Pozitia copilului

madrehijo

Zuzendaria: Calin Peter Netzer. Gidoia: Calin Peter Netzer, Razvan Radulescu. Aktoreak: Luminita Gheorghiu, Bogdan Dumitrache, Florin Zamfirescu, Natsa Raab. Errumania, 2013.

Istorioa: Auto istripu batean, 30 urte pasatxoko mutilak haur bat hilko du. Semea kartzelan sartu ez dezaten, bereak eta bi egingo ditu haren amak, goi mailako klaseko arkitekto errumaniarrak.
Sariak: Azken urteotan Errumaniatik ailegatutako lan bakanei harrera ona egin zaie, eta, oro har, kritikaren oniritzia jaso izan dute. Pozitia copilului-rekin ere antzera gertatu da, horren erakusle iaz Berlingo Zinema Jaialdian eskuratutako saria: Film Onenaren Urrezko Hartza eman zioten Netzerren lanari.
Onena: Auto istripua oinarri, egungo Errumaniako ustelkeriaren eta dirudun eta boteretsuen arteko mesede trukaketaren eremu lohiei erreparatuko zaiela dirudi hasiera batean, baina filmaren ardatza amaren eta semearen arteko harreman zaila da. Zuzendariaren hitzetan, harreman “patologikoa”. Norberak erabaki dezala nola deitu bien arteko lotura gatazkatsuari, drama gogor bezain sendoa ikusi ostean. Sendotasun horretan, zerikusi handia du Luminita Gheorghiuk egindako lan apartak.
Txarrena: Atsedenik ez ikusleari. Itogarritik badu istorioak, baita kontatzeko erak ere.

Eñaut Mitxelena