“Abokatuek ez diete eskaintzen bezeroei auzitegian euskaraz aritzeko aukera”

biurrun

Garbiñe Biurrun (Tolosa, 1960) ia ziur zegoen elkarrizketa argitaratu bitartean gauza asko gertatuko zirela Espainiako estatuko epailetzan. Egun hartan, Manuel Marchena zen hautagaia Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren presidentea izateko,  baina Biurrunek zalantza zuen: “Ez dakit bera izango den presidentea... Oraindik dena hankaz gora jar dezaketen disparate asko entzun ditzakegu”. Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea da, 2009tik. Prozesuak azkartzea eta euskararen erabilera sustatzea zituen helburu karguaz jabetu zenean. M. Egimendi. Argazkiak: Pablo Gomez Alvarez.

Lortu duzu prozesuak azkartzea?
Orduan krisia hasi berri zegoen. Inork ez zekien zer-nolako tamaina hartuko zuen, ezta 2012ko lan erreformak ere. 2016ra bitartean, auzi kopurua asko handitu zen, lan arloan batez ere, gure arloan. Ondorioz, prozedurak moteldu egin ziren, eta okerrena Bilbon izan zen. Lehengo erritmoa berreskuratzen ari da, baina kostata, epaitegi berri bat jarri arren. Gipuzkoan eta Araban, aldiz, egoera oso txukun dago. Gure aretoan, lurraldeetako lan arloko epaitegiek emandako epaien aurkako helegiteak ebazten ditugu nagusiki. Bada, une jakin batean motelago ibili arren, egun oso egoera onean gaude: EAEn, lan arloko demanda arrunt bat jartzen denetik bigarren epaia eman arte hamar bat hilabete joaten dira.
Eta zein da balantzea euskararen erabilerari dagokionez?
Oso pobrea, ez dakit gauzak nola mugi daitezkeen. Gure makinaria demanda edo salaketa batekin hasten da, baina dena abiatzeko, beharrezkoa da demanda edo salaketa hori euskaraz jartzea. Gaztelaniaz egin arren, epaitegiaren erantzuna elebiduna izaten da, sikiera jendeak jakin dezan baduela aukera euskaraz egiteko; halere, ez da lortzen. Gertatu izan zait itzultzaileak prest edukitzea, pentsatuta epaiketa euskaraz izango zela, eta hitz bat bera ere ez entzutea euskaraz. Garai batean, Donostian nengoenean, lekuko batzuk erosoago sentitzen ziren euskaraz, baina gaur egun, Bilbon, ez dut horrelakorik topatzen. Justizia oraindik oso esparru arrotza da euskararako.
Ez da epaileen kontua bakarrik...
Epaileen arazoa izango litzateke, prozesu osoa euskaraz egin ondoren, epailearengana iritsi, eta horrek euskaraz ez baleki. Orduan antzemango litzateke nolako gabeziak dauden, baina une honetan ez da beharrik sortzen.
Herritarren esku dago?
Bai, baina herritarrek abokatuengana jotzen dutenean, ez diete aukera hori ematen bezeroei. Ez litzateke zaila izango konpromisoa lortzea lan arloan: sindikatuekin adostea, adibidez, hilean jarriko dituzten demanden % 5 euskaraz izatea, ea nola erantzuten duen makinariak...
Badaude justizia arloko langileak euskalduntzeko programak?
Bai, epaile batzuk joaten dira ikastera, eta fiskalen bat ere joango da, baita pertsonal administratiboa ere, baina ez goaz harago. Kontua ez da teknikarik eza: nik 30 urte daramatzat eskolak euskaraz ematen Zuzenbide fakultatean. Pentsa zenbat belaunaldik, zenbat abokatuk egiten duten gradua euskaraz! Ni baino askoz ere prestatuago daude horretarako. Are gehiago, gure arlokoak oso demanda sinpleak dira, baina...
Nork sustatu beharko luke euskararen erabilera?
Sindikatuak, adibidez, zergatik ez dira saiatzen benetako konpromisoa hartzen? Errazagoa izango litzateke enpresa jakinen aurkakoak ez diren auziekin, adibidez, Gizarte Segurantzaren Institutuaren aurkakoekin edo. Horrelako erakundeentzat askoz errazagoa da abokatu euskaldunak edukitzea epaiketak euskaraz egiteko.
Ez dakienarentzat, euskara ikasteko bi arrazoi?
Lehenengo arrazoia da ikasi ahal dela. Bigarrena, aukera handiak ematen dizkizula. Nik, txikitan etxean euskaraz egin arren, gero ia erabat galdu nuen. Baina ezinbesteko helburu bihurtu zitzaidan euskaraz hitz egitea, eta 17 urterekin hasi nintzen berriro ikasten. Euskaraz jakinda, beste pertsona bat naizela sentitzen dut, ez hobea, ez txarragoa, baina beste pertsona bat, euskaraz bizi naizelako eta eremu pertsonaleko hainbat harreman euskaraz egiten ditudalako. Horrek aberastu egiten du norberaren bizitza.
Epaileak ere greban. Zer eskatzen duzue?
