Kulturaren plazan

guneak

Durangoko Azokak 53. aldia izango du abenduaren 5etik 9ra. Euskal kulturaren erakusleiho eta hauspo nagusia, sormenaren lurraldea izango da bost egunez Durango. Izan ere, liburu eta diskoen azoka hutsa baino askoz gehiago da Durangoko Azoka: kulturaren plaza da, euskal kulturaren adierazpide ugariak ikusgai paratzen dituena. Horretan, funtsezkoak dira Landako erakustazokaz gain Azoka osatzen duten gainerako guneak: Irudienea, Szenatokia, Kabi@, Saguganbara... Bakoitzak bere arloan, euskal sortzaileei leku egiten diete, haien sorkuntza lanak hartzaileengana gerturatuta. Guztira zortzi gune dira, hainbat elkarte eta taldek atonduak, eta Azokaren antolatzaile Gerediaga elkarteak koordinatzen ditu. Denak dira Azokaren hezurduraren oinarrizko osagai. Aurtengo Azokari buruzko jakingarriak zenbaki honetan bertan topatuko dituzue, aurrerago, baina, ondorengo orrialdeetan, Azoka osatzen duten guneetatik hiru hobeto ezagutzeko aukera duzue, aurten zer eskainiko diguten jakiteko. Murgildu, bada, Kulturaren plazan, bai orain bai abenduaren 5etik 9ra bitartean! Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Maider del Olmo.

gorka

“Bereziki nabarmentzen ditugu ezagutza, eduki eta proposamen libreak”

Kultura digitalaren habia da Kabi@. Talaios Kooperatibak koordinatzen du gunea, eta Talaioseko kide Gorka Julio (Andoain, 1982) garatzailea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea aritzen da ardura horretan. Dena dela, “gustatuko litzaiguke jende gehiagok parte hartzea koordinazioan edo antolaketan; hau ez da gauza itxia”.

