Azoka bakarra, Azoka asko

durango

Iritsi da euskal kulturaren urteko hitzordu garrantzitsuena. Abenduaren 5ean zabalduko ditu ateak Durangoko 53. Azokak. Hilaren 9ra arte, aniztasuna aldarrikatuko du, DA! asko dira lelopean. Eñaut Mitxelena.

“Euskal kultura oparoa eta aberatsa da, eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua...”. Halaxe mintzatu zen, aurtengo Azokaren leloa aurkezteko ekitaldian, Gerediaga elkartearen presidente Nerea Mujika. Zabala da Azoka, eta Azoka bakarrak Azoka asko barneratzen ditu aldi berean. Azoka antolatzen duen elkartearen presidentearen hitzetan, “Azoka bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuek abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri, eta beste hainbatek sentitu”.
Askotariko bizipenak, askotarikoa den lurraldean. Metro gutxian topa daitezke idazle ospetsua eta hasiberria, sortzaile tradizionala eta garaikidea, minoritarioa eta komertziala... guztiak ere euskarazko sorkuntzari gorputza eta forma ematen.
Dibertsitate hori ezin hobeto erakusten dute aurtengo Azokako zenbakiek bai kopuruei bai nolakotasunari dagokienez: 158 parte-hartzaile (argitaletxeak, diskoetxeak, banatzaileak, elkarteak, erakundeak... eta 17 autoekoizle), 247 stand, eta 439 nobedade: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 produktu (jokoak, jolasak, egutegiak...). Landako erakustazokak bilduko ditu horiek guztiak. Aniztasuna, ordea, ez du Landako erakustazokak zedarrituko: Durangoko Azoka osatzen duten guneetan, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira bost egunez. Ugaritasuna eta dibertsitatea Azoka bakarrean, Azoka askotan.

Etorri AEK-AIZU!ren txokora!

Aurten ere, AEK eta AIZU! Azokan izango dira, Goienkaleko 70.enean. AIZU!ren abenduko zenbakiaz gain, urteko harpidetza merkeago egin ahal izango da. Horrez gain, Korrika laguntzaile egiteko parada izanen da. AEKren material didaktikoa ere eskuragai egongo da; esaterako, Primeran! B1 material didaktikoak eskaintza berezia izango du: ikaslearen liburua, lan koadernoa eta DVDa batera erosi eta 5 ale baino gehiago eskuratuz gero, % 25eko beherapena ale bakoitzeko; irakaslearen liburuari dagokionez, % 25 merkeago izango da (eskaintza bera balia daiteke www.aek.eus gunean erosiz gero).

Non gogoa, han gunea

Azoka baino gehiago da Durangoko Azoka. Herri osoan barreiatuta, Kulturaren Plaza bilakatzen du Azokak Durango herria. Kulturaren Plaza horretan, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira Azoka osatzen duten guneetan.
Azoka bakarrak Azoka asko biltzen dituen moduan, plaza bakarrak plaza ugari ditu. Azoka osatzen duten zortzi guneek eskaintza oparo eta askotarikoa prestatu dute Azoka egunetarako.
Aldizkari honetan bertan (14., 15., 16. eta 17. orrialdeetan) Kabi@ren, Saguganbararen eta Irudienearen arduradunen ahotik ezagutu ditugu hiru gune horien aurtengo ildo nagusiak. Beste guneetan ere izango da zer ikusi eta egin. Ahotsenean, esaterako, 70 kontzertu eta 42 aurkezpen eskainiko dituzte. Kontzertuei dagokienez, musikari hasiberriek nahiz ibilbide luzea dutenek eskainiko dituzte: Ertzak, Rolan Garces, Zizel, Maddi, Xabi Bandini, Hesian, Gatibu, Izaki Gardenak, Iker Lauroba, EraBatera... Solasaldi moduan egingo diren aurkezpenetan, berriz, idazleak nagusi: Pako Aristi, Alaine Agirre, Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Katixa Agirre... Bertsolaritzak eta komikiek ere lekua izango dute.
Areto Nagusian ere Azokan parte hartuko duten sortzaile, erakunde, eragile eta bestelakoen aurkezpenak egingo dira, Gogoetaren Plazako solasaldi eta mahai-inguruekin batera. Sormena eta gurasotasuna, kultur transmisioa eskolan eta 68ko belaunaldia eta beste izango dituzte hizpide hitzordu horietan.
Szenatokian, ostera, arte eszenikoen eskaintza zabala izango da. Hikaren Txarriboda, Atx Teatroaren Tomiris, Benetan Be taldearen Inondik inora... Adin guztietarako lanak izango dira ikusgai San Agustin Kulturgunean.
Bestelako oholtza izango da Plateruena. Landakoko eta gainerako guneetako ateak itxi ondoren, Azokako giroaz gozatzeko aukera emango du Plateruena Kafe Antzokiak, bost kontzerturen bitartez: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador. Gainera, aurten, estreinakoz, Hautsi Bolumena musika saioa egingo dute, eguerdiro, Azoka TBrekin elkarlanean.
Berritasun gehiago badakartza urteon Azoka TBk. Ibiltaria izango da, eta Azokako guneetan gertatzen dena ere jasoko du, guneekin elkarlanean propio sorturiko edukien bidez. Edukiok Azokaren webgunean ikusi ahal izango dira, nahieran, baita hainbat euskarazko tokiko telebistatan ere.
Beste ekimen berri bat izango du Durangoko Azokak oraingoan: Durangoko Azokako Sormen Beka. Orain arte, Argizaiola saria eman izan diete urtero kultur eremuan nabarmendutakoei. Bada, aurrerantzean, aipatu beka emango diote sortzaile berriren bati, euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik bukaerara arte garatzen laguntzeko. Aurten, literatura oinarri duen proiektu batek jasoko du (deialdira aurkezturiko 28 egitasmoen artean hautatua). Abenduaren 6an jakinaraziko dute proiektu irabazlea, eta datorren urteko Azokan aurkeztuko dute.
Horiek guztiak Azokak bost egunez eskainiko dituenen zertzelada apur batzuk. Denak ezin hemen aletu, beraz, Azokaren webgunera jotzea onena: www.durangokoazoka.eus.

Artea loratuko da Euskal Dendan

Azokak iraun bitartean izango da zabalik Euskal Denda, Azokaren parte izan gabe ere Azoka egunetatik bereizi ezinezko artisautza azoka. Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkarteak antolatua, 23. edizioa izango du aurtengoa. Artea loratzen leloarekin, artisauen lan onari egingo dio keinu, “beren lana artearen mailara eroaten dutelako”. Aurten, guztira, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroako 52 artisauren lanak ikusi ahal izango dira. Gainera, ohi bezala, artisauak lanean bertatik bertara ikusteko aukera egongo da. Horretarako, zuzeneko erakustaldiak eta tailerrak ere antolatuko dituzte, bisitariak artisautza tradizionalean murgil daitezen. “Hainbat sorpresa” ere izango dira. Horrez gain, Zuriñe Agirre artisau gasteiztarra, aurten zendua, omenduko du Euskal Dendak, eta haren zeramika lanak paratuko dituzte ikusgai. Euskal Denda egunero egongo da irekita Udal Merkatu plazan.

durango