Bi euskaltegi berri Bizkaian

kaltxangoHastear den ikasturtean, AEK-k bi euskaltegi berri inauguratuko ditu, biak Bizkaian: Ermuko Kaltxango AEK eta Igorreko Kubulu AEK. Ermukoa izango da lehena inaugurazio ekitaldia egiten, irailaren 27an, 18/19 ikasturtea hasi baino egun batzuk lehenago, alegia. Euskaltegi zaharretik oso hurbil egongo da berria, Zeharkale 16.ean, baina egoitzak ez du aurrekoarekin zerikusirik izango: irakasleen gelaz eta didaktikarien gelaz gain, sei ikasgela edukiko ditu, horietako bat autoikaskuntzarako.
Igorren, berriz, euskaltegi zaharrak 25 urte beteko ditu irailean, eta urteurrenarekin batera iritsi zaio ateak ixteko garaia. Urriko lehen astean, ikasturtearen hasierarekin batera, inauguratuko dute euskaltegi berria, Sabino Arana kaleko 4. zenbakian. Irakasleen gela eta bulegoa ez ezik, lau ikasgela eder eta autoikaskuntzarako beste bat ere edukiko ditu ikasleen zain.