Botika baten 126 urteko bizitza

botika

Botika baten bizitza eta bizimodua ikus daitezke Plentziako Pedro Aramburu farmazian. 1888ko urtarrilaren 4an irekia, orduan antzekotasun gutxi zuen gaur egungoekin: Pedro Aramburuk alkateari eskatu behar izaten zion baimena herritik irteteko, urtean 365 eguneko eta egunean 24 orduko guardia zuelako. Handik 100 urtera, Enrique Aranburu ilobak (botikaria bera ere) erakusketa bat eta hainbat hitzaldi antolatu zituen herrian, farmaziaren mendeurrena ospatzeko. M. Egimendi.

 

Enrique Aranburu mendeurreneko ekitaldien arrakastaren ondorioz jabetu zen nolabait botikan zuen materialaren garrantziaz, 100 urteko farmazia baten bizitza kontatzen zuelako. Ezin zuen galtzen utzi, ez baitu inon ezagutu bere historia osoko materiala gorde duen botikarik: “Tarroak eta altzariak bai, leku askotan daude eta edonon eros daitezke, baina botikari lanean erabiltzeko tresna asko ez ditut inon ikusi”. Tresneriaz gain, ia pote guztiak daude jatorrizko substantziez beteta: “Batean, loto lorearen esentzia dago, bere garaian garesti ordainduko zena”. 2010ean botika handitzeko egindako lanak aprobetxatu zituzten guztia erakusgai jartzeko, lehengo lekuan.
Produktu eta aparailu guztiak dira Aramburu farmaziakoak, Ruiz de Gopegi botikak utzitako batzuk izan ezik. Badago landareak, loreak eta haziak biltzeko ontzi bat ere, koinatak Suitzatik ekarria, eta Enriquek onartu zuen erakusgai dagoenaren garaikoa delako. Izan ere, ez zaio interesatzen, esaterako, XII. mendeko almaizik, ezta 1850. urtetik atzerako libururik ere, kimika modernoa ez zelako ordura arte garatzen hasi: “Ez dut farmaziekin lotutako objektuen erakusketa osatu nahi, botika baten historia eta lana erakutsi baizik”. Hala, bere farmazian baliatu izan diren gauzekin osatu nahi du erakusketa, inbentarioetan agertzen direnekin, 1888tik izan dituzten tresna eta produktu guzti-guztien zerrendak dituelako. Erosi duenean, erosi du aurkitu ez duen aparailuren bat, noizbait egon zela jakitun. Haatik, ez du inon lortu gerra garaian galdutako bola bat, erakusleihoan egoten zena: “Herrian izurriteren bat-edo bazegoen, likido gorria jartzen zitzaion, kanpotik etorritako jendeak kontuz ibili behar zuela  jakin zezan. Bestela, likido berdea edukitzen zuen. Aitonari gerra garaian Euzko Jaurlaritzako lagun batek eskatu zion eta desagertu egin zen”. Laborategiko aparailu batzuk ere galdu zituzten Bilboko bonbardaketa batean, baina agiririk ez.
Bisitariak hartzen ditu Aranburuk, betiere talde txikiak (10-15 lagunekoak gehienez), lekua ez delako oso handia. Farmazia teknikariei edota interesa agertzen duen edonori irekitzen dizkio ateak, doan. Eta azalpen guztiak pozik ematen ditu, entzulearen interesaren arabera: “Berehala nabaritzen da benetako interesa duen ala ez; beraz, horren arabera, 5 edo 10 minutuko azalpenak ditut prestatuta, baina baita ordubetekoak ere, kar-kar!”.
Eta inork larunbatean joan nahi izanez gero, Enriquek ez du eragozpenik, botika itxita egon arren. Interneten ere, webgunean milaka sarrera du, atzerriko unibertsitateenak barne, eta mugimendu handia Facebooken. Eusko Jaurlaritzaren museoen gidan ere ageri da, baina kaletik pasatzen den jendea askotan ez omen da sartzera ausartzen, botikan eguneroko lanean ari direlako.
Erakundeen laguntza
Bitartean, agiriak irakurri eta digitalizatzen eta oraindik gordeta dituen gauzak katalogatzen jarraitzen du Enriquek. Lan hori guztia gustatzen zaiolako egiten du, baina nolabaiteko ardura ere sentitzen du: “Hau guztia ezin da besterik gabe galtzen utzi. Hona Miguel de Unamuno etortzen zen, tertulian egotera; eta Espainiako estatuan, behintzat, ez dago farmazia bat izan dena erakusten duen halako bildumarik. Gainera, hau Aranburutarron botika da, baina baita Plentzia herriarena ere”. Beraz, erantzukizun handiz hartu du lana: “Tokatu egin zait. Egia da disfrutatu egiten dudala, baina ardura ere bada niretzat. Azken finean, zerbitzu bat eskaintzea da”. Horren erakusle da ikerketak egiten dabiltzan batzuek ere jo izan dutela berarengana.
