‘Argiaren hautsa’, bizitzaren aldarria zahar etxean

vaiven

Manuel eta Milagros, 90 bat urtekoak biak, zaharren egoitza batean bizi dira. Heriotzaren zain dago Manuel zakar eta isila; Milagros, aldiz, bizipozez beteriko emakumea da. Izaera antagonistak izan arren, elkarrekin maiteminduko dira. Harreman horren bitartez, bizitzaren eta azken aukeren aldarrikapena egiten du Vaiven konpainiaren Argiaren hautsa antzezlanak, azaroan estreinatuak. Luis Elizetxeak idatziriko testuan oinarrituta (2016an, Donostia Hiria saria irabazi zuen, euskarazko antzerkiaren sailean), Vaivenek moldatu, eta antzezlana Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean taularatu dute, zinema klasikoaren eta komikigintzaren arteko lengoaiaz. Mikel Laskurain eta Miren Gojenola aktoreak dira Manuel eta Milagros, hurrenez hurren, eta, haiekin batera, Ander Iruretagoienak eta Ane Salvadorrek parte hartzen dute lanean. Estreinaldiaren ostean, Santurtzin ikusi ahal izango da, otsailaren 21ean, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritan, udaberrian: Hondarribia, Andoain, Gernika, Barakaldo, Zarautz, Donostia, Sestao...


tantakaAZAROAREN 15ean hasi zituen emankizunak Tantaka TV (www.tantaka.tv) online telebistak, Mugarik Gabe, Euskadi-Cuba eta Paz con Dignidad elkarteek beste zenbait talde eta kolektiborekin batera sorturiko hedabide “sozial, alternatibo eta kritikoak”. Gizarte gaiak jorratuko ditu, besteak beste feminismoarekin, migrazioekin, ekologismoarekin, aniztasunarekin edota manipulazio informatiboarekin loturikoak, “ikuspegi kritiko, ausart eta askeaz beti”. Umoreari eta kulturari ere egingo diete leku. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira zenbait saio, eta euskara hutsean beste zenbait; izan ere, sustatzaileen asmoa da edukien erdiak, gutxienez, euskaraz izatea. Zazpi saiorekin hasi ditu emanaldiak Tantaka TV-k, baina, pixkanaka, eskaintza ugarituko du. Hala, urtarrilean 16 saio izatea aurreikusi dute.

 

 

 

 

 

LABURREAN

DENIS DESPEYROUXEN Garai zekenak antzezlanaren moldaketa izango da ikusgai, Bilboko Arriaga Antzokian, urtarrilaren 24ra arte. Arriaga Antzokiak berak ekoitzi du obra, zeina, era berean, Henrik Ibsen dramaturgoaren Hedda Gabler lanean oinarrituta dagoen. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak osatu ditu Arriagak, eta biak daude Raul Cancelok zuzenduta. Nerea Llorentek euskaratu du testua, eta Miren Gaztañaga, Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritz Rodriguez eta Pako Revueltas ari dira aktore lanean. Antzezlan berezia izango da, oholtza gainean barik antzokiko zenbait eremutan eskainiko dutelako. Azaroaren 27an estreinatu zuten euskarazko moldaketa, eta, urtarrilaren 24ra arte, 12 emanaldi eskainiko dituzte.

mendifilmABENDUAREN 7tik 16ra izango da Bilbao Mendi Film Festival 11. Nazioarteko Mendiko Zinemaldia. Aurten, guztira, 57 film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Lehiatik at ere beste zenbait emanaldi eta ekitaldi izango dira, hitzaldiak eta mahai-inguruak, besteak beste. Era berean, Juanjo San Sebastian mendizaleari WOP Fundazioa saria emango diote. Egitarau osoa mendifilmfestival.com atarian dago kontsultagai.