Hamaseiak bat

penak

Ekaina iristen denean, kolore bizia hartzen dute Iruñeko karrikek. Izan ere, eskailerako azken mailara igotzen dira hiritarrak, eta kirioak esnatu eta dantzan hasten dira. Pixkanaka, ardurak eta kezkak baztertuz doaz, eta alaitasuna nagusitzen da bizilagunen artean: Sanferminak ate-joka daude. Aurten, ordea, aurreratu egin dira, Iruñeko Peñek beren historia biltzen duen liburua argitaratu baitute. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.

 

Ikuskizunetik atsedenaldira bizi zen elefantea zirkuan: herri batetik bestera, haurrei eta helduei aurpegietan irriak marrazten. Urte batean, Iruñeko Sanferminetara heldu zen, eta, bat-batean, zirkuan eragiten zuen alaitasuna hiri osoan zehar zabaldu zen. Antza, Anaitasuna Peñak animalia alokatu eta Alde Zaharreko karriketan barna ibili zuten dantzan. Argazkia hiriko oroimenean gorde da, eta ziur elefantearenean ere geratu dela. Tankera horretako anekdotak biltzen ditu Iruñeko Peñak, historia bizia liburuak. Auzolanean eta lau urtez buru-belarri ibili ostean, hiriko peñen historia idaztea lortu dute Iruñeko Peñek.
Orotara, 575 orrialdek osatzen dute liburua, eta 425 argazki biltzen ditu (10.000 argazkiren artean hautatu zituzten): “Hasiera batean, pankarten inguruko liburua egin nahi genuen (3. kapitulua), baina ikertzen eta dokumentazioa biltzen hasi ginenean, ideia berriak bururatu zitzaizkigun eta, azkenean, gure historia bizia kontatzea erabaki genuen” azaldu digu Irrintzi Peñako Enrike Huartek.
Herritik eta herriarentzat sorturiko liburu honetan, 100 bat bizilagunek egin dute beren ekarpena, esaterako: Roldan Jimenok, Pello Guerrak eta Carlos Ericek testuak idatzi dituzte; Ramon Herrerak zinemari buruz idatzi du; Cesar Orozek marrazkiak egin ditu; eta argazkilari talde handi baten laguntza ere izan dute, Jose Luis Nobel, Iñaki Bergara, Joxe Lacalle, Javier Muru, Josu Santesteban, Joseba Zabalza, Peio Hernandez, Vicente Larunbe eta Nicolas Ardanazek osatua. Horiekin guztiekin batera, lagun talde bat ibili da Egin eta Nafarroako egunkarietako hemeroteketan ikerketa lanak egiten, baita Iruñeko Artxibo Nagusian ere.
Urte hauetan egindako lana lau ataletan banatu dute. Lehenak, Jimenok idatzia duena, peñen jatorria biltzen du. Bigarrenak elkarte bakoitzaren historia kontatzen du. Hirugarrena pankarta-bilduma da, mende batez hiriko karrikak alaitu dituzten 800 pankarten erakusleihoa: “Peñen ezaugarri nabarmenetakoa da. Umorea ardatz, Iruñeko, Nafarroako edota mundu mailako gertaera garrantzitsuenak biltzen ditugu oihalean” dio Huartek. Azkenik, laugarren atalak elkarteen arteko harremanak islatzen ditu, besteak beste, eguzkitako tendidua eta hango kantak, 78ko Sanferminak (nekez ahaztuko direnak, tamalez) eta abarrak.      
Hamasei kolore, festa bakarra
Mundu zabalean, entzierroa da Sanferminen enbaxadore nagusia; are gehiago Ernest Hemingwayk The Sun Also Rises (Festa, 1926) liburua idatzi zuenetik. Halere, uztaileko egun horietan hiria bisitatzen dutenak nagusiki karriketako alaitasunarekin geratzen dira liluratuta. Eta ez da harritzekoa, izan ere, bizilagunen poztasunak kutsatuta, zaila izaten baita hiriburuko festetan aspertzea. Umore ona jartzeko ardura izaten dute Iruñeko Peñek: “Beharbada, ez dira gauzarik garrantzitsuena izanen, baina beren funtzioa betetzen dute jaietan” nabarmendu du Irrintziko kideak. Arrazoirik ez zaio falta; finean, hamaseiek osatzen dute jaietako mosaiko koloretsua.