Azokaren zurrunbiloan, erraz topatzen zen Kabi@ azken urteetan: habia itxurako domo geodesiko batek aterpetzen zuen. Aurten, ordea, ez da halakorik izango. “Domoak gauza on asko zituen, gunearen bereizgarria izatea, besteak beste, baina alde txarrak ere bazituen: eguraldiak eragin handia zuen, gauean zaindu egin behar zen...”. Horregatik, aurten Landako barruan kokatuko dute. Julioren hitzetan, “gelak egitura berezia izango du, laukizuzen itxurakoa, eta Azokari begirako leiho bat ere bai”.
Lekua aldatu bai, baina ez izaera. Kultura digitalaren plaza izango da Kabi@, “bereziki” eduki eta teknologia libreena. “Euskaraz eta Euskal Herrian egiten diren teknologiaren eta kulturaren plaza da, baina bereziki nabarmentzen ditugu ezagutza, eduki eta proposamen libreak. Izan ere, gure ustez, ezagutza zabaltzea eta partekatzea ere bada helburu bat, eta betetzen dela ziurtatzeko era hoberena da eduki horiek libreak izatea”.
Aurten, hemezortzi bat jarduera antolatuko dituzte Kabi@n. Ohi bezala, ez da erakustoki soila izango: “Saiatzen gara, helburua ere badelako, ikusteko aukera baino, aritzekoa ematen”. Denetarik antolatzen dute: solasaldiak, eztabaidak, tailerrak...
Abenduaren 5ean, Ikasleen Egunean, “programazioa ikasten jarriko ditugu, baina ordenagailua ukitu gabe”, Jolasmatika egitasmoaren sustatzaile Edurne Larraza EHUko irakaslearen eskutik. Gainera, IKTen erabilera hezkuntzan ere landuko dute, zenbait solasalditan. Hilaren 6an, Game Erauntsia bideo-jokoen euskal komunitatearen eguna izango da.
Hurrengo egunean, euskarazko Wikipedia izanen da protagonista, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen laguntzarekin antolaturiko zenbait jardueratan. Besteak beste, mundu mailan erreferente bihurtu den ekimen bat izango dute hizpide: Txikipedia, ume edo gaztetxoentzako Wikipedia.
Hilaren 8an, azalpenek hartuko dute goiza. Sei proiektu aurkeztuko dituzte; tartean, Itsulapikoa.eus crowdfunding plataforma. Arratsaldez, “Kolore Anitzak izeneko antzerki interaktiboa aurkeztuko da”.
Azken egunean, ekimen berezi bat aurkeztuko dute: nortasun digitala, inteligentzia artifiziala eta sormena uztartuko dituen Ni naiz delakoa. Uztaritze Betelu eskultore eta olerkigilearen hainbat olerki inteligentzia artifizial bati (“machine learning ikasketa automatikoko prozesu bati”) eman, eta hark Beteluren olerkietan oinarritutako poesiak sortu ditu. “Bospasei aukeratuko ditugu, eta bereziki bat. Olerkiak ikusgai egongo dira, eta prozesua erakusten duen bideo bat ere eskainiko dugu”. Juliok dioenez, “erabateko esperimentua” izango da.
Egitarau zabala, berau osatzen aritzen diren eragile eta norbanakoen erakusle. “Sektore profesional batek egunero egiten du lan euskaraz, euskarazko produktuak ateratzeko. Halere, berez, euskalgintzak edo euskal kultura deitu behar diogun horrek du pisu handiena lan horretan. Hau da, euskara egunero erabiltzen duten eta nolabait proaktiboak diren norbanakoek eta komunitateek”. Horiek ateratzen dute aurrera, batez ere, euskarazko kultura digitala, “askotan, euskal kulturari prisma komertzialetik bakarrik begiratuz gero, enpresa askorentzat ez bailitzateke interesgarria izango”. Horrenbestez, “pisu handiena dute, zorionez edo zoritxarrez, jendarte antolatuak, zale antolatuek, bere lanaldiei orduak kentzen dizkieten militanteek, profesional oso kontzientziatuek, software librearen aldeko jendeak... Horiei guztiei atea zabalik utzi behar diegu”.
Zazpi urte beteko ditu aurten Kabi@k. “Gero eta ezagunagoa da, baina are ezagunagoa izan behar du oraindik” dio Juliok guneak izandako bilakaeraz. Ezagutza aldetik garatu arren, “oraindik falta zaigu. Uste dut kultura digitalari garrantzi berezia eman behar diogula, eta ez diogula ematen, nahiz eta egunero bizi garen eta bizi behar dugun teknologiarekin. Baina euskaldunok janaria behar dugu eta jan hori kontsumitu edo sortuko duen jendea. Hori lortzeko, kultura digitalari susperralditxoa eman beharko zaio. Astindua behar du”. Alde horretatik, Julioren ustez, nabarmendu behar da oso proposamen gutxi daudela. “Hau da, badaude gauzak, eta badago jendea gauza onak egiten. Baina, oro har, garrantzitsua da sortzaileei dei egitea. Alor guztietako sortzaileak animatu nahiko nituzke, arlo digitalari garrantzia emateko eta haien dinamikan era naturalean txertatzeko”.

saguEtorkizuna orainalditik lantzen dugu, ez oraina etorkizunari begira”

Saguganbara izango da, ziurrenik, Durangoko Azokako gunerik koloretsuena. Berbaro euskara elkarteak atontzen du, Itsaso Gangoitia (Abadiño, 1988) haur eta gazte teknikariaren ardurapean.

