Kalean ere, aitzurka

lezo

Ortua ez da soilik landa guneetako kontua. Hiriguneetan ere baratzearekiko interesa nabarmen hazi da azken urteotan. Balkoia ortu bilakatzen duten herritarrak, herri eta auzo baratzeak, udal baratzeak, baratze komunitarioak... barazkiak eguzkiaren goxotan nola, hala ugaldu dira jite ezberdinetako egitasmo eta ekinbideak herri eta hiri askotan. Pixkanaka hazten ari den Baratze Parkeen egitasmoak ere autokontsumoaren eta ekoizpen ekologikoaren bidean jarri ditu Gipuzkoako hainbat herritar. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

 

Gasteizen, Arrasaten, Zarautzen, Zestoan, Baztanen... herri askotan sortu dira azkenaldian herri baratzeak. Zein bere izaera eta ezaugarriekin, ortu lanetarako lursailak herritarren eskura uztea dute xede. Kutxa Ekoguneak ere ildo horri heldu dio, tokian tokiko udalekin elkarlanean Baratze Parke Sarea osatzen hasita. Hots, Gipuzkoako hainbat udalerritan, herritarrentzat egokituriko baratze gune ekologikoak sortu dituzte, autokontsumoa bultzatzeko eta bertako produktuak sustatzeko asmoz. Hainbat lursailez osaturiko baratze eremuak dira, tokian tokiko gizatalde zein norbanakoei epe jakin batez utziak. Hala, behin udalek lursailak zozketa bidez esleitu ostean, sail horiek lantzeko aukera dute erabiltzaileek, betiere egitasmoak ezarritako irizpideak jarraitu eta sare bateko partaide izateak dakartzan abantailak baliatuta.
Egun, zortzi baratze parke daude martxan Gipuzkoan eta, orotara, 600 kide baino gehiago dabiltza ortuok lantzen. Duela urte eta erdi zabaldu zuten lehenengoa, Lezon. Ondoren abiarazi zituzten Usurbilen, Alegian, Hernanin, Zegaman, Tolosan eta Errenterian. Azkenekoa, oraingoz, iragan martxoan zabaldu zuten Donostian, Kutxa Ekogunearen egoitzan. Azken hori da, hain juxtu, Gipuzkoako Baratze Parke Sarearen egoitza nagusia eta gainerakoen eredua: 159 lursail ditu, eta, horrez gain, erabiltzaileei zuzenduriko hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Esaterako, Baratze Eskola, Konpostagunea eta abar. Hartara, baratze gune soila ez ezik, aisialdi aktiborako topagune ere izango da aldi berean.
Ekoguneko Baratze Parkeak zerbitzu anitz eta zabalagoa eskaintzen duen arren, gainontzeko guztien ezaugarri berberak ditu, denek jarraitzen baitute antzeko eredua. Tamaina jakineko hainbat lursail dituzte (30, 60 edo 90 metro koadrokoak), eta denek erabiltzeko zenbait azpiegitura: baratzeak ureztatzeko ur askak, tresneria gordetzeko eta oinarrizko zerbitzuak (aldagelak, komunak...) betetzeko txabola, besteak beste.  Horiek guztiak, gainera, iraunkortasun irizpideen arabera eraikitzen dituzte.
Kutxa Ekoguneko Landa Garapen Jasangarriaren arduradun Amalia Virtok azaldu duenez, “gutxi gorabehera baldintza bertsuak izaten dira denetan: lursailen neurriak, ura kudeatzeko modu jasangarria, irisgarritasuna... Halako irizpide asko finkatuak ditugu, udalerri guztietan txertatzen ditugu. Halere, nolabaiteko malgutasuna ere badago, udal bakoitzak ezartzen ditu bereak”. Esaterako, lursailak zenbat denborarako esleitu (bost urterako, seirako...), edota nori. Izan ere, “zenbait udalek nahiago dute lursail batzuk gazteei eman, edo herriko elkarteei, edo langabeei...”.
Sarea eta komunitatea
Helburua ere berbera: autokontsumorako baratzezaintza ekologikoa egin nahi duten herritar, erakunde, elkarte edo ikastetxeei herri baratzetan jarduteko aukera eskaintzea, izaera komunitarioa duen proiektu baten baitan. Izan ere, baratze parke bakoitzeko erabiltzaileek elkartea osatzeko eta parkearen kudeaketaz arduratzeko betebeharra dute, eguneroko martxari heltzeko. Beti ere tokian tokiko udalaren eta Kutxa Ekogunearen zaintzapean, jakina.
