Polizia hegalariak

hoverUste dut kontatu dizuedala noizbait: XXI. mendearekin dudan frustraziorik handienetakoa auto hegalariena da. Nire belaunaldikook haurtzaro osoa pasatu genuen entzuten 2.000. urtetik aurrera hiriak auto hegalariz beteko zitzaizkigula... baina dagoeneko 18 urte joan dira  mendez aldatu ginenetik, eta hemen ez dago ez auto hegalaririk ez androiderik ez hainbat planetatako espezieen arteko elkarbizitzarik ez ezer.  Kaka zaharra!
Jainkoari eskerrak, munduan badira Arabiar Emirerriak, non petrolioari esker hainbeste diru pilatzen duten, ezen honezkero ez dakite zertan gastatu: turistentzako uharte artifizialak, estratosferaraino iristen diren eraikinak, aire egokituaz freskatutako hiri eta auzoak basamortuaren erdian... Diruak ahalbide ditzakeen gehiegikeria guztien oso zaleak omen dira munduko txoko horretan.
Ikusi dudan azkena Dubaitik dator. Hango polizia talde bat prestatzen ari da auto hegalaria barik, ‘hoverbike’ edo motor hegalariak gidatzeko. Makina horiek drone erraldoiak dira, eta bi eratan erabil daitezke: drone klasikoen modura, urrutiko aginte baten bidez, edo gidaria gainera igota eta hark gidatuta.
Moto hegalari bakoitzaren prezioa 150.000 euro ingurukoa da, baina, tira, hori ez da eragozpena petrodolarren erresuman. 115 kilo pisatzen dute, gutxi gorabehera, eta lurretik bost metrora altxatzen dira bertikalean, lau errotoreri esker. Oso azkar mugi daitezke, gainera, 96 km orduko abiaduran.
Dubaiko poliziaren arduradunek diote gailu hegalarien erabilera erabat justifikatuta dagoela, “bestela iristeko zailak diren lekuetara azkar eta ondo heltzeko”. Nik esango nuke benetako arrazoia dela beren burua nabarmendu nahia, besterik gabe. Baina, ai! Inbidia apur bat ere ematen didate, e?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/hoverbike
Jatorrizko albistea, ingelesez.

https://labur.eus/autohegalaria
Han eta hemen ere auto hegalariak probatzen ari dira, ez pentsa.

https://labur.eus/taxihegalaria
Dubaikoak honelakoak dira. Motor hegalariekin ez ezik, taxi hegalariekin ere ari dira probak egiten.