Baina noizdanik dute zuzeneko lotura hiriko festarekin? Berez, zaila da Iruñeko lehen peña noiz sortu zen zehaztea, ez baitago dokumentazio nahikorik. Dena dela, 1852ko argazki zahar batek lehena izan zitekeena erakusten du: El Trueno. Oro har, XIX. mende amaierakoak eta XX. mende hasierakoak dira lehen lagun-koadrilak (gerora hartu zuten peña izena). Huartek azaldu digunez, Iruñeko Alde Zaharrean dute jatorria: “Zezenketak ikustera joateko elkarturiko bizilagunak ziren. Normalean, gazteak izaten ziren, eta, ez zutenez diru askorik, eguzkiak jotzen zuen harmailetan esertzen ziren, sarrerak merkeagoak zirelako”.
Liburua irakurriz, historian barrena bidaiatzeko aukera du irakurleak. Gerra aurretik, adibidez, hiru elkarte sortu ziren, egun tinko jarraitzen dutenak: La Unica, 1903an; Muthiko Alaiak, 1931n; eta El Bullicio pamplones, 1932an. Beste batzuk ere egon ziren, hala nola La Indarra (1929) eta II. Errepublika garaiko Ariñ-ariñ eta Gau Txori. Haatik, frankismoa zabaltzearekin batera desagertu ziren. Horien artean bada nabarmentzeko moduko bat: La Veleta. Izan ere, 1931n, pankarta baten atzean agertu zen lehen aldiz eta zuriz janzteko ohitura hartu zuten: “Hiriko gazte koadrila bat zen. Gerra hasi zenean, desagertu egin zen, eta bertako kide batzuk hil egin zituzten” azaldu digu Enrike Huartek.
Bitxikeriaz beteta dago peñen historia. 1958an, esaterako, Migel Javier Urmeneta alkateak Iruñeko elkarteekin batera ikusi zituen zezenketak eguzkitako harmailetan. Gezurra dirudien arren, ez da berriro errepikatu antzeko irudirik. Hurrengo urtean, 1959an, Peñen Komisioa sortu zen, eta 1968an lehen Gaixoa ni ekitaldi ofiziala egin zuten Iruñeko udaletxeko plazan. Alta, gerora udalarekin izandako arazo batzuk tarteko, 1981etik aurrera Gaztelu plazan ematen diete amaiera jaiei. Urte hauetan guztietan, harreman gazi-gozoa izan dute udalarekin: “1971n, esaterako, merezimendu turistikoaren plaka jaso genuen, eta, 1975ean, Peñek zilarrezko San Fermin bat oparitu zioten Udalari”.
Haatik, liburuak biltzen duen bezala, “2009an  peñek eta Sanferminetako herri mugimenduak jazarpen handia jasan zuten. Batetik, San Fermin, El Txarko eta Sanduzelai peñek ezin izan zituzten festetan Jarauta kaleko euren lokal tradizionalak erabili, Udalaren iritziz ez baitzituzten ordenantzak betetzen; bestetik, beste behin ukatu ziren Gora Iruñea!-ren 190 ekitaldietan  gune publikoak erabiltzeko udal baimenak, eta erabaki horri Sanfermin herrikoien aldeko manifestazio jendetsu batekin erantzun zitzaion; azkenik, erasorik bortitzena San Fermin eta Armonia Txantreanaren kontrako salaketa izan zen, terrorismoa goraipatzea eta haren apologia egitea egotzita, eta haien presidenteak Auzitegi Nazionalera ere eraman zituzten deklaratzera. Urtebete geroago, auzitegi ospetsu horrek amaitutzat jo zuen auzia, deliturik ez zegoela ebatzita”. Horiek horrela, peñak pankarta beltzekin irten ziren kalera 2010ean.
Berdintasunaren alde egindako bidea ere azpimarratzekoa da. Gaur egun peñetan emakumeak eta gizonak elkarrekin ikusten ditugun arren, ez da beti horrela izan. Hasieran, gizonak bakarrik elkartzen ziren. Gerora, 1945-1979 artean, amabitxi papera hartu zuten emakumeek. “Oro har, emazteak, arrebak edo neskalagunak izaten ziren, eta hori zuten festan parte hartzeko modu bakarra”. 70eko hamarraldian, testuinguruak bultzatuta,  elkarteetan sartzen hasi ziren, pixkanaka. Irrintzi elkartea izan zen emakumeak onartu zituen azkena, 1992an.
Mende bat igarota, guztiz aldatu dira zezenketak ikusteko biltzen ziren hasierako peñak. Egun, bakoitzak bere lokala dauka, eta,Sanferminetan aritzeaz gain, urte osoan hamaika jarduera antolatzen dituzte hiria girotzeko. 1998an, Iruñeko Peñen Federazioa sortu zen, eta bi disko ere grabatu dituzte beren ibilbidean: Con el Chum-Chum de las Peñas (1978) eta 16 kolore, festa 1 (2007). Ez dago zalantzarik: horrekin guztiarekin, irakurleak aukera ezin hobea du munduko festarik entzutetsuenetan murgiltzeko, egun nagusiak noiz helduko diren zain egon beharrean. Beraz, has dadila festa!