Gainera, sare izatearen abantailak baliatzen ditu egitasmoak. Virtoren hitzetan, “sare bateko partaide izateak baditu hainbat onura: ikastaroak antolatuz gero, denei eskaintzeko aukera; ekimenak antolatzen badira, sare osoari zabal dakioke; baratze batean sortzen diren arazoei konponbidea ematean, beste baratzeetara ere zabal daiteke irtenbide hori... Horrela, ezaguera horiek guztion artean partekatzeko jarrera sustatzen dugu”. Era berean, aholkuak eskatzeko nahiz iritziak trukatzeko foro batean parte hartzeko aukera eskaintzen zaie baratzezainei, eta udalei, aldiz, “Baratze Parke guztietatik Ekoguneko kideak igarotzea, sor daitezkeen arazoak antzeman eta konponbideak emateko”.
Hain juxtu, beste herri edo auzo baratze egitasmoei dagokienez, sare izaera du bereizgarri nagusi Ekoguneak bultzaturikoak. Halaber, parke izaerak ere bereizten du bestelako egitasmoetatik. “Guretzat garrantzitsua da guneok parke publiko izaera izatea. Baratzeak ez dituzte soilik baratzezainek erabiliko, guztientzat izango dira. Horrela, herritar guztientzako gune berde berriak irabazten dituzte herriek” dio Virtok.
Helburu anitz
Finean, helburu mordoxka uztartzen du egitasmoak. Nagusia, arestian aipatua: irizpide ekologikoei jarraituz autokontsumoa bultzatzea. Baina atzean bada helburu orokorragoa: jendea bestelako kontsumo ohituretara bideratzea, bertako produktu gehiago, eta ekologikoak, kontsumi ditzan. Virtok azaldu duenez, “Europan eta beste leku askotan urte pila bat daramate horrelako proiektuekin eta ikusi dute parte-hartzaileek kontsumo ohiturak aldatu ohi dituztela, baita bertako produktu gehiago kontsumitzen dituztela ere, produktu ekologiko gehiagoz gain. Beste hainbat herritan hori gertatu bada, hemen ere gerta daiteke”.
Nolanahi ere, azpihelburu gehiago ere baditu: ingurumenarekiko kontzientzia areagotzea, lurrarekiko lotura berreskuratzea, aisialdi aktiboa bultzatzea, belaunaldi ezberdinak hartu-emanean ipintzea... Azken batean, ekologiaz harago, helburu sozialek ere badute tarterik Baratze Parkeen Sarean.
Uneon, zortzi Baratze Parke daude martxan. Halere, pixkanaka sarea Gipuzkoan zabaltzea da asmoa. “Oraingoz, ekialdean egin dugu lan gehiago, baina mendebaldera jotzea ere gustatuko litzaiguke” dio Virtok. Zabaltzeaz gain, sarea sendotu nahi dute. Nolanahi ere, hastapenetan dago egitasmoa: “Baratze Parke bat egiten denean, proiektua ez da hor amaitzen. Orduan hasten da. Orduan hasten da jendea baratzezaintzan eta hasten dira benetako arazoak, kezkak eta abarrak. Gu ere pixkanaka ikasten ari gara, baratzezainekin batera”.
Dena dela, ezin uka interesa eragiten duela. Ia Baratze Parke gehienetan, eskainitako lursail kopurua baino askoz eskari handiagoa jaso dute, eta jende dezente geratu da itxaron-zerrendetan. “Ikusten da jendeak izugarrizko gogoa zeukala eta duela. Pil-pilean dago kontua. Azken batean, hemen, Nafarroan, Bizkaian, Katalunian... nonahi ari dira zabaltzen holako baratzeak, jendeak eskatu egiten dituelako”. Kontrakoa pentsa litekeen arren, eskari hori, hein handi batean, kaletarrena da. Virtok dioenez, “Ekogunean eta sareko gainontzeko baratzeetan gehienak kaletarrak dira, lurrarekiko harremana berreskuratzeko beharra sumatu dutenak, bertako produktuekin zertxobait esperimentatu nahi dutenak, norberaren produktuak hazi eta dastatu nahi dituztenak”.
Poliki-poliki hazten ari da Baratze Parkeen Sarea. Aitzur eta sardeak eskuan, ehunka herritarrek ekin diote lanari. Batzuetan gozo, besteetan gazi. Betiere naturaren berezko erritmoei helduta, bertakoari eta sasoian sasoikoari erreparatuz. Esaera zaharrak dioenari jarraikiz, alegia: “Lan baratza, lan aratza”.

