“Euskañolaren alde nago, baldin eta”

kike

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) ETB1eko Tribuaren berbak saioaren zuzendaria eta aurkezlea da. Halere, askoz lehenago egin zen ezagun telebistan Txiskola saioan umorista aritzeagatik eta Mihiluze Ilaski Serranorekin batera aurkezteagatik. Euskal filologian lizentziatua, soziolinguista ere ibili da lanean. Beraz, telebistaz, euskaraz (euskarari buruz), umoreaz... mintzatu gara tolosarrarekin. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Zergatik euskal filologia?
Nerabezaroan bost lagun ibiltzen ginen elkarrekin, guztiak euskaldunak, ordurako kezkatuta euskararen aurkako debekuekin eta giro politikoarekin. Halere, geure artean gaztelaniaz baino ez genuen egiten, egun batean batek esan zuen arte: “+++¿No creéis que estamos haciendo el gilipollas, todo el día hablando a favor del euskera en castellano?” (Ne croyez vous pas que l'on déconne en parlant toute la journée de la défense de la langue basque en espagnol?). Halako krak! bat nabaritu nuen, sumatu nuen zerbait sakona aldatzera nindoala. Badakit zenbat kostatzen den hizkuntza aldatzea, hortik pasatakoa bainaiz: pertsonaz pertsona, egoeraz egoera, harremanez harreman egin behar izan genuen jauzi hori lagun artean. Uste dut horrek eraman ninduela euskal filologia ikastera; ez nekien zer zen, baina euskara lantzeko aukera zen. Bizitza osoa erabat gaztelaniaz ikasten pasatuta, ekosistema aldatu eta euskal munduan sartzeko atea.
Beti landu duzu euskara modu atseginean…
Bai, beti bizi izan dut pozik euskara, gozamen iturri izan dut euskaraz bizitzea, jolastea, haserretzea, maitemintzea... Hara, Tolosa berreuskalduntzeko elkartean inauterietan zer egin pentsatzen hasi ginen, dena izaten baitzen gaztelaniaz. Euskaldunok orduan ez geunden ohituta jendaurrean euskaraz egitera umore eta festa giroan, baina gure saio txikiak euskaraz egiten hasi ginen. Hori bezala, jendea erakartzeko ekintzen artean, txiste afaria egin genuen. Euskara bultzatu nahi badugu, jendea euskarara erakarri behar dugu. Nola? Hori da nire obsesioetako bat: hizkuntza gozamen eta poz iturri izatea, erronkak eta oztopoak ahaztu gabe. Euskararen salbazioa ez da dago doktoretza tesietan, udal agirietan... Ez, salbazioa tabernetan dago, kalean, dendetan, familietan... hor egiten dugu berba natural-natural, hor dugu erronka.
Tribua osatzen dugu euskaldunok?
Tribuaren kontzeptu hiritarretik abiatu ginen, tribu urbanoekin lotuta. Euskaldunok bagara, gutxiengo bat izan arren. Horren kontzientzia garrantzitsua da: gutxiengo linguistiko bat gara, geure eskubide, eginbehar, ilusio, oztopo eta guzti. Halere, gutxiengo hori oso tribu dinamikoa, aberatsa, anitza, zabala... da, nahiz eta batzuetan estereotipoetan erori. Tribuari, gainera, zentzu jolastia eman nahi genion, tribua osatzen dugunon artean badago-eta nolabaiteko konplizitatea gai honen inguruan bihurri, umoretsu eta ironiaz jarduteko.
Gai asko ukitu dituzue saioan, euskarak ematen du hainbesterako?
Bazirudien euskarak ez zuela denboraldi osoan 33 saio egiteko aukerarik emango, baina kontrakoa frogatu dugu uztailera arte jarraituta. Dena da hizkuntza, leku guztietan dago, dena egiten dugu hizkuntzaren bidez, eta egiten dugun guztia ez dugu berdin egiten hizkuntzari dagokionez: kasu batzuetan, hizkuntza bat edo bestea erabiltzen dugu, ez dugu berdin hitz egiten lanean edo goizeko ordu bietan parrandan... Ñabardura guztiak hor daude. Aniztasuna da euskararen aberastasunetako bat: kasuistikan, egoeretan, hizkeretan, historian... Saio honekin adierazi nahi dugu aberastasun ikaragarria dugula: ez gara handiak, ez gara aberatsak, baina ez gara hain ahul eta txikiak ere.
Non duzue arrakastaren sekretua?
Faktore asko daude. Lehena, dinamikoa izatea, elkarrizketa laburren bidez. Beti eskatzen diegu elkarrizketatuei argi, mamitsu eta labur erantzuteko. Oso jende interesgarria dugu Euskal Herrian euskararen inguruan edota euskaraz lanean. Beste faktore batzuk: gustagarria, atsegina eta dibertigarria izatea, elkarrizketen eta irudien aukeraketa, gidoien lanketa, hasierako irudien ustekabea... Atzean, lantalde zoragarria dago, proiektuarekin erabat inplikatua, lanari zukua handik eta hemendik ateratzen diona. Zazpi lagun gara Orio ekoizpen etxearen oinarrizko kanpamenduan.
