Ezagutzen dituzue Europar Kultur Hiriburutzaren nondik norakoak?

ikamika

Gipuzkoako hiriburua Europako Kultur Hiriburu izendatu zutenetik, hizpide oparoa bilakatu da Donostia 2016 egitasmoa. Onerako zein txarrerako: 2016. urteari begira egin diren hainbat ekintzak oihartzuna izan dute, bai, baina are zarata handiagoa sortu dute polemikek. Alderdi politikoak elkarri mokoka, dimisioak taldean... urak nahasi ibili dira behin baino gehiagotan proiektuaren inguruan. Nolanahi ere, egitasmoak aurrera darrai, Europako herrien arteko hurbiltasuna eta elkartrukea sustatzeko xedez, norbanakoen zein kultur eta gizarte eragile eta taldeen parte hartzearekin. Zer iruditzen zaizue Kultur Hiriburutzaren proiektua? Ba al dakizue zertan datzan?
Donostiako Antigua AEK euskaltegiko C1mailako goizeko taldea

1. Juan

Donostiarentzat, izendapen garrantzitsua. Europako herrien artean harremanak izateko eta jendeak parte hartzeko aukera ezin hobea dela uste dut.

2. Itziar

Aukera ederra Europan hiria ezagutarazteko eta onurak eskura
tzeko. Entzuna daukat jarduera ugari antolatzen ari direla bertako herritarrok parte har dezagun.

3. Ana Ursula

Krisia jasanda ere, gure kultura Europan ezagutarazteko aukera ezin hobea da. Baina, arrakasta izango badu, herritarrok kontuan hartu beharko gaituzte. Oraindik ez dute lortu.

4. Marijo

Kulturari lotutako proposamen ona da. Hiria berpizteko oso aberasgarria eta, era berean, ona turismo gehiago erakartzeko.

5. Ainara

Europako hauteskundeak gertu, kontinenteko herrien arteko elkartrukea bilatzen duen proiektua aukera paregabea da Donostia ezagutarazteko. Aprobetxa dezagun!

6. Ane

Kultur hiriburutza 2016an Donostian antolatzeari ondo deritzot, herriekiko harremanak eta senidetza indartzen baititu. Ezagutzen dut zerbait proiektu honetaz, Olatu Talka, esaterako.

7. Maitane

Donostiak, gastronomia eta leku ederrak ez ezik, kultur agenda ona ere eskainiko du. 2016 proiektuak herrien arteko elkartrukea du helburu nagusi, hori beti izango da aberasgarria.