Batetik, eskaera materialak, informatizazio prozesua azkartzea eta sendotzea, esaterako. Bestetik, nire ustez garrantzitsuena, justiziaren independentzia bermatzea. Hori aspaldiko eskaera da. Orain, ezinbestekoa. Ez dakit egin dezaketenek ondo ulertuko duten, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren hautaketan ikusten ari garen espektakulua markakoa izaten ari da... (PPren eta PSOEren arteko akordioaren ondoren eta Marchenaren dimisioaren aurretik esana). Grecok (Grupo de Estados Contra la Corrupción) emandako datuen arabera, gizarte espainiarrak oso eskas ikusten du justiziaren independentzia, 23. lekuan Europako 28 herrialdeen artean. Epaileek, berriz, are okerrago, azken postuan ikusten baitute. Justiziak sinesgarritasuna oso denbora gutxian galdu du. Ematen zuen egoera ezin zela gehiago okertu, baina...
Norena da ardura?
Une honetan, alderdi politikoena; eta hainbat erabakik ere eragina izan dute. Errua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarena ere bada, oraindik ere ez baitago merezimendu baremaziorik kargu izendapenak egiteko; ikaragarria da. Halere, justizia epaitegi arruntetan jendeak oso ondo egiten du lan, seriotasun handiz. Goi mailetan dago arazoa.
Lanean sufritu duzu bazterketarik emakumea izateagatik?
Oro har, ez, ez naiz inoiz horren kontziente izan. Arlo publikoa da, eta oposizio bitartez iristen zara. Merezimenduak kontuan hartzen dira, askoz ere objektiboagoa da dena. Horregatik daude gaur egun horrenbeste emakume, karrera judizialean % 60 andrazkoa da, baina goi mailetan gizonezkoak ikusten dira, beste arlo batzuetan bezala. Ez da egon orain arte hori nolabait zuzentzeko sentsibilitaterik, baina buelta ematen hasi zaio. Gainerakoan, edozein lanbidetan edukiko nituzkeen arazoak izan ditut. Ama garenok badakigu zein diren zailtasunak, lanak bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu egiten direlako. Erantzun behar dugu etxerik edo umerik edukiko ez bagenu bezala, eta, aldi berean, etxean egoteko eskatzen zaigu, kanpoan lanik egingo ez bagenu bezala.
Zerk edo nork huts egiten du gizonezkoek hainbeste emakume hiltzeko XXI. mendean?
Justizia beti iristen da berandu, baina hori da bere papera, gauzak gertatu ostean jartzen da martxan. Halere, aurreneko salaketa jarri ondoren, batzuetan justiziak huts egiten du arriskua neurtzeko orduan, botere judizialean badauzkagulako kalean dauden zer edo tik horiek. Sexu askatasunaren aurkako edota genero indarkeria delituetan, askotan emakumearen kontakizuna zalantzan jartzen da, nolabait. Beste delituetan, aldiz, ez: norbaitek salatzen badu diru zorroa lapurtu diotela eta bertan 200 € zituela, inork ez du zalantzan jartzen. Horregatik esaten dugu genero ikuspegitik ere aztertu eta epaitu behar direla delitu horiek. Bestalde, ez dut uste momentu honetan huts egite hori justiziari bakarrik leporatu ahal zaionik, justizia mekanismoaren piezetako bat baino ez delako. Justiziak beste bitarteko batzuk behar ditu (aholkularitza psikologikoa, aholkularitza poliziala eta abar) emakumea babestuko duen erantzun egokia emateko. Erantzun hori izan daiteke urruntze agindua edo behin-behineko espetxealdia, hori ere neurtu egin behar da. Erasoa errepikatzeko arriskua zer-nolakoa den aztertu egin behar da, baina epaileok ez gara horretan adituak, tresna asko falta zaizkigu. Sistema osoa indartu behar da, eta noski, aurrena, hezkuntza eta beste guztia.
Espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren alde ala kontra zaude?
Erabat kontra. Preso batek itxaropen gutxi badu ateratzeko, birgizarteratzea ezinezkoa bihurtzen da, zentzua galtzen du. Presoak bere ingurunera noiz itzuliko den jakin behar du, egun ia zehatza. Horretarako aukerarik ez badago ia, Konstituzioaren helburua ere ezin da bete, espetxe zigorrak presoa birgizarteratzeko xedea duela baitio. Zigorra 25 urteko epean berrikusiko da, baina psikologoek diote 15-20 urtez kartzelan egonda, pertsonaren egitura mentalak desegin egiten direla. Azken batean, pertsonak askeak izateko jaio gara, erabakiak hartzeko, baina espetxean ez dago inolako askatasunik. Presoak ezin du kalera atera, baina barruan ere dena dauka neurtuta eta erabakita.
Eta nola neurtu delitua errepikatzeko egon daitekeen arriskua?
Espetxeetan badaude talde teknikoak arrisku hori aztertzeko eta zehazteko. Ez dakit zer egin daitekeen delitua errepikatuko lukeen batekin, baina kalean jende asko dago edonoiz delitua egin dezakeena. Teoria horren arabera, azterketa mundu guztiari egin beharko genioke, eta pentsatu beharko genuke zer egin arriskua eduki dezaketenekin. Aukera handiak badaude delitua egiteko, ezin kalean utzi, ezta? Bitarteko gehiago jarri beharko litzateke benetako birgizarteratzea lortzeko. Presoak egunak joan eta egunak etorri ezer egin gabe badaude, orduak eta urteak beren burua eta askatasuna landu gabe, gero eta aukera gutxiago edukiko dute txukun birgizarteratzeko.