Kaleko jendearen parte-hartzea bilatzen duzue, erraza da?
Lege soziolinguistiko bitxi baten existentzia egiaztatzen ari gara: euskarari buruzko kale inkesta zenbat eta leku erdaldunagoan egin, orduan eta errazago. Madrilen, 20 minutuan egin genuen, inongo arazo barik, egin dugun errazena; Lapuebla de Labarcan eta Bartzelonan ere, erraz. Baina zenbat eta zonalde euskaldunagora joan, orduan eta gehiago kostatzen zaigu. Ai, nolakoak garen batzuetan!
Jarraitzeko esperantzarik bai?
Denboraldi honetan 33 saio egitea babesleei esker lortu dugu, hasieran Hizkuntz Politikarako Sailburuordetza eta gero Laboral Kutxa. Orain ez da erraza telebistan kopuru horietara heltzea. Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin, kritikak oso onak izan dira eta Argia saria ere eman digute. Hunkigarria izan da, erronka handia zelako. Gainera, bagenekien hasierako zazpi saioak prime time tartean sartuko zirela, baina uste genuen gero agian atera egingo ginela hortik. Ustekabe handi eta pozgarria izan zen tarte horri dagozkion audientzia datuak ezagutzea. Oso txukun lehiatu gara euskarari buruzko dibulgazio saio batekin. Beraz, ari gara datorren denboraldirako egitasmo batzuk lantzen, espero dezagun aurrera jarraitu ahal izatea. Gaiak badaude eta gogoa ere bai.
Beti audientzia datuei begira…
ETB1eko prime time tartean ez bada lortzen gutxieneko audientziarik, gure jende guztia erdal telebistak ikusten ari den seinale. Beraz, ETB1en kasuan, ezinbestekoa da tarte horretan audientziak lortzea kalitate parametroen barruan. Ezin daiteke esan saio bat kalitatezkoa denik ordu horietan audientzia lortu ezean. Aurten espero nuen ETB1ek datu hobeak izatea oro har, ahalegin nabarmena egin duelako programazioa osatzen, baina ez da hala izan. Euskaldunok batzuetan badugu gauzak eskatu eta errebindikatzeko joera, baina gero kontsumitu egin behar da. Jendeari ezin zaio eskatu edozer kontsumitzeko euskaraz delako, baina bai ahalegin bat egiteko: euskarazko film bat ematen badute herrian, egin ezazu ahalegina eta joan ikustera; literatura irakurtzen baduzu, egin ahalegina urtean gutxienez liburu bat euskaraz irakurtzeko; bidaiatzeko aldizkari bat erosten baduzu, izan dadila euskarazkoa... Ikusgaitasun arazo bat ere badago: liburu dendetan euskarazkoak ez daude erakusleihoko lehenengo ilaran, ETB1ek ez du horrenbesteko oihartzunik erdal telebisten ondoan...
Zein sentimendu gailendu zitzaizun Korrikaren lekukoa eskuetan?
Gure bizitzako unerik polit eta hunkigarrienetako bat izan zen, sari ikaragarria, tribuarengandik beragandik jasoa zelako. Korrikaren azken kilometroa egitea, hainbeste jenderen artean, zure mezua eskuz esku ibili dela jakitea, han sortu zen emozioa ikustea… Bizitzak ematen dizkizun poz, sari, momentu ahaztezin horietako bat izan zen, oso zaila hitzetan adierazteko. Sentitzen duzu egin dituzun lan eta apustuek izan dutela oihartzuna eta esker ona. Hori ez da beti gertatzen bizitzan.
Korrika bezalako ekimenek zer dakarkiote euskarari?
Hizkuntzaren eta euskararen inguruan, horrelako ekintzak oso garrantzitsuak dira euskararen aldeko motibazioa lantzeko. Jendea bildu eta ikusgai bihurtzen dute euskararen komunitatea. Gainera, oso baliabide egokiak izan daitezke erabilera dinamikak sustatzeko, ikasketa prozesuak indartzeko, jendea euskaltegietara erakartzeko... Ez da kasualitatea Korrika izatea esportatu dugun euskararen inguruko ekintza nagusietako bat, euskal komunitatea bistarazten duen ekintzarik garrantzitsuenetakoa da. Bestela, nola erakutsi inguruan euskararen aldeko jende asko dugula? Badute sinbolo hutsean geratzeko arriskua... baina kalterik batere ez. Gauza on asko hobetu ahal direla? Dudarik ez. Orain, ordea, helburua erabilera da. Oraindik badago, batez ere Iparraldean eta Nafarroan, ikasi eta hobetu behar duen helduen multzo handia, baina batik bat erabilera dinamiketara igaro behar dugu zuzenean.
