Turistak

azurmendiNerea Azurmendi

Turismoari ez diot, oraingoz, aparteko fobiarik. Zenbait turistari, ordea, bai. Iraganetik ari naiz idazten, abuztutik, Donostiatik, etxetik, pisu turistiko baten gainetik. Azken asteko bizilagunak eramangarriak izan dira. Haur negarti bat zuten, baina lehendik ere badugu bat patioan. Ohituta gaude. Haziko da, eta, zorteko bagara, iritsiko dira beste batzuk, gero eta adintsuagoa den auzoteria biziberritzera.
Bestelakoak ere izan ditugu, jakina. Goizaldeko kantariak, atariko pixatiak, garrasizale eta liskartiak. Esango nuke berdinduta daudela, kopuruari dagokionez, inor konturatu gabe etorri eta joaten direnak, eta karabina bat erosteko gogoa ematen dutenak. Hala ere, gurea ez denez auzo bereziki erakargarria, arazoaren bertsio moteldua ari gara pairatzen. Hiriko beste gune batzuk itotzen ari den oldea gurera heldu aurretik auzia konponbidean izango dela pentsatu nahi dugu. Adintsua ez ezik, baikorra ere bada nire auzoteria.
Gehiago amorratzen naute kaleko portaera errespetugabeek. Zer pentsatua ere ematen dit gutxiengo higuingarri horrek. Laster alde egingo duzula eta harrera herriak zure sosak behar (edo nahi) dituela jakiteak sorrarazten duen nagusitasun konplexu moduko horrek, alegia.
Eta, bat-batean, nire lagunak ikusten ditut Tunisiako merkatu batean, bidezkotasunetik haragoko tratuan. Ikusten dut nire burua ostatu bateko langile baldar samarra erdeinuz, edo paternalismo gozoz, tratatzen. Irudikatzen ditut kuadrilla jatorrak atzerriko taberna batean kantuan, ingurukoek gaizki begiratu arren, pentsatuz eskertuta egon beharko luketela, eta ez kokoteraino, gure kulturaren zati bat debalde oparitzen diegulako. Eta gure ibilgailu burrunbatsuak paraje bareetako bakea urratzen. Egiten ditugun argazki hunkigarriak, lagunei “ez dute ezer, baina zoriontsu bizi dira” dioen esaldiarekin bidaltzen dizkiegunak.
Bai, gorroto ditut kolonietara etorriko balira bezala etortzen zaizkigun turista horiek. Batez ere, gu askotan izaten garen turista kolonial eta gorrotagarriaren aurrean jarri nautelako.