Gangoitiak honela definitzen du Saguganbara: “Familientzako gunea da, abizenez ‘txiki eta handien plaza’. Esan ohi da umeei eskainitako gunea dela, baina azken urteotan ideia hori apurtu nahian gabiltza. Azken batean, gure xede nagusia transmisioa da, eta, umeak bakarrik hartuz gero subjektutzat, transmisioa galdu egingo litzateke. Transmisioa, gainera, plazera eta gozamena oinarri gertatzea nahi dugu”. Berbarok 1989an sortu zenetik dihardu elkarlanean Azoka antolatzen duen Gerediaga elkartearekin: “Oso beharrezkotzat jotzen dugu horrelako gune bat. Umeak ez dira heltzen Azokako erakusmahaietara, eta honek liburuak ikusteko eta ukitzeko aukera ematen die”. Hainbat kultur diziplinari egiten zaie lekua hemen: idazleak beren liburuekin, ikuskizunak, kantak, jolasak, tailerrak, eskulanak... “Hasieran, haur literatura egoten zen batez ere, baina orain denetik dago”.
Saguganbarako erabiltzaileak 10-12 urte bitarteko umeak dira nagusiki, hortik gorakoak Azokara guraso barik joaten hasten direlako: “Eten hori gune guztien buruhaustea da, heltzen delako memento bat non gaztetxoek Saguganbara ume txikientzat ikusten duten; eta beste guneetan ere ez dute topatzen beren tokia. Azokan ibili ibiltzen dira, baina kuxkuxean. Horri heldu nahi diogu, baina ez Saguganbaratik; izan ere, nerabeak erosoago sentitzen hasten dira helduekin”. Oraingoz, ikasleen eguna baliatzen dute “galdutako” adin tarte horri heltzeko: “Belaunaldi hori beharrezkoa dugu, baina ez etorkizuneko irakurleak direlako, baizik eta gaur egun euskal kulturaren kontsumitzaile izateko aukera eta eskubidea dituztelako. Halere, guk transmisio lana egin nahi dugunez, Saguganbara pozez eta plazerez gogoratzea nahi dugu, bost urterekin jasotakoak haien izaera garatzen lagunduko duelakoan. Etorkizuna orainalditik lantzen dugu, ez oraina etorkizunari begira”.
Urtean zehar euskarazko sorkuntza lan bat kaleratu duen edonori luzatzen diote Azokan egoteko proposamena, baina ezinbesteko baldintzak dira euskaraz eta familiei begirakoa izatea, eta balio batzuk betetzea: “Hezkidetza, kultura artekotasuna... Hori zorrozki betetzen dugu, gure publikoak dena xurgatzen duelako, baina ez da arazo handirik egoten, gaur egun umeentzat sortzen duenak kontu eta mimo handiz sortzen duelako”. Azken urteotan, gainera, igarri dute ilustrazioak “hazkunde handia” izan duela, “idazleek eurek azpimarratzen dute haren garrantzia aurkezpenetan. Ilustratzaile gazte piloa dator, asko emakumeak”. Horrela, kalitatezko egitaraua osa dezake Saguganbarak.
Aurtengo edizioan egongo dira, besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, Ene Kantak... Ipuin eta liburu aurkezpen asko ere bai: “Adibidez, inoiz huts egiten ez dutenak: Pello Añorga, Antton Kazabon, Leire Bilbao, Uxue Alberdi...”. Aurtengo berritasuna izango da azken egunerako antolatu duten ipuin kontalari maratoia, “gaur egun herriz herri ahozkotasuna lantzen dabiltzanei leku egiteko”. Bost ipuin kontalari batuko dira: Lur Korta, Dorleta Kortazar, Maite Franco, Mireia Delgado eta Aitor Martinez Vinagret.
Eskaintza ikusita, helduren batek haurra Saguganbaran ‘aparkatzeko’ tentazioa balu, har dezala kontuan Gangoitiaren gonbidapena aretoan sartzeko: “Beharbada, batzuek baliatu izan dute inoiz horretarako, edo umeari jaten emateko, baina hori aldatzen ari da. Helduek Saguganbaran estrategiak ikas ditzakete etxean haurrei ipuinak kontatzeko; beraz, gurasoentzat umeentzat bezain garrantzitsua da, transmisioa egokia izango bada. Probatuz gero, ziur errepikatuko dutela”. Gurasoek eta aitona-amonek, “denek ere pila bat disfrutatzen baitute” aurkezpenetan. Asko, gainera, egitaraua ezagutzen dutela etortzen omen dira, “aurkezpen edo saio zehatz baten bila. Guretzat pozik handienetakoa da Saguganbarako bisita planaren barruan sartzea. Horrez gain, sortzaileek esaten digute aurkezpenek balio dutela erakusmahaian liburu edo disko gehiago saltzeko; aurkezpena bukatu bezain pronto galdetzen diete noiz eta non egongo diren sinatzen”. Hala, bi aldeek eskertzen dute Saguganbarak ahalbidetzen duen hartu-eman hori.

johana

“Ikus-entzunezkoen erreferentziak hartzeko aukera ona da Irudienea”

Hirugarren Azoka izango du, Irudienean lanean, Johana Olabarria Ugartek (Oñati, 1977). Euskaltzaleen Topaguneko kidea da. Bere egitekoen artean, eskaintza erakargarria osatzea dago, urte osoan kaleraturiko euskarazko ikus-entzunezkoak bilduta. Behin haien balioa ikusita, gainera, ikusminak ziurtatuta egon beharko luke, Olabarriaren esanetan, badira-eta hainbat harribitxi. Hasiberriak eta eskarmentudunak eskutik helduko dira Zugaza zinema areotetara.