Kolkotik  

Zerk alaitzen dizu eguna?
Eguzkiak eta koloreek.
Epailea ez bazina, zer?
Gustatuko litzaidake margotzea, edo lorategi batean lan egitea. Baita sukaldaria ere.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Munduan ez dela inor hilko gosez edo Mendebaldean senda daitezkeen gaixotasunez.
Zerk ematen dizu lotsa?
Entzuten ditudan gauza askok ematen didate auzo lotsa.
Bizitzako plazer txiki bat?
Hondartzan etzanda egotea, lagunekin ardo bat hartzea, musika entzutera joatea...
Larunbat gauerako planik onena?
Ohera joaten naiz goiz, irakurtzera.
Euskaraldian parte hartu duzu?
Bai, ahobizi izan naiz.
Oporretan irakurtzeko liburu bat?
Adibidez, Almudena Grandesen edozein.
Musikari bat?
Glaukoma eta Imanol.
Euskal film bat?
Ez naiz ia zinemara joaten. Berreskuratu egin behar dut, oso zalea bainintzen.
Zer eskatu diozu Olentzerori?
Ezer ez, neuk egiten dut behar dudana.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Neure burua: batzuetan, oso alai eta ondo; beste batzuetan, zimurrak baino ez. Ez zait inporta, baina gero eta kontzienteagoa naiz adinaz, ispiluak gogorarazten dit.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Arrautzak, gazta eta letxuga beti egoten dira, normalean.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Ibili, eta nobelak irakurri.
Nor da zuretzat heroia?
Adibidez, Manuel Elkin Patarroyo. Miresgarria iruditzen zaizkit bera eta islatzen duena.
Zerk ematen dizu beldurra?
Batzuetan, neure etorkizunak eta ingurukoenak. Horrek bakarrik.
Eta amorrua?
Gauza askok, zoritxarrez. Egunero entzuten ditudan zentzurik gabeko disparateek, adibidez, eta pentsatzeak norbaitek, gainera, sinetsi egingo dituela.
Bi hitzetan, nolakoa da Garbiñe Biurrun?
Batetik, oso normala. Bestetik, nire bertute eta akatsik handienak gauza bera dira: arduratsuegia naiz.