Klasiko bilakatzeko bidean

urdangakNORTASUNA
Kaleko Urdangak
Tough Ain’t Enough Records 2018

Biolentzia 1984 singleaz ari ginenean, azaldu genuen plastiko txiki hura disko luzeagoaren aurrerapena zela, eta LP hori uda ostean argitaratuko zela. Bada, esku artean dugu Nortasuna disko berria, eta esan behar dugu lanak badituela etorkizunean klasiko bilakatzeko ezaugarri guztiak. Dena dago zainduta, baita azken xehetasuna ere: azal dotorea, soinu indartsua, abesti bikainak... Beharbada, azpimarragarriena litzateke Kaleko Urdangak, genero bati -kasu honetan, oi! edo skinhead rock’n’rolla- hertsiki loturiko taldea izanik ere, eta genero horren oinarriak eta ezaugarriak traditzen ez dituen arren, jakin duela klixe horiez guztiez harago joaten eta antzeko taldeetan ohikoak ez diren gaiak jorratzen: baserriaren eta kalearen arteko kontraesana (Nortasuna), amari gorazarrea (Amari) eta abar. Diskoak hamar kantu ditu binilozko bertsioan; CDan, berriz, lau abesti gehiago sartu dituzte, lehenagotik ezagutzen genituenak, baina berriro grabatuta, aurrekoan single batean agertu zirenak.
Gotzon Hermosilla