Historia duen gazte topalekua

gaztetxea

Antzinako arrasto interesgarriak aurkitu dituzte Urduñako gaztetxearen azpian, zorua konpondu aurretik egindako indusketa arkeologikoan.Ivan Santamaria.

 

Luzaroan,topaleku apropos baten bila aritu dira Urduñako gazte asanbladakoak. Okupazioak, kaleratzeak, mehatxuak, epaiketak... denetarik izan dute lanean hasi zirenetik. Duela bi urte, beste leku bat aukeratu zuten. “Bost urte generamatzan kalean eta erabaki genuen eraikin honetara sartzea. Hogei urte baino gehiago eman ditu hutsik” dio Anartz Gonzalez Puello asanbladako kideak.
Eraikin handia da, herriko alde zahar historikoan. Atontzeko lana erruz egin beharko zutela hasieratik izan zuten argi. “Beheko solairuan taberna zahar bat zegoen, zaborrez beteta, baita zurgindegi bat ere, egurra goraino pilatuta. Patio bat ere bai, hondakinez beteta”. Bi urte hauetan, lanek ez dute etenik izan. Asko zegoen egiteko, beheko parte hori benetan erabilgarri bihurtzeko, behintzat.
Hala, zoru berri bat paratzeko ideia izan zuten. Lanarekin hasi baino lehen, ordea, azterketa bat egin behar zela jakin zuten. “Alde zaharreko edozein eraikinetan bezala, ezer egin aurretik indusketa arkeologikoak egin behar dira” azaldu du Gonzalez Puellok. Hori bai, hasieratik erakutsi zuten legeak agindutakoa betetzeko borondatea: “Proiektuari garrantzia eman nahi genion, jendeak ikus dezan benetako seriotasunez ari garela”.
Arkeologo baten bila hasi ziren, baina eskatutako aurrekontuak garestiegiak ziren eurentzat. Bilaketa horretan zebiltzala, Sonia Guerrini arkeologoa aurkitu zuten. “Arkeologiari buruzko jardunaldi batzuetan azaldu zidaten gaztetxekoen arazoa eta nire zenbakia eman nien. Deitu eta ados jarri ginen elkarrekin lan egiteko” azaldu digu Guerrinik.
Berehala jabetu zen lekuak ikerketarako eskaintzen zituen aukerez. Gogoan du gaztetxera egindako lehen bisita. “Lekua ikusi nuenean, oso gustatu zitzaidan. Alde zaharrean dago eta gaztetxeko horma batek Erdi Aroko harresi historikoarekin bat egiten du. Aukera asko zituen tokiak” azpimarratu du. Hasiera batean, arkeologoak bere kasa aritzeko asmoa zuen, baina gaztetxeko kideak lehen unetik agertu ziren laguntzeko prest. Berez, kostua murrizteko asmoa zuten, baina lankidetza horretatik harreman ona atera zuten. “Goizeko zortzietan agertzen nintzen eta jendea berehala hasten zen lanean. Egun askotan neuk esan behar nien gelditzeko, bazkaltzeko eta. Sekulako lana egin dute” nabarmendu du arkeologoak.
Metodologiaren baitan, bi lagin atera behar zituzten. Alegia, bi zanga zulatu. Lehenbizikoan, buztin eta teila ugari agertu ziren, betegarria, azken finean. “Bazirudien hirietako zundaketa baten antzekoa izango zela, ezer topatu gabe, baina orduan harlauza handi bat agertu zen”. Gaztetxeko kideak hilobia izan ote zitekeen galdezka ibili ziren, hunkituta, baina ez zuen inolako zentzu historikorik kokapen horrekin. “Zulatzen jarraitu eta beste harlauza bat agertu zen, gero beste bat, eta beste bat. Antzinako isurbide handi bat zen”.
Guztira, hamabost harlauza atera dituzte lurpetik, eta batzuk ezin izan dituzte mugitu. “XVII. mendean ura ibaira bideratzeko erabiltzen zen hustubide tipikoa da. Egundokoa da bere horretan”, arkeologoaren ustez. Horrekin aski eta sobera zuten egindako lana justifikatzeko, baina, Urduñan beste inoiz gertatu denez, antzinako hormaren bat aurkitu nahi zuten gaztetxeko kideek. “Justu lagin horren azken bost zentimetroetan lanean ari ginela, harri bat atera zen, eta gero beste bat, eta, azkenean, hamahiru metro luze eta 2,5 metro zabal den hormatzarra atera genuen” zehaztu du Guerrinik.
Orain, aurkitutakoa katalogatzen eta dokumentatzen ari dira. Aurkitutako horma horrek harresiarekin zuen zerikusia interesgarritzat jo dute Bizkaiko Foru Aldundiko ondare zerbitzuan. Ziur aski, XVII. mendeko eraikin zibil batena da. Objekturen bat ere topatu dute lurra zulatzean. Deigarriena zapata bat izan da, abarka baten gisakoa. “Bitxia da. Goialdea larruzkoa da, baina azpiko zola osoa, brontzezkoa. Lanbideren bati dagokiolakoan gaude”. Orain, zapata hori noizkoa den eta zein garrantzi duen ikertzen ari dira.
Esperientziarekin oso pozik dago arkeologoa. “Elkarlana ezin hobea izan da, gaztetxeko jendeak lan handia egin du, gustura aritu naiz”. Pena bakarra geratu zaio: “Gaztetxearen eremu osoa ikertu ezin izana”.
Lanak amaituta, zorua paratu ahal izateko baimenaren zain daude gazte asanbladakoak. Egindako lanarekin pozik, baita aurkitutako arrasto eta objektuekin ere. “Geure herriko historia den heinean, merezi duen garrantzia eman behar diogu geuk ere” laburbildu du Anartz Gonzalezek. Gaztetxearen azpian badago, beraz, Urduñako historia horren zatitxo bat.