Ongizatea

vienaViena baino hiri hoberik ez da bizitzeko

Ongi bizi nahi izanez gero, Melbournera (Australia) joatea ei zen onena. Horixe zioen, azken zazpi urteotan, EIU Economist Intelligence Unit delakoak, The Economist aldizkariaren ikerketa dibisioak, hain zuzen. EIUk urtero egin ohi du bizitzeko onenak eta okerrenak diren hirien zerrenda, hainbat faktore aztertu ostean: egonkortasun politiko eta soziala, kriminalitatea, hezkuntza, osasun zerbitzuak, kultur eskaintza... Azterketen arabera, 2011tik 2017ra arte Melbourne izan da bizitzeko hiririk onena. 2018an, ordea, Austriako hiriburu Vienak bete du Melbourneren lekua, Australiakoa bigarren postuan utzita. Vienaren eta Melbourneren ostean, hiri hauek osatu dute bizitoki onenen zerrenda, hurrenkera honetan: Osaka (Japonia), Calgary (Kanada), Sydney (Australia), Vancouver (Kanada), Tokio (Japonia), Toronto (Kanada), Kopenhage (Danimarka) eta Adelaida (Australia). 140 hirik osaturiko zerrendak badu bere ifrentzua. Hala, hauek dira bizitzeko hiririk txarrenak: Damasko (Siria), Dhaka (Bangladesh), Lagos (Nigeria), Karatxi (Pakistan), Port Moresby (Papua Ginea Berria), Harare (Zimbabwe), Tripoli (Libia), Duala (Kamerun), Aljer (Aljeria) eta Dakar (Senegal). Bistan denez, ongi bizi nahi izanez gero, urrutira joan behar derrigor!