Apustuen izurritea, kontrolik gabe hedatzen

apustua

Apustu etxeen izurritea zabalduz doa, etenik gabe, munduan zehar. Euskal Herrian, motelago; baina, hala ere, gero eta establezimendu gehiago ari dira irekitzen gure herri eta hirietako auzoetan. Milaka pertsona murgiltzen dira jokoaren zurrunbiloan. Ander Aranburu.

 

Jokoaren eta ludopatiaren arteko harremana ezaguna da. Euskal Herrian, apustuak betidanik egon dira errotuak. Horren adibide dira herri kiroletan eta pilotan egin izan diren apustuak, norgehiagoka baten balizko irabazleari begira. Dena den, halako apustuak norgehiagoka horretara mugatzen dira. Joko aretoen logika, berriz, askoz ere kaltegarriagoa da. Izan ere, diru kopuru handiek erakarritako jokalaria memento jakin batean sartzen da jokoan, baina ez daki noiz aterako den. Horri sakelakoaren abantailak gehitu behar zaizkio, egun badaude-eta online apustuak ere; beraz jokalaria une oro egoten da apustuen uhinen mende.
Gizakion psikologia oso konplexua da, baina, hainbat adituk diotenez, saria lor genezakeen uste horrek konpultsiboki apustu egitera bultzatzen gaitu. Apustu egiteko sarbidea, ordea, iraupenerako ezinbesteko osagaian oinarritzen da: dirua. Jokoaren errentagarritasuna irabazi errazaren fantasiaz elikatzen da, nagusiki, eta hori benetan arriskutsua da maiz egiten den zerbait bilakatzen bada.
Nabarmentzekoa da jokoaren espiralaren ondorioak ez direla soilik psikologikoak  (mendekotasun konpultsiboa, isolamendua, familiarengandik urruntzea, antsietatea edo frustrazioa) saria lortu ezean. Galera ekonomikoak ere ugariak dira. Jokalari askok, apustu egiten jarraitzeko diru nahikorik ez baldin badu, beste jokalari batzuei edota ezezagunei eskatzen diete. Ondorioz,  izugarrizko zorrak pilatzen dituzte, eta, horiei aurre egiteko, eta jokatzen jarraitu ahal izateko, azken irtenbidea izaten dute senideei dirua lapurtzea.
Aretoen ugaltzea
Euskal Herrian, joera hau hedatzen ari da, baina, hasieran aipatu bezala, oraindik ez dago beste leku batzuetan bezain errotuta. Estatuan, joko aretoen ugaltzearen adibide paradigmatikoena Madril dugu, erkidego horretako administrazioak emandako erraztasunengatik. 2006an, Esperanza Agirreren gobernuak aurrera ateratako legeei esker, horrelako establezimenduak irekitzeko baldintzak asko lausotu ziren. Hala, apustu etxeen atzean dauden enpresek mugarik eta kontrolik gabe ireki dituzte aretoak, eta auzo bateko kale batean 5 edo 6 joko areto daude bata bestetik oso hurbil.
Eusko Jaurlaritzaren baldintzak zorrotzagoak dira. Horregatik, ez da posible, Madrilen bezala, establezimenduak bata bestetik 5 metrora egotea. Beraz, joko areto gutxiago dago. Halere, aisialdi eredu hau Euskal Herriko gero eta txoko gehiagotara iristen ari da.
Gehienbat langile auzoetan ari dira zabaltzen, eta ez da kasualitatea. Izan ere, apustu etxeen bazka nagusia halakoetan dago. Espainiako Ogasun Ministerioaren mendeko Jokoaren Antolaketarako Zuzendaritzak eginiko ikerketa baten arabera, jokoarekiko mendekotasuna garatzen duen sektoreak profil jakin bat du: 18 eta 43 urte bitarteko gizonezkoa da, diru sarrera apalak ditu, eta ikasketa maila oinarrizkoa. Bestetik, gertakari traumatikoek (gertuko senide baten heriotza, esaterako), langabezian egoteak edota, gazteen kasuan, familiaren egonkortasunik ezak are gehiago bultzatzen ditu apustuen burbuilan sartzera.  
Ikerketen arabera, biztanleriaren sektore hori hiriaren kanpoaldean bizi da, hortxe daude apustu etxeen bezero bihur daitezkeen pertsonak, eta horrexegatik bertan gero eta jokorako establezimendu gehiago. Baliabide gutxi duten norbanakoek dirua erraz eta azkar lortzeko bidetzat jotzen dute, eta, horrela, gurpil zoro horretan erortzeko joera handiagoa izaten dute.
Kezka
Euskal Herrian, apustu etxeen hedapenarekin kezkatuta, hainbat ekimen egin dira, eta beste batzuk martxan daude, fenomeno honen hazkundearen aurka. Esaterako, Gasteizko Judizmendi auzoan, gazte asanbladak behaketa egin zuen bertan irekitako apustu etxeek zer eragin duten aztertzeko. Azpeitian, gaur egun, herritar batzuk protestaka dabiltza irekitzear zegoen joko areto berri baten aurka, ondorio kaltegarriekin kezkatuta. EH Bilduk legez besteko bi proposamen aurkeztu ditu Legebiltzarrean, apustu etxeen gaineko zaintza handitzeko; nerabeak eta gazteak apustuen eromenean ez kateatzeko prebentzio kanpainak indartzea beharrezkotzat ikusten dute, eta mendekotasunaren  inguruko azterketak sei hilean behin egitea ere bai, informazio zehatzagoa edukitzeko. Gasteizko Udalean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozioak aurkeztu dituzte apustu etxeei ematen zaizkien baimenak bertan behera gera daitezen.
Oraindik ez da berandu apustu etxeen izurritearen aurkako txertoa jartzeko, baina gaixotasuna egundoko abiaduran hedatzen ari da, eta gero eta jende gehiago kutsatzen.