Euskaldunok oso biktimistak gara?
Arrisku hori oso nabarmena da, aspaldikoa, hainbat leku eta egoeratan sumatu dut. Gauza bat da egoera (hona ekarri gaituzten arrazoi soziopolitiko, ekonomiko eta historikoak, era guztietako oztopoak...) eta beste bat, geuk esatea zaila dela, ezin dela ezer egin... Askotan erantzukizunak besteri egozteko joera dago, justifikatzeko gure saioak ez direla ikusten, gure ekintzetara jendea ez dela etortzen, gure haurrek ez dutela euskaraz egiten... Diskriminazio positiboa ezinbestekoa da, diru-laguntzak ere bai, baina horiek iraunarazteko egiturei eustea ekar dezakete. Euskalgintzan gabiltzanok autokritikoagoak izan behar dugu, ilusionatu egin behar dugu, ahalmendu, plazara atera, ekintzaile izan, berrikuntzei ekin... Hori dagokigu, oso zaila dela jakin arren. Ezin gara bertan goxo gelditu.
Bitartean, hobe euskañolez gaztelaniaz baino?
Euskañolaren alde nago, baldin eta. Orain gazte euskaldun gehienak jatorriz erdaldunak badira, ezinezkoa da gazte horiek euskaraz egitea duela 100 urte zonalde euskaldunenetan legez. Elkarren ondoan dauden hizkuntza guztietan bezala, nahasketa puntu bat egongo da, gaztelaniatik euskarara ezinbestean pasatzen da euskañoletik. Horrek ez du esan nahi egoera hori egonkortu behar denik, hizkuntz egoera guztiak dira dinamikoak; baina ezin da jendea desilusionatu, iraindu edo barre egin euskaraz ondo egiten ez duelako edo erdarakadak erabiltzen dituelako. Bestalde, mekanismoak aktibatu behar ditugu hizkuntzaz gozatzeko, prest egon forma berriak entzuteko. Hizkuntza eraldatu egiten da, argota inoiz ez da politikoki zuzena, are gutxiago gramatikalki zuzena. Dinamika horretan nago euskañolaren alde, kontrako gehiegi entzun ditudalako. Oso gertu ditut euskaraz hitz egiteari utzi diotenak gehiegi zuzenduak izan direlako, tz eta tx ez bereizteagatik barre egin dietelako: gaztelaniaz hitz eginda, ez diete horrelakorik egiten. Utzi jendea lasai, egin dezala ahal duen neurrian. Hobe hori gaztelania hutsa baino. Lagundu bai, baina ito gabe. Eta euskaldunon arriskurik handiena da sistematikoki erdaretara jotzea adierazkortasuna edo umore ukituak lortzeko, hizkuntz sorkuntzarako mekanismoak nahiko geldi ditugulako.
Umorez hartu behar dute euskaltegietako ikasleek euskararen ikaskuntza?
Normalean, hizkuntza bat ez da ikasten umore dosi handi barik. Azkenaldian ingelesa ikasten nabil eta harritu egin nau umorearen garrantziak ikasketa prozesuan. Prozesu hori derrigor da umoretsua, gaizki hitz egitea umore iturri oparoa da, horrekin jolastu behar dugu. Gelan zaude, jende ezezagunarekin, zure konplexu guztiekin, ez dakizu ondo esango duzun ala ez... Egoera hori ez da tragedia bihurtu behar, barre egiteko aukera baizik. Beti esan digute serioak garela, sinetsi egin dugu, baina ez da egia. Sanferminak, Tolosako inauteriak, bertsolaritza oro har... serioak? Hori dioenak ez du herri hau ezagutzen.

KOLKOTIK

Aurkeztuko zenuke Teleberri? Epe motzean ez dut neure burua horretan ikusten, baina zergatik ez? Zerk ez dizu batere graziarik egiten? Normalean, egunkarietako goizeroko lehen izenburuak. Zerk egiten dizu grazia handia? Egunero ditugu inguruan barre egiteko aukera handiak, nork bere burua ispiluan begiratzea besterik ez dago! Alkandora bakeroa da Tribuko aurkezlearen uniformea? Bai, nire laneko buzoa. Zerk lotsarazten zaitu? Lotsati ez-praktikantea naiz, baina denda bateko ilaran ez nintzateke inoiz kolatuko, eta ikaragarri kostatzen zait zozketetarako txartelak saltzea. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistearen izenburua? Euskara bultzatzeko akordio nazionala lortu da alderdien artean. Umorerik gabeko politikari bat? Gure arazoetako bat da umorerik gabeko politika izatea. Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Erretiratuta, espero dut, baina ez nago seguru. Botila erdi beteta ala erdi hutsik? Botila betetzen ari gara. Zer botako duzu San Joan sutara? Lomce eta Falloux legeak.