Ez zaizkit batere gustatzen alfonbra gorriak

usabiagaJoseba Usabiaga
Aktorea

Uda hasieratik, Gure Zirkua zirku ibiltarian dabil Usabiaga (Tolosa, 1981), herriz herri, Don Martin aurkezlearen rolean. ETB1eko Goenkale telesaileko Tximista pertsonaiak egin zuen ezagun, baina antzerkian ere eskarmentu handia du. Egun, zirkuan ez ezik, Ni ala zu lanean ere aritzen da. Zineman, Pikadero (Ben Sharrock, 2015) eta Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017) filmetan protagonista izan da. Kirolzale eta kirolaria, korrika egiten du: Donostiako maratoia egin ohi du, eta hainbat mendi lasterketatan parte hartu izan du

Zirkuaren udako biran, 10.000 ikusle baino gehiago izan dituzue oraingoz. Pozik?
Bai. Alde batetik, oso pozik, jendeak ikusi egin nahi duelako. Harrera ona izaten ari gara. Bestetik, pena, ezin izan duelako jende gehiagok ikusi: hasi ginenetik, emanaldi guztiak lepo bete dira, eta ehunka lagun kanpoan geratu. Beraz, bai, oso kontent.
Gustuko duzu bizimodu ibiltaria?
Bai. Bakarrik bizi naiz, eta berdