Gehiago joango zara zinemara hemendik aurrera?

ikamika

Ate-joka dator Donostiako Zinemaldia. Ilarak egongo dira sarrerak hartzeko, tradizio bihurtu da ia-ia Kursaaleko leihatilara iristeko zain egotea, baina ez da ohikoa jende pilaketak ikustea zinema aretoen aurrean. Horretan izan zuen zerikusia, besteak beste, 2012ko udan sarrerak garestitzeak, ikuskizunen BEZa % 8tik 21era igotzearen ondorioz.  Uda hasierako albistea izan da, ordea, zerga hori % 21etik 10era murriztu dela. Alabaina, Espainiako Zinema Aretoen Federazioak gogoratu du aretoek “ahalegin handia” egin zutela, bere garaian, zergaren igoerak ikusleengan eragin ez zezan. Hortaz, igoera aplikatu zutenek ez omen dute euro bat baino gehiago beheratuko sarreren prezioa. Gorabehera horiek izango dute eraginik zinema ikusteko zure ohituretan? Utzi zenion joateari garestitu zenean? Arantzako barnetegiko abuztuko lehen hamabostaldiko B2/C1 mailako taldea

1. Andi
Ohiturak aldatzen ari dira, eta gero eta eskaintza handiagoa daukagu gure denbora librea nola igaro aukeratzeko. Gaur egun, beraz, zinema  “beste” aukera bat besterik ez da; ez lehenengoa, lehen bezala. Noski, lehiakideak agertzen direnean, erakargarria izateaz gain, beste ezaugarri batzuk ere kontuan hartzen ditugu bezerook;  batez ere, prezioa. Zinemagintza industria bat izateaz gain, kultura ere bada, eta, horregatik, denon eskura egon beharko luke.
2. Mikel
Ez, nire ohiturak ez ditut aldatu. Zinemara joateari utzi nion Internet zabaldu zenean. Filmak Internet bidez ikusten hasi nintzen, eta, adibidez, azken bolada honetan plataforma ugari sortu dira, non ez filmak bakarrik, denetarik ikusi ahal dugun,  gutxiago ordainduta, gainera.  
3. Lucas
Gero eta gutxiago joaten naiz zinemara. Lehen, hilean behin edo bitan joaten nintzen, baina orain aukera asko dauzkagu. Uste dut prezioaren arabera ez dudala asko aldatuko nire ohitura: zineman pelikula oso ona edo oso famatua badago, joango naiz, dudarik gabe.
4. Joseba
BEZaren igoera oso injustua eta antisoziala da. Hori esanda, uste dut prezioaren igoera ez dela arrazoi bakarra zinemara ez joateko. Gaur egun, teknologia berriekin, aukera gehiago sortu dira, eta gure aisialdiko ohiturak aldatzen ari gara. Horrexegatik, jendeak gero eta film gutxiago ikusten du zinema aretoan.
5. Mathias
Prezio aldaketek ez didate hainbeste eragiten. Prezioak onargarriak badira, eta film interesgarriak sortzen badira, zinema aretoetara joaten segituko dut.
6. Aitor
Zinemara joateko ohiturarik ez dudanez, prezioaren igoerak eta jaitsierak ez dute eraginik nigan. Noizbait joan nahiko banu, edozein prezio ordainduko nuke, ez ditudalako ezagutzen zinemako sarreren prezioak.
7. Arrate
Orain dela urte batzuk, zinemara joateari utzi nion; ez bakarrik prezioak gehiegi igo zirelako, filmen eskaintza ere ez delako nire gustukoa. Izan ere, film komertzialek ez naute asko erakartzen. Nire aburuz, zergen kontuaz aparte, kalitatezko filmak bultzatu behar dira.
8. Julen
Nik zinema gustuko dut, eta joango naiz noizean behin, sarreren prezioak jaisten ez badira ere. Baina argi dago egungo lehiarekin, eta prezioak jaisten ez badira, ikusleak galduko dituztela.
9. Arrate
Ez diot utzi zinemara joateari prezioaren erruz. Baina prezio horiekin ezin naiz joan astero, lehen bezala, nahiz eta zinema maite dudan.
10. Irati
Zinema garestia da gazteontzat. Zinemaren prezioa jaisten ez bada, oso zaila da sarrerak erostea, gure ekonomia oso txarra delako eta zinemako sarrera, krispetak eta edaria ordaintzea ezinbestekoa delako.