Dogman

dogman

Zuzendaria: Matteo Garrone. Aktoreak: Marcello Fonte, Edoardo Pesce, Adamo Dionisi, Alida Baldari Calabria. Italia, 2018.

Istorioa: Erromako aldirietan, txakurren ile-apaindegi baten jabea da Marcello. Ondo moldatzen da auzokoekin, baina harreman berezia du Simoncino boxeolari ohiarekin. Morrosko gizatxarra da Simoncino: kokainazale sudurbizia eta gaizkile biolentoa; auzo osoa beldurtuta edukitzeaz gain, nahieran erabiltzen du Marcello.
Historia: 1988an Erroman gertaturiko krimen bat hartu du oinarri Garronek filma egiteko. Hilketak oihartzun handia izan zuen Italian. Garronek, baina, ez du kontakizun fidelik egin. Xehetasun odoltsuak saihestu, eta gertakariaren aurrekoari erreparatu dio: protagonisten arteko harremana, hondoak jotako auzoko bizitza...
Onena: Italiako errealitatea(k) kontatzen trebea da Garrone. Giza eta hiri paisaia ilunean murgildu, eta indarkeriaz eta tentsioz beteta eramango gaitu esperotako amaierara, bide krudel eta gupidagabean. Horretan, erabateko eragina dute lokalizazioak eta aktore talde osoak, zoragarri bezain indartsuak biak ere.
Txarrena: Itxaropenari zirrikiturik uzten ez dion filma ikusi ostean, ikusleari uzten dion gorputza. Filmak ituan jo duen seinale.
EƱaut Mitxelena