagoela gaztaroan. Batez ere nerabezarotik aurrera, inork ez daki nora jo. Garai horretarako, eskolaren batzuk-edo sortu beharko lirateke. Etorkizuna bermatu nahi baldin badugu, hortik hasi behar da: behe-behetik.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.
Eta tristatu? Hodeiek.
Zerk eragiten dizu barrea? Besteen irribarreak.
Eta negarra? Besteen negarrak.
Zerk haserrearazten zaitu? Injustiziak.
Bizio bat: Coca-Cola.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Suhiltzailea.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Politikaria.
Aizkolari bat: Miel Mindegia.
Arerio bat: Joxe Mari Olasagasti.
Plaza bat: Labrit.
Eñaut Mitxelena