‘Erlea’ aldizkariaren 12. zenbakia, azkena

ERLEA

Bederatzi urtean 12 zenbaki, 1.296 orrialde eta 376 artikulu kaleratu ostean, bukatutzat eman du bere ibilbidea Erlea literatur aldizkariak. Azken zenbakia Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruzkoa da, gehienbat, eta euskal akademiaren 100 urteko historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak dakartza: hastapenetako euskaltzainen profilak; gordetako testu batzuk (ETAk euskarari buruz, 1962an); argazki berriak; Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide eta Juan Luis Zabalaren testuak; Txema Larreari eginiko gorazarrea... Andres Urrutia euskaltzain buruaren ustez, egindako ahaleginaren ondorioz “Erlea euskal kulturako erreferenteetako bat” bihurtu da. Aldizkariaren zuzendari Bernardo Atxagaren esanetan, berriz, "aurrera begirako asmoa da Erlearen antologia berezi batzuk argitaratzea”.


aristiROSA ITZULI DA nobela kaleratu du Pako Aristik, Erein argitaletxearekin. Parot doktrina baliogabetzearen ondorioz, 2013an, 25 urte kartzelan igaro dituen eta aske geratu den ETAko militante bat da eleberriko protagonista. Une historiko horretatik abiatuta, thriller politikoa ondu du idazleak, itzulera orok dakarren zirrara gai askorekin zipriztinduz: senitarteko sekretuak, belaunaldien arteko lotura ezkutuak, hitzek errealitatearekin daukaten gatazka, ahanzturaren beharra edo oroitu ezinaren kondena... Amodio istorioak ere badaude tartean, ageri-agerian edota ezkutuan, tabuaren erresuma itsuan. Azken batean, Aristik istorio kolektiboa idatzi du, norbanakoen ilusioek eta sufrimenduek zeharkatzen dutena.

 

 

 

 

 

 

coppiBIBA COPPI
Raul Perez Martinez
Autoekoizpena, 2018

Fausto Coppi paregabearen bizitzan murgildu da oraingoan Perez Martinez, duela urte batzuk Jacques Anquetilen biografia kaleratu ostean. Txirrindulari frantsesari buruzko liburua idaztean egin zuen topo Coppi italiarrarekin, eta hala sortu zitzaion haren biografia idazteko gogoa. Italiarrak, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, bost Giro irabazi zituen, Frantziako bi Tour, Munduko Txapelketa bat... eta mitoa are gehiago hazi zen 40 urterekin hil zelako, malariak jota.

idurreGOSEAK JANAK
Idurre Eskisabel Larrañaga
Susa, 2018

Xalotasunaren galerak eta nortasunaren eraikuntzak ardazten dute egilearen lehen poema liburua. Bizitza, hemen, ahalduntze esperientzia da: nor izateak dakartzan funtsezko galderak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak, deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, konformatzetik. Nola jazotzen zaigun hori guztia mundu honetan, nola baldintzatzen eta eraldatzen gaituen besteekiko harremanak.