Film laburrak, dokumentalak, fikzioa... Askotariko ikus-entzunezkoak izango dira Irudienea izeneko gunean, Durangoko Azokak iraun bitartean. Hala, Zugaza zinema aretoetara hurbiltzea bezalakorik ez da izango urteon argia ikusi duten euskarazko lanak ezagutzeko. Hori egitea erabakiz gero, ikusleak denetik aurkituko du: emakumeek eta gizonezkoek ekoitzitako lanak, hasiberrienak eta esperientzia badutenenak, bakarkako lanak eta kolektiboak... Gainera, egitaraua bete-beteta dator oraingoan; izan ere, bazkalorduko etena bertan behera utzi eta ordutegia zabaldu dute. Hartara, ikus-entzunezko gehiago erakutsi ahal izango dituzte.
Egitarauaz arduratzen da, besteak beste, Olabarria. Ikasketaz gizarte hezitzailea bada ere, kultur programatzaile lanetan aritu izan da, eta hainbat herri proiektutan parte hartu du Bizkaian bizi den oñatiarrak. Duela bi urte hasi zen lanean Euskaltzaleen Topagunean. Orduz geroztik, berak du Irudienearen gaineko ardura. Garbi utzi du eskaintza osatzea ez dela lagun bakar baten lana, alegia, hainbat harremanen eta proposamenen emaitza dela behin betiko egitaraua: “Gonbidapenak egiten ditugu, eta proposamenak jasotzen. Ondoren, askotarikoak izatea gogoan, ahalik eta gehienei leku egiten saiatzen gara,  egileek Durangoko Azokan egon nahi izaten dutelako”.
Emanaldiei dagokienez, besteren artean hauek izango dira ikusgai: Lekeitioko Bideo eta Zine Bileran parte hartu duten lanak, Soinujolearen semea filma (emanaldi berezia izango da, datorren urtean estreinatuko baita), Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako Gure oroitzapenak lan kolektiboa, Aralar, mundua leku den lurra dokumentala, Elvira Zipitriari buruzko IRA 26-2 dokumentala… Olabarriak lanak izan ditu gutxi batzuk nabarmentzeko, sormen lan bakoitzak bere balioa duela uste baitu: “Lan batzuk oso ondo eginda daude teknikoki; beste batzuk garrantzitsuak dira memoria historikoa lantzen dutelako, edota egileek ahalegin berezia egin dutelako kontakizun hori egiteko, bai bakarka bai modu kolektiboan”.
Alta, badaki ikuslearentzat ia ezinezkoa dela emanaldi guztietara joatea, eskaintza eta ordutegia hain zabalak izanda: “Nolanahi ere, ez daukagu zertan denera joan, noski. Ikus-entzunezkoen erreferentziak hartzeko aukera ona da Irudienea. Azokak iraun bitartean ikusi ez ditugun lanetara hurbil gaitezke gerora ere. Urte osoan ikus ditzakegu”. Dena den, bere ustez, merezi du lan batzuk pantaila handian ikustea; hortaz, jendea zinema aretoetara joatera animatu nahi du.
Ezbairik gabe, ikus-entzunezkoek eta irudiek gero eta garrantzia handiagoa dute. Horretaz jabetzeko, ingurunera begiratu besterik ez dagoela esan du Olabarriak, aitorpen eta guzti: "Ez dut uste beti onerako denik. Irudia bilakatu da garrantzitsuena kasu askotan".
Denboran atzera begira jarri da Irudienearen arduraduna, gunearen ibilbideaz mintzatzeko: "Nire ustez, bilakaera egon da, eta, kopuruekin baino, edukiekin lotuko nuke: denetik dago orain, oso gauza ezberdinak. Bestelako aldaketak ere ez ditugu ahaztu behar; adibidez, gune hau autobus batean hasi zen emanaldiak eskaintzen, eta egun zinema areto batean egiten du”.
Bestalde, Azokaren antolaketari, gunetan banatuta, ondo deritzo, formula egokia iruditzen baitzaio. Horrela diziplina ugariri egiten zaiela leku nabarmendu du: “Gainera, Azoka zabaldu egin da azken urteotan. Garai batean Landakora mugatzen zen, baina gaur egun harago doa”.
Aurtengo edizioari dagokionez, berritasun baten berri eman digu: DemaS.A, sortzaile amateurren dema izeneko lehiaketa jarriko dute martxan. Hala, Euskal Herriko film laburren rally eta lehiaketetako finalisten artean hoberena aukeratuko dute.