Azpeitia, euskal antzerkiaren jokaleku

txarriboda

Euskarazko antzerkiak hartuta dago Azpeitia, azaroaren 24ra arte, XXXVI. Euskal Antzerki Topaketek prestaturiko egitarau oparoari esker. Azpeitiarrek egindako Matxinada lanak eman zien hasiera topaketei, urriaren 27an. Hala, ia hogei antzezlan eskainiko dituzte, heldu zein haurrentzat, tartean bi estreinaldi: Atx Teatroaren 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak (azaroaren 2an) eta Borobil Teatroaren Roman eta Julieta (azaroaren 17an). Helduen antzerkiari dagokionez, Xake Produkzioaken Lur, Hika Teatroaren Txarriboda, Ados Teatroaren Dublindarrak, Piszifaktoriaren Takoidun zapata gorriak, Eromen Produkzioaken Elurra edota Artedramaren Martin Zalakain ikusi ahal izango dira, besteren artean. Antzerki alternatiboari ziklo berezia eskainiko diote, azaroaren 22an, Azpeitiko gaztetxean, Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren Agur eta Dolore eta Atx Teatroaren Tomiris lanekin. Emanaldiez gain, bestelako ekintzak ere izango dira, hala nola mahai-inguruak eta antzerki tailerrak.


ghero3000. urtearen inguruan, ospitale batean, azken euskalduna hiltzear da. Berarekin batera desagertuko da euskara ere, milaka urte iraun duen hizkuntza. Mediku gazte bat agur horren lekuko izango da. Abiapuntu hori du Ghero. Azken euskalduna lanak, euskara protagonista duen antzezlanak. Euskararen “iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena” erakusten ditu, eta euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei ere egiten die gorazarre, hots, hizkuntza aniztasunari. Euskaltzaindiak eta Tartean Teatroak elkarlanean sortu dute antzezlana, akademiaren mendeurrenaren baitan. Jokin Oregik zuzendu du Patxo Telleriak idatzitako obra. Oholtza gainean, Mikel Martinez, Patxo Telleria bera, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Ane Pikaza aktoreak. Estreinaldia azaroaren 20an izango da, Bilboko Arriaga Antzokian. Ondoren, emanaldi andana dute programatuta: 21ean, Bilbon berriz ere; 22an, Santurtzin; 24an, Zarautzen... Datorren urteko urrira arte hitzartu dituzte emanaldiak.

 

LABURREAN

MARIANO LLINAS zinemagile argentinarrari Ohorezko Mikeldia emanez hasiko da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 60. Jaialdia, azaroaren 9an. Beste Ohorezko Mikeldi bat ere banatuko dute jaialdiaren azken egunean: Apichatpong Weerasethakul zinemagile thailandiarrak jasoko du. Azaroaren 16ra arte iraungo du jaialdiak, eta 52 lan lehiatuko dira Sail Ofizialean. Tartean, sei euskal ekoizpen. Informazio guztia zinebi.eus atarian dago eskuragai.

NOKA izeneko programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, emakume zinemagileen garrantzia eta ikusgaitasuna indartzeko. Programari esker, hiru film luzek laguntza jasoko dute: aukeratutako lanen egileek prestakuntza eta aholkularitza jasoko dituzte, urtebetez, Euskal Herriko eta nazioarteko adituen eskutik. Zehazki, lan bakoitzak lau aholkulari izango ditu. Dagoeneko aurkez daitezke sorkuntzak, abenduaren 14ra arte. Zineuskadik kudeatuko du Noka egitasmoa, eta bere webgunean (www.zineuskadi.eu) topa daitezke programari buruzko nondik norakoak.


otsoen lurraldeaSERIESLAND jaialdian estreinatu zuten, urrian, Bilbon, Otsoen lurraldea euskarazko websail edo telesail digitala. Rose of Dollsek eta Oliver Mendek sortua eta ekoitzia, etorkizun apokaliptiko batean kokaturiko fikzioa da. Hamar kapituluko telesaila Vimeo plataforman (https://vimeo.com) ikus daiteke.