“Munduan kokatzeko talaia bat eman dit bertsolaritzak”

egaña

 

 

Andoni Egaña (Zarautz, 1961), Euskal Filologia lizentziaduna, funtzionarioa zen Gasteizen duela 21 urte dena utzi eta bertsotan jardutea erabaki zuenean. Ondo atera zitzaion apustua, irabazitako txapelketa eta sari guztiak lekuko. Entzutetsuenak, 1993, 1997, 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusiak. Duela lau urte, Maialen Lujanbiok lortu zuen zarauztarrari txapelik preziatuena burutik eranztea. Aurten patxada ederrean jarraituko du Barakaldoko finala, beste edozein bertsozalek bezala...M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

 

... ala nostalgiaz?
Nostalgiarik ez. Bertsozale kualifikatu samarra izango naiz, eta sufritu ere egingo dut, oholtzako zortziak lagunak direlako. Final bakarra entzun dut, 1982koa. Orduz geroztik izan diren zazpietan beti egon naiz oholtzan, badut entzuteko gogoa. Sufritu arren, gozatu ere egingo dut.
2009ko finalaren amaieran, aurten BECen aulkiak jarriko zenituela agindu zenuen...
Ipiniko ditut, bai. Aurreko bi finalen bezperan BEC ondoko hotel batean geratu nintzen lotan lagun lehiakideekin afaldu ostean, erantzukizun sentimenduz, han bilduko ziren hamalau mila pertsonek espero zutena emango ote nuen. Pentsatu nuen aurten nahiago nuela aulkiak jarri, gin-tonic batzuk edan eta lo lasai egin!
Nork irabaziko du, zure ustez?
Ez dakit, oraingoz ez dakigu finalistak zein izango diren ere. Elkarrizketa egiten ari garenean, Maialen da bakarra, eta seguru nago saio ona egingo duela, seguru asko oso ona ere bai, azken urteotan plazan daraman progresio, erregulartasun eta maila bikainagatik. Hortik aparte, ezin dut gehiagorik esan: oraingoz faborito nagusia, Maialen. Besterik ez dagoelako, kar-kar!
Hiru ikuskizunetan zabiltza: Bi arreba, Xabier Lizaso pianistarekin; Gabrielen lekua, hainbat aktore eta musikarirekin; eta Kafkaren aulkia, musikari eta idazleekin. Ohiko bertso-saioek erakargarritasuna galdu dute?
Keba! Baina bertsoa oso malgua da. Ikuskizunetan, helburua izaten da hurrengo saioan gauza bera hobetoxeago egitea. Bertsolariarena, aldiz, ahal dela bertso ezberdinak kantatzea, nahiz eta gidoia berbera izan. Esaterako, Gabriel Arestirena Azpeitian egin edo Ondarroan egin, tartean inprobisatzaile bat badago, ez da saio berdina izango. Horrek plus bat ematen dio ikuskizunari.
Bertsolariok beti zabiltzate formula berrien bila, zergatik?
Probatzea da, azken batean, bestelako estimulu batzuei nola erantzuten diegun jakitea. Gainera, ez gabiltza bila: Xabier Lizaso bera etorri zen, eta gauza bera gertatu da beste ikuskizunen antolatzaileekin. Bertsoa oso malgua da, egungo belaunaldientzat, behintzat. Aurrekoek, Amurizak salbu, horrelako gauza gutxi probatu zituzten, baina guk musika egunero entzuten dugu. Ni Aresti eta literaturazalea naiz, eta naturaltzat jotzen dut gauza horiek egitea.
Horrelakoei esker lortu duzue publiko ezberdinarengana heltzea?
Kafkarena hasiberria da, baina Bilboko Bidebarrieta liburutegian Miren Agur Meaberekin egin genuen saiora agertu zen jendea, adibidez, ez zen bertsozalea nagusiki. Xabier Lizasorekin nabilenean, berdin: batzuk bertsozaleak dira, baina beste batzuk musika edo Chopin zaleak. Horiek Xenpelarren berri izaten dute, eta alderantziz. Azken finaletan ikusten ari da kultur sortzaileek, eduki dugun harremanari eta elkar ezagutzari esker, Txapelketa jarraitzen dutela, eta hori positiboa da.
Hori azpimarratu zenuen azken Txapelketan ere. Zer onura dakar?
Batetik, aurrerantzean elkarlanak abian jartzeko aukera, batzuen edo besteen ekimenez. Bestetik, euskararen biziraupena ziurtatzeko, euskal kulturaren sortzaile guztiok ekosistema moduan funtzionatu ahal izatea, gure kultur kontsumoa orkatilen parean dagoelako. Ez dit ezertarako balio bertsolaritza primeran ibiltzeak literatura edota musika ez badoaz hain ondo, ez zait interesatzen. Euskararen eta euskal kulturaren jiran, edo denok bateratsu egiten dugu aurrera, edo honek guztiak ez du zentzu ikaragarririk.
Euskal kultur produkzioa oparoa izan arren, jendeak ez du kontsumitzen. Egia ote da, Espainiako Montoro ministroa gogoan, kalitatea falta dela?
Ez dut uste euskal kulturaren kasuan, oro har, kalitate faltagatik denik. Guztia ez dut segitzen, baina literaturan, musikan, antzerkian... egiten ari diren gauzak kalitatezkoak dira. Zaila da jakitea zergatik ez den kontsumitzen, euskaraz hazitako belaunaldiak dagoeneko bat baino gehiago baitira. Berriak, adibidez, egun duen irakurle kopuruaren bikoitza edo hirukoitza beharko luke. Zergatik ez du? Ez dakit, baina herri honen etorkizunean kezka duen edozein alderdi edota gobernuk indarrak jarri beharko lituzke hori detektatzen eta iraultzen, baina ez da egiten. Diagnosi bat beharko genuke, gutxienez.
Azalpenik ez, beraz...
Egia da globalizazioak sekulako zartada ematen duela. Gure seme-alabak lasai asko bizi litezke euskaraz euskarazko produktuak kontsumitu gabe; hala bizi dira. Eskura jartzen dena errazago kontsumitzen da, eta, beharbada, ez gara oso eskuragarriak. Publizitatea ere hor dago, orain badirudi bertsolaritzak booma bizi duela, baina ez da horrenbesterako. Peñagarikanok irabazi zuen 91ko Gipuzkoako txapelketaren finalean zazpi-zortzi mila lagun zeuden. Duela 22 urte, Gipuzkoako finalean! Baina ez zegoen Internetik, eta zelofana txikiagoa zen derrigorrean. Unai Iturriagaren esaldia da guk zabalpena behar dugula, ez marketina. Izan ere, askotan marketinak errealitatea desitxuratzen du.
