‘Harian’: Eñaut Elorrieta eta Kaabestri String Ensemble

eñaut

Udazkenean Bilbon, Oñatin eta Donostian izan ondoren, hil honen 23an Hondarribian ikusi eta entzun ahal izango da Harian. Eñaut Elorrietak Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin ondu duen egitasmoa da, zeinak pop doinuak musika klasikoarekin uztartzen dituen. Euskarri fisikorik gabe, sarean jarri dituzte elkarrekin grabatu dituzten lau kantak, baina Elorrietaren beste abesti batzuk ere moldatu dituzte ikuskizunerako, Fernando Velazquezen, Carlos Monforten eta Itoiz taldeko Juan Carlos Perezen laguntzarekin. Óscar Lópezek (biolina), Arkaitz Martínezek (biola), Igor Torrek (biolina), Paloma Torradok (kontrabaxua) eta Jon Larrazek (txeloa) osatzen dute Kaabestri String Ensemble, eta, datorren urtean, Elorrietarekin elkarlanean ikusteko aukera egongo da: otsailaren 1ean, Iruñeko Gaiarre Antzokian; 2an, Santurtziko Serantes kultur aretoan; eta 9an, Lazkaoko Areria aretoan. Harian bira otsailaren 16an bukatuko da, Mungiako Olalde aretoan.


hatortxuHATORTXU ROCK elkartasun jaialdiak 22. edizioa ospatuko du abenduaren 29an, Atarrabiako Entrecementerios gunean, arratsaldeko lauretatik aurrera. Aurtengo kartela, Urak eginen du bide lelopean, hauexek osatuko dute: The Baboon Show (punk, garage eta powerpop nahastea dakarren talde suediarra lehenengo aldiz egongo da Hatortxun), Non Servium, Auxili, McOnak (Gure naufragioak lan berria aurkeztuko du), Iruñerria Jamaica Clash (taldearen bigarren urtebetetzea dela eta, doinu tropikalez eta hainbat sorpresa zein kolaborazioz betetako show bakar bat eskainiko dute Hatortxun), Talco, Des-Kontrol, Kaleko Urdangak, Zartako-K, Belako eta Mafalda. Sarrerak Interneten eta ohiko saltokietan eskura daitezke. Aurretik erosita, 18 euroko prezioa dute; egunean bertan erosita, berriz, 23 eurokoa.

 

 

 

 

antipodetanANTIPODETAN
EraBatera
Autoekoizpena, 2018

Gatibu taldeko Gaizka Salazar da proiektu honen bultzatzaile nagusia. Bateria jotzaile bilbotarrak kanta zirriborroak pilatu ditu, pixkanaka, azken urteotan, eta, estudioan grabatzeko unea iritsita, bidaideak bilatu ditu. Horrela batu dira egitasmora Mikel Caballero (Gatibu), Beñat Serna (Ken Zazpi) eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond). Kide horien beste proiektuen oihartzun urrunen bat eduki dezake disko honek, baina bide eta soinu berriak lantzen ditu, oro har. Azken finean, indie-pop lasaitik rock alternatibora doazen bederatzi kanta biltzen dira bertan.

loopROLAN & LOOP ABESTIAK
Rolan Garcés
Gor, 2018

Rolan rock&rollean murgildu izan da beti, Iruñeko zenbait taldetan parte hartuz, baina disko honetan bakarlari datorkigu, folk, country eta blues estiloekin. Doinuetan, batez ere ahotsari eman nahi izan dio garrantzia, instrumentazio xume indartsuak erabiliz. Horretarako, hainbat kolaborazio izan ditu abestien hitzak sortzeko zein moldaketa batzuk egiteko, hala nola Oskar Benasen laguntza. Bederatzi abestiz osatutako lanak inguruneko zein norberaren askatasunaz, gure barneko borrokez eta izan garena izateko ikasi dugunaz hitz egiten du.