Xa2

makulu(Makulu Ken)

70eko hamarkadan du jatorria afrobeat musika estiloak, Nigeriako Lagos hiri jendetsu eta gatazkatsuan. Horregatik ote da afrobeat musika, jazzaren edota joruba kulturaren kutsu ukaezina agertzeaz gain, horren likatsua? Mardula grabeetan, erritmo bero zein tematiak ditu afrobeat estiloak. Indarra eta goxotasuna maisuki orekatuz, izerdia dario.
Hiru disko besterik ezin badut gomendatu, derrigorra da estiloaren sortzaileren bat aipatzea, aukeratzea oso zaila bada ere: Fela Kutik 1975ean argitaraturiko Expensive Shit bildumak, alde batean, izen bereko kanta du, eta, bestean, magiaz beteriko Water no get enemy. Estiloak aspaldi zeharkatu zituen Afrikako mugak, eta Brooklyngo Antibalas Afrobeat Orchestra da horren adibide ona: Who is this Amerika? aukera ona izan daiteke taldea ezagutzeko, 2004an plazaratutako zazpi kanta biribilez egindako lan luzea. Bukatzeko, Sira Ba, Montpellierreko Fanga taldeak 2009an kaleratua.