Eusko Jaurlaritzako museoen atalaren zuzendaria etorri ei zitzaion behin, nor zen esan gabe. Bisita haren ondorioz, museoen zerrendan sartu zuten, baina besterik ez. Harrezkero, behin saiatu omen zen Jaurlaritzarekin harremanetan jartzen, baina ez zuen erantzunik jaso. Aranburuk gustura hartuko luke nolabaiteko laguntza erakunde publikoen aldetik, baduelako erakusketa handitzeko asmoa, edo, hobeto esanda, gogoa. Leku aproposa du, farmaziaren gainekoa “botikariaren etxebizitza” zelako (han jaio eta bizi izan zen Enriqueren aita, Alejo botikaria). Etxebizitza horretan gauza piloa dago oraindik, batzuk katalogatuta, baina beste batzuk ez. Etxea berritu nahi du erakusketa osatzeko, garai hartako estiloari eutsita. Gainontzean, oraingoa mantentzea ez omen da garestia, “baina garbitzea asko kostatzen da, batez ere, ezer puskatu gabe ibiltzeko”. Halere, ez du inoiz edukiak izan lezakeen balioan pentsatu, “beste inon aurkitu ezin diren gauzak egon arren, izainak gordetzeko ontzia, adibidez”.
Botika-museoak badu etorkizuna, Enriqueren bi seme-alaba botikariak direlako. Dena den, bere asmoa da zazpi seme-alabei utzi eta familiak zaintzea; hori bai, bera erretiratzen denean: “Hau herri marinela da, eta ondotxo dakigu kapitainak agintzen duen lekuan marinelak ez duela aginpiderik, kar-kar!”. Hiruzpalau urte barru, erretiroa hartu eta erabateko dedikazioa eskaini nahi dio erakusketari: “Lan handia dago egiteko, hau hasiera baino ez da”.
Tresneria osoa ikusgai
Aramburu farmazian 126 urtez erabilitako produktu eta tresna guztiak gordeta egon dira, Enriqueren aitak eta aitonak dena gordetzen zutelako (Enriquek gauza bera egin du duela 26 urte mendeurrena ospatzeko egindako jardunaldien afixekin). Aspaldiko tresna horietako batzuk, dena den, botikan erabiltzen zituzten duela ez asko, eta oraindik ere bada langileek oso sarri baliatzen duten euskarri bat. Enriquek berak erabili izan ditu, adibidez, orain erakusketaren parte diren supositorioak egiteko moldeak, balantzak, almaizak... Hor da “botikariaren begia” izeneko tiradera ere, pozoiak gordetzen zituena. Hala esaten zitzaion botikariak ez ziolako begirik kentzen, nahiz eta giltzapetuta egon. Orain, izenak emozioa galdu du: estupefazienteen tiradera da.
Laborategietako aparailuak ere ikusgai daude. Garai batean, botika guztiek eduki behar izaten zuten laborategi kimikoa, elikagaiak, edariak edota erosi behar zituzten substantzia eta lehengaiak aztertzeko. Ondoren etorri zen gaixoen ohiko analisiak egiteko laborategi klinikoa. Analisiak direla eta, Aranburuk gogoan du behin zakur baten oka5 ekarri ziotela aztertzeko, zakurra pozoituta hil zuten susmoa zuelako jabeak. Analisiak baieztatu egin zuen susmoa, eta ardura handia eragin zion Enriqueri, hala izan zela aitortuz gero, “biharamunean hildakoak izango zirelako herrian, baina aspaldi izan zen eta ez dut gogoratzen nola atera nintzen ataka hartatik, kar-kar!”.
Liburutegia ere bada Pedro Aramburu botikan, XIX. mendearen erdiko liburu eta guzti. Farmazialariek zituzten produktu sekretuen errezetak ere bai, osagaiak zein ziren bistan jartzera derrigortu zituzten artekoak. Baita botiken propagandarako iragarkiak ere. Agiriak ere asko daude, aitonak botika irekitzeko 1887an egindako baimen eskaera barne. Guztia dago erregistro-liburu zaharretan. Hala, jasota dago ireki eta hurrengo egunean lau bezero (hiru mediku eta albaitari bat) sartu zirela botikan. 1888ko urtarrilaren 6an, berriz, jaieguna izanik, albaitaria baino ez zen agertu.