“Orain, baratzeko produktuak erosterakoan, askoz garbiago daukat non erosi, zer erosi eta zergatik”
Lezoko Baratze Parkean izena eman eta 60 metro koadroko lursaila egokitu zitzaion Ane Miren Mirallesi iaz. Ez zeukan inolako eskarmenturik  (“barazkiak-eta asko ikusten ditugu, baina dendan”), baina oso pozik dabil orain arteko esperientziarekin.

Nolatan eman zenuen izena egitasmoan?
Baratzea beti izan da halako ametsa: gauzak landatu, jaso eta prozesu hori guztiori... Oso polita iruditzen zait, baina beti hartu izan dut ezinezkotzat, lursailik eduki ezean. Udalak egitasmoa abiaraziko zuela jakin nuenean, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan.
Zer moduz moldatzen zara?
Ondo. Gogoa eta ilusioa baditut, eta dena ikasteko. Liburuetan begiratuz, dakien jendeari galdetuta... Horretan, baratzeok egokiak dira: inguruan dakien jende asko dago eta jarrera oso ona da. Hala ibili naiz: bati galdetu, besteari... eta hanka mila aldiz sartuz! Baina oso gustura. Erein, landatu, hazi... Prozesu oso politak ikusten dira. Besteren batek esango du oso gauza arrunta dela, baina niretzat, behinik behin, aurkikuntza izan da.
Baratze Parkeetan, elkarte moduan antolatzen zarete baratzezainak. Zer moduz?
Oso berandu eman zizkiguten baratzeak; orduan, bakoitzak bere aldetik ahal zuena egin zuen. Ez genuen elkarrekin lanean hasteko denborarik izan. Elkarte moduan, aurtengo neguan hasi gara funtzionatzen: bilerak hilero... Adibidez, aurten taldeak osatu ditugu simaurra lortzeko, tresneria zaindu eta erosteko, garbiketa antolatzeko... Kosta egiten da martxa hartzea, baina hasi gara.
Nola baloratzen duzu zuen esperientzia?
Oso ona izan da. Zure buruari jartzen dizkiozun helburuek ere badute zerikusirik. Neurea lurrarekiko harremana probatzea zen, ez nire elikadurarako jaki guztiak baratzetik lortzea. Beraz, oso pozik nago: gauza pila bat ikasi dut eta oraindik gehiago daukat ikasteko. Esan nezake oso gustura nagoela, nahiz eta emaitza hain emankorra ez izan. Elikadura pixka bat zaintzea gustatuz gero, zer jaten dugun jakitea, naturari bere bidea uztea eta halakoak, oso ongi dago. Gainera, orain gehiago baloratzen dut nekazarien lana. Oso erraza da erostera joan eta garestia dela esatea. Baina orain konturatzen naiz benetan atzean dagoen lanaz.
Zer deritzozu herri baratzeen egitasmoak sustatzeari?
Ongi iruditzen zait. Hasieran, egitasmoan parte hartzeko gogoa izan arren, uste nuen igual nekazarien kontra joango zela. Baina ez,  lursailen tamainak ongi pentsatuta daude, eta, kontra baino, haien alde egiten du. Orain, baratzeko produktuak erosterakoan, askoz garbiago daukat non erosi, zer erosi eta zergatik. Neurri txikian,  oso egitasmo interesgarriak dira denontzat. Bertako produktuen ekoizpena balioesten da. Normala iruditzen zait baserritarrek beldur hori izatea, baina azkenean kontrakoa gertatzen da: baserritarren eta baratze lantzetik bizi direnen lana gehiago baloratzeko balio du.