Egin Klika, aukeratu euskara!

korrika

21. Korrikak Gares eta Gasteiz lotuko ditu, 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean, bidean bi mila kilometro baino gehiago egin ostean. Klika egitera gonbidatuko gaitu, euskara aukeratzera, bere garaian Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik egin zuen bezala. Horrexegatik omenduko du 21. Korrikak, euskara batuaren 50. urteurrena ospatu berritan. M. Egimendi.

AEK-k pasa den hilean aurkeztu zuen 21. Korrika, Donostiako San Telmo Museoan. Honela  azaldu zuen Korrikaren arduradun Asier Amondok lekukoak Euskal Herrian zabalduko duen mezua: “Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea”. “Konpromisoak hartzeko garaia” dela dio 21. Korrikaren mezuak: “Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari”.
AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz. Mundu horretara gonbidatu nahi ditu euskal herritarrak, 21. Korrikaren bidez gutako bakoitzarengan klikatuz, etorkizunera salto egiteko. Euskarak hurrengo fasea klikatu du: ekintzarena eta konpromisoarena, euskara unibertsal bihurtzeko. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude, orain da aktibatzeko eta erabakiak hartzeko unea; beraz, egin klika, egin euskaraz!

Klika da konpromisoa. Klika da aukera, hautua egitea.
Klika euskara. Klika ikastea, erabiltzea, jauzi egitea.
Klika etorkizuna, beste aro bat, Euskal Herria.
Klika nigan, klika zugan, klika gugan.
Klikatu euskara gozoa, urrut hikimilikiliklik!
Klika soinuaz, dantzatu euskaraz.
Klika ahobizi edo klika belarriprest.
Klika edateko, elikatzeko, hazteko.
Klika gure aukera. Klika AEK. Klika Korrika.

Omendua, Txillardegi

Euskara batuaren 50. urteurrena ospatu berritan, 21. Korrikak Txillardegi omenduko du, “euskaldunon eta euskararen historian egindako gauzarik inportanteena  berari zor diogulako, ziur aski: euskara batua, estandarra, sortu izana”. Txillardegik literaturan, ikerkuntzan, irakaskuntzan, euskalgintzan... utzitako ondarea handia da. Bere sasoian, klika egin zien euskarari eta herriari, kezka nagusi zuelako herriak hizkuntza beharrezkoa duela aldarrikatzea, Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela, alegia.
Txillardegik irmotasunez nabarmendu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. Euskaltzain urgazlea zen 1957tik, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari mailan aski eta sobera merezimendu izan arren. 1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazleei eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago plazaratu zen hartutako erabakiak biltzen zituen txostena, eta hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an osatutako txostenaren (euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen da) aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea izan zen Txillardegi.


Korrika abestia lau haizetara

Fermin Muguruzak ekoitzi, idatzi eta abestu du 21. Korrikaren kanta, Mad Muaselekin eta La Furiarekin batera. Musika konposatzeko, berriz, Chalart58 izan du lagun, eta Peïo Duhalde txistu eta danbolinarekin.

Klika Korrika 2019
Heldu da guztion andereñoa
adi, adi, pasatuko dut zerrenda
je suis Mad Mua Sel ohlala!
Faty faty den soinua zabaltzen dut mundura

Guztiok bat egitea ezinbestekoa
bakoitzaren nortasuna errespetatzea
motorrak arrankatzeko momentuko aukera
gurea, herrikoa, KO RRI KA

Tipi tapa tipi tapa lortzen merezi duguna
martxan jartzen hasteko egin zazu KLIKA
ez dugu presarik helburua argi dago eta.
Pausuz pausu, gure erritmora!

Gure erritmora
nire, zure, gure erritmora
KLIKA KORRIKA KLIKA
GURE ERRITMORA
KLIKA KORRIKA KLIKA
KORRIKA!

Jai giroa, bero beroa
Orain oraingoa gero gerokoa
Oreka ez galtzeko oinarri sendoa
Hauxe da gure leloa:
PO-PO- PO- SIBLEA DA KLIKA ALDATZEA
elkarren artean konektatzea
Pra- pra- praktikatzea
euskara gure artean bizitzea

Lan ta lan, banaka, taldean
Aukeratu zure lekua bidean
Herriaren arnasa sentitzen da
Korrika datorrenean

Zu gabe, zu gabe, hau ez da posible
orain gaur eta hemen dena da POSIBLE 

Gure erritmora
nire, zure, gure erritmora
KLIKA KORRIKA KLIKA
GURE ERRITMORA
KLIKA KORRIKA KLIKA
KORRIKA!
Klika, klika!
Altxa ezkerreko besoa
Klika, klika!
Orain altxa eskubikoa
Klika, klika!                    
Antenak ditugu piztuta
Klika, klika!                    
Gure sarea doa korrika

Klika, klika!
Euskal planeta ari da dantzan
Klika, klika!
Betikoak ari dira guri sermoika
Klika, klika!
Euskaraz egingo diet zirika
Klika, klika!
Ikimilikiliklik…a!!!
Suaren erritmora, hitzari bide eman
arbasoen dantzak, kulturaren gorputzean
Kantauriko brisa, Bardetako ziertzoa
Gure Borrokan tinko jarraitzeko hauspoa
Pista argituko duen metxa piztu dadila
Herri feminista eta askearen alde Klika

Lekukoa neskatxari emango dioten,
Amamek ahotsa altxatu dezatela ozen,
Aterpea sentitzeko,
komunikatzen den herri bat ez da inoiz zatituko.

Erriberatik la Furia banator korrika
Batu gaitezen guztiok arma tiro Klika!

Gure erritmora
Nire, zure, gure erritmora
KLIKA KORRIKA KLIKA
GURE ERRITMORA
KLIKA KORRIKA KLIKA
KORRIKA!