Nola hurbildu euskaltegietako ikasleak bertsolaritzara?
Egiten dira saioak, baita maila baxuetan ere, euskaltegi dezentetan. Bertsolaritzak badu leku batean oso bertako bihurtzeko gaitasuna, horrek indarra du. Produktu artistikoaren aldetik, zalantzazkoa izan daiteke, baina ez da hori garrantzitsuena. Kodea zein den baldin badakizu, ez zoaz poema edo narrazio baten bila. Horretarako, beste ildo batzuk daude.
Euskara ikastea merezi du. Besteak beste, bertsoak ulertzeko?
Bai, bertsozaleen emozioa ez da itxura hutsa, egiazkoa da. Testuak agian ez du ikaragarri balio, bertsolariak ez du ikaragarri ondo kantatzen, musikarik ez dago... eta, halere, benetako emozioa sentitzen badut, hor badago zerbait. Bada, zerbait hori euskaraz jakinda baino ezin daiteke ulertu. Itzuliz gero, Maialen ha dicho que..., Egaña ha querido decir que...
Zer da kaltegarriagoa euskararentzat: gaizki hitz egitea ala ez egitea?
Ez egitea. Hizkuntza kontuetan, bikaintasuna ez da bostek primeran egitea, baizik eta askok elkarrekin komunikatzeko hizkuntza bat erabiltzea. Euskara zabaldu egin da bai hiztun kopuruan, bai euskara egiten den lurralde kopuruari dagokionez, baita euskarak hartzen dituen gaiei buruz ere. Hau da, seguru aski gaur egun sekula baino hiztun kopuru handiagoa dago eta, aldi berean, sekula baino euskal lurralde gehiagotan egiten da euskaraz: Balmasedan, Langraizen, Tuteran, Donapaleun, Maulen... Eta gai gara euskaraz edozein gairi buruz hitz egiteko, baita fisika kuantikoaz ere. Problema bakarra fisika kuantikoa ulertzea da. Askok, ordea, fisika kuantikoaz ezer jakin gabe, euskarari botatzen diote errua! Horrelako egoeran normala da degradazioa; gutxi batzuek hitz egingo balute, betiko gaiei buruz, euskara hori kutsugabea litzateke. Baina guk ez dugu euskara horretarako nahi; denok hitz egingo dugun hizkuntza bat nahi dugu, ahalik eta gai gehienen inguruan aritzeko. Halere, degradazio mailak ez du handiegia izan behar, hor dago koska.
Hiru hamarkada eman dituzu bertsotan, hainbat kide, zahar eta gazte, izan dituzu alboan. Batzuk joan dira, gazteak heldu... baina zu beti hor.
Bai, polita da hori, elkarrengandik ikasten dugu. Lazkao Txikirekin dezente kantatu nuen. Mitxelenarekin, Joxe Agirrerekin, Joxe Lizasorekin... Orain, berriz, gaztetxoekin. Bertsoaren ezaugarria da belaunaldi ezberdinen arteko lotura. Batetik, autoz askotan ibiltzen gara elkarrekin, eta parrandei, urduritasunari eta abarri esker, lagun bihurtzen gara. Bestetik, bertsolaritzak oso modu naturalean nahasten du adin ezberdineko jendea. Belaunaldi ezberdinak oholtza berean, ibilbide berean, bizipen berberetan... nahastea jendarte honen aurkako ezaugarria da, jendarte honek, beste mila bereizketaren artean, adinen artekoa ere egiten duelako.
Euskal Herritik kanpo ere atera zarete... Zertara?
Bi aukera daude: kanpoan bizi diren euskaldunengana joatea edo guk egiten dugunaren antzeko zerbait egiten duten beste kultura batzuetara hurbiltzea. 1996an joan ginen Koldo Tapia eta biok lehenengo aldiz Veracruzera (Mexiko), eta han ezagutu genituen kubatarrak, kolonbiarren bat, txiletarrak, argentinarrak... Harreman horiek lantzen hasi ginen, baita penintsulako jendearekin ere: Alpujarretakoak, Mallorcakoak, Menorcakoak... Katalanekin harreman handia lortzen ari gara, baita galegoekin ere. Lankide ditugu, beraiek ere inprobisatu egiten dute eta lantzen dute, bertsolariok bezalaxe, tradiziotik datorren zerbait, sormena erantsita. Haiengandik ikastea ona da, baita geure burua ezagutzera ematea ere.
Zer daukazue haiengandik ikasteko?
Beti ikasten da. Nola antolatzen duten bere burua, erabiltzen dituzten doinuak, metrika, errimak, deman ari direnean zenbateraino diren gogorrak elkarrekin, zenbateraino laguntzen dioten elkarri saioa aurrera ateratzeko, baita zer edaten duten ere, kar-kar! Guk zortea dugu, zuzenean ulertzen diegulako; beraiek ere ulertzen dute guk esaten duguna, itzulita. Beti ikasten dugu. Nik, adibidez, kubatar bati seguidillak entzun eta neuk hori euskaraz egitea erabaki nuen. Kubatarrak, berriz, duela 20 urte, bertsolaria jaio edo ikasi egiten den eztabaidatzen zebiltzan eta guk bertso-eskolak erakutsi genizkien... Harremana ona da.
Baita elkarlanerako ere...
Duela gutxi, Madrilgo Unibertsitate Complutensean izan ginen zer egiten dugun azaltzen, Unescok antolatutako kultur ondare ez-materialari buruzko jardunaldi batzuetan. Hemendik Maialen Lujanbio, Karlos Aizpurua eta hirurok joan ginen. Galiziatik, bi reguefeiro; eta Alpujarretako beste bi, bata Granadakoa eta Almeriakoa bestea. Hitz lauz azaldu zuten beraien errealitatea eta saiotxo bat egin zuten. Gu hasi ginenean, ia lotsa eman zigun, harrokeriatan genbiltzala ematen zuelako. Bertsolaritza Euskal Herriaren ardatzean dagoen fenomeno kulturala da, baina beste toki gehienetan, Kuban salbu, oso bazterrekoa da, tradizioari oso lotua... Norberak ikusi behar du aurrera nola egin.

KOLKOTIK

Oholtza gainera igo aurreko maniaren bat? Galtzerdi beltzekin kantatzea, nerbioso jartzen naiz topatu ezean. Eta kantatzera noan herrira heldutakoan, kanpoaldeko taberna batean kafea hartu eta rosli bat piztu ondoren joatea, lanera noala konturatzeko. Zer edaten duzu bertso-afari batean? Normalean, ardo beltza. Realzalea izanik, nola daramazu denboraldia? Futbolzalea naiz, Realzalea baino gehiago. Ez diot garrantzi handiegirik eman Championsi, sari bat da. Jarri dizuten gai xelebreena? Peñagarikano eta bioi Lauro ikastolan: bikotea zarete eta banantzera zoazte. Ondasunak banatzen hasita, garai batean emazteari eman zenion giltzurruna eskatu diozu. Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Ez dakit, ikusiko banu, gustura! Zer eman dizu bertsolaritzak? Munduan kokatzeko talaia bat, nondik mundua interpretatzea errazagoa zaidan. Eta neure buruaren pertzepzio juxtua. Eta kendu? Ez dit asko kendu: lo orduak, osasuna... Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Langabezia tasak behera egin duela. Aurkitu duzun plazarik zailena? Ez dut horren oroitzapenik... Eta esker onekoena? Urbiako ostatuan kantatzea gustatzen zait. Non dituzu jarrita lau txapel handiak? Desastre hutsa naiz horretarako, emazteak laurak batu zituen, baina han-hemenka dabiltza..  Ez naiz mitomanoa, bi mito baino ez ditut eduki: Xabier Amuriza eta Marino Lejarreta.