Kanarietan lainoak edaten dituzte

hierro

Kanariar uharteetan, ez zuen euri tantarik bota 1948an. Putzuak lehortu egin ziren, lurrak pitzatu, fruta arbolak ihartu, behiak eta ardiak hil. Beste aukerarik gabe, hamabi mila kanariar Venezuelara abiatu ziren, 94 belaontzitan. Hierro irla txikian, ordea, Tadeo Casañasek ideia harrigarria izan zuen egarria asetzeko: lainoak jeztea. Ander Izagirre

Gaztetan, etxola bat eraiki nuen mendian, ehizara joateko” kontatu zigun Casañasek bere etxeko sofan, 97 urte betetzeko zorian. “Etxolaren teilatu gisa, txilarrak jarri nituen. Gau batean, esnatu egin nintzen, tantak burura erortzen ari zitzaizkidalako. Lainoa zen, txilarretan kondentsatuta tantaka”.
Burutazio bat izan zuen orduan: agabe landarearen hosto luze eta gogorrekin ubide bat moldatu, eta tantak uharka txiki batera bideratu zituen. Kanal bat egin zuen ondoren, ura Tiñor herriraino jaisteko, baita zurrusta oparoa lortu ere: minuturo 14 litrora bitarte.
Tadeok auzotarrak salbatu zituen, baina behin eta berriz esaten zuen berak ez zuela ezer asmatu, hodeiak behatu eta liburuak irakurri besterik ez zuela egin: “‘Hierroko jakintsua’ esaten didate, baina ezjakin galanta naiz! Ez nintzen ia eskolara joan, baina oso irakurlea izan naiz beti. On Kixote askotan irakurri nuen, historia liburuak ere bai. Banekien binbatxeek lainoari ura ateratzen ziotela”.
Zuhaitz magikoa
Binbatxeak Hierroko aborigenak ziren. Esploratzaile normandiarrek, XV. mendean iritsi zirenean, binbatxeek zuhaitz bitxi bat zeukatela idatzi zuten: “Arratsaldero, zuhaitz horren gainean hodei zuri bat jartzen da, eta hostoetatik behera ura isurtzen du. Biztanle guztiek eta ganaduak edateko nahikoa ematen du”. Zuhaitzari garoe esaten zioten, eta oinarrian biltegiak zulatzen zituzten, ura jasotzeko. Europar askori fantasia hutsa iruditu zitzaion kontu hura.
Alabaina, ez zen magia, ez zen kondaira. Fisika zen, erraza eta ederra: alisio haize hezeek Hierroko iparraldea jotzen dute, hezetasuna mendian gora igotzen da, eta hodei trinkoak pilatu egiten dira. Garoe arbola ospetsua leku egokian hazten da: mila metroko altueran, Tigulateko sakanaren goiko aldean, lainoak iristen diren puntuan. Enbor lirain eta adaburu zabaleko zuhaitza da, lainoa harrapatzeko oso egokia; adarretan kondentsatu, eta tantak askatzen ditu. Zuhaitza blai dago beti, goroldioak estalita, lur heze, bigun eta usaintsuan errotuta. Oinarrian, binbatxeek zulatutako uraskak ikus daitezke, hiru edo lau metroko sakonerakoak, zeinak zuhaitz miragarriaren ura jasotzen jarraitzen duten.
Egarria, ondorio politikoa
Hierro ez da lurralde lehorra. Mendialdean, Iruñean edo Gasteizen bezainbeste euri botatzen du. Baina uharte bolkaniko gaztea da, trinkotu gabeko harkaitzez osatua, eta euri ura irla azpira iragazten da zirrikituetatik. Ez dago errekarik, ez dago aintzirarik, baina nahikoa litzateke putzuak zulatzea akuiferoetatik ura erruz ateratzeko.
Carlos Santiago Martin geografoak dio egarria kontu politikoa dela. Lur jabe handiek uharteko putzuak kontrolatzen zituzten, aziendari edaten emateko, soroak ureztatzeko eta, batzuetan, nekazari pobreei saltzeko. Jauntxoek inoiz ez zuten nahi izan teknologia hidraulikoetan inbertsiorik egin, eta ura lortzeko lan publikoei eragozpenak jarri zizkieten. “Uraren jabegoa botere tresna indartsua da” idatzi zuen Martinek. XX. mendearen azken zatira arte, Hierroko biztanleek aspaldiko metodoak besterik ez zuten ura pilatzeko, enbor handien zuloetan, mendiko urasketan, etxeko patioetan. Hala, urte lehorra zenean...
Timijiraqueko iturriraino jaitsi behar genuen. Itsasertzean dago iturria, herritik mila metro beherago. Jaitsi, txanbila bete, eta gora berriz. Goiz osoa behar genuen horretarako” esan zigun emakume zahar batek Casa Goyo tabernan, Tadeo Casañasen etxearen alboan.
Laino ura botilan
Orain, Kanarietan gai dira lainoetatik milaka litro ur jasotzeko, asmakuntza sinple bati esker. Garoe zuhaitzetik oso gertu, aluminiozko sei laukizuzen berde ageri dira, dominoko sei fitxa balira bezala, lau metroko altuerakoak. Sareetan bilduta daude. Theo Hernando ingeniari tenerifetarrak asmatu zituen harrapagailuok, haizeak dakarren lainoa sareetan kondentsatzeko. Gailu horietako batekin, egunean 1.350 litro ere bildu izan dituzte.
Soroak ureztatzeko edo suteen kontra, mendiko biltegietan ura pilatzeko balio dute harrapagailuek. Gizakiok edateko ura ere hasi dira ekoizten, eta Garoe izena eman diote. Hodeietatik zuzenean jasotakoa denez, oso mineral gutxi dauzka, eta egokia da tea edo kafea prestatzeko, jatorrizko zaporeei ez dielako ia ezer gehitzen. Etorkizunean, garagardoa, gina, whiskia eta vodka ere ekoitzi nahi dituzte.
Teknologia erraza eta merkea da, ez du energiarik behar, ez du hondakinik sortzen, eta ez ditu baliabide hidrikoak agortzen. Azalera txikitan, edateko moduko milaka litro ur lor daitezke egunean; alta, “baratze hidrikoak” egiteko, azterketak behar dira, lainoen mapa bat, harrapagailu gehiago fabrikatzeko finantzaketa eta leku aproposetan ezartzeko baimenak. Lainoak hortxe daude.
Nik ez nuen ezer asmatu” esan zigun Tadeo Casañasek. “Milioiak xahutzen dituzte ura alde batetik bestera eramateko, eta, bitartean, mendietan laino ura galtzen ari da, gugana erraz ekar daitekeen ura! Mendian, betileek ere ura sortzen dute, lainoak jotzen dituenean. Jaso besterik ez dago”.