Komedia beltza estreinatuko du Vaiven konpainiak

ikusgarri

Umore beltza oinarri, krisi ekonomikoaren “eratorriak” ditu hizpide Vaiven Produkzioak konpainiaren lan berriak, Barre buruaz beste egiteko antzezlanak. Zehazki, jendartean tabutzat hartzen den gaia, suizidioa, jorratzen du, baita giza izaerari buruzko beste hainbat gogoetagai ere. Hala nola, zintzotasuna, bakardadea edota desagertzeko eskubidea. Horretarako, HappyEnd izeneko isilpeko elkartearen gorabeherak izango dira kontagai. Bere buruaz beste egin nahi dutenei laguntza eskaintzen die elkarteak, baina ustez krisi ekonomikoa amaitzen ari dela eta, krisia elkartera ailegatuko da: jada inork ez ditu elkartearen zerbitzuak baliatuko. Iñaki Rikartek zuzendu du Borja Ortiz de Gondrak idatzi eta Ainara Ortegak euskaratutako lana, eta hiru aktore ariko dira haren agindupean: Xabi Donostia, Garbiñe Insausti eta Iñake Irastorza. Antzezlana ekainaren 20an aurkeztuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Hilaren 21ean ere beste emanaldi bat eskainiko dute leku berean.


Hazia eta Berttoli elkarteen ekimenez duela bi urte urruñarrek hasitako lanaren emaitza ikusi ahal izango da ekainean Urruñako Pilota plazan, ekainaren 7an eta 15ean antzeztuko baitituzte Urruñako Kabalkada Zintzarrotsak. Orotara, 200 bat urruñarrek hartuko dute parte Erdi Arotik datorren usaia gorpuzten. Ohi denez, hainbat dantza mota, kantua, bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu. Dantzari dagokionez, 100 bat urruñarrek jardungo dute orotariko dantzak egiten: fandangoa, makila dantza, mazurka, kaskarot dantza... Antzerkian, aldiz, 30 lagun inguruk hartuko dute parte, eta lau gertalditan urruñarren inguruko kontuak izango dituzte hizpide. Ekainaren 7ko ekitaldia 20:30ean izango da, eta hilaren 15ekoa, aldiz, 17:00etan. Kabalkada Zintzarrotsak eginez, Lapurdiko kostaldean aspaldi galduriko ohitura berreskuratuko dute urruñarrek. Izan ere, II. Mundu Gerran debekatuak izan ostean berriro egiten hasi zirenetik, gehienak Lapurdi barnealdean eta Nafarroa Beherean egin izan dira.