Amek ez dute

amekKatixa Agirre
Elkar, 2018

Amek ez dute, zer ez dute? Ez dute ezertarako astirik, ez dute sexu gehiegirik, ez dute elkarrizketa interesgarri askorik, ez dute alderdi anitzeko bizimodurik... zein izango ote, nire artean, eleberri honen izenburu etenaren segida? Izan ere, istorioaz ezer jakin barik hasi nintzen irakurtzen, eta, azkenaldian ez bezala, bereziki izenburuak erakarria izan gabe. Egia esango badut, amatasunaren inguruko ohiko diskurtsoek, eta horren arabera ama direnenek, zeharo aspertzen naute, eskuarki.
Bada, zeu ere horietakoa bazara, alegia, jendarte honetan erroturiko eta zabalduriko amatasun kontzeptu aratz, xalo eta ertzik gabearen jarraitzaileek susmo txarra eta berebiziko asperdura besterik ez badizute eragiten, zorioneko zaude: Agirrek askotariko amak sortu ditu, alderdiz eta kontraesanez josiak (ziurrenik, bere inguruko benetako emakumeei benetan begiratzearen eta entzutearen ondorioz), eta erditzearen/sorkuntzaren osteko ataka ugarien erdi-erdian paratu ditu, ekintzek, ekintzarik ezak eta era guztietako gogoetek osaturiko zurrunbiloan.
Narratzailea, emakume idazle ama dena, ordena kronologikoari jarraiki, besterik ez, emakume ume hiltzaile (hots, ama ohi) bati begira dago, kuriositateak jota, epaiketa batean. Zeuk, berriz, narratzaileari ere jakin-min handiz jarraituko diozu liburu osoan, mamitsuak bezain interesgarriak ditu-eta pentsamenduak, burutazioak, oharrak...
Usoa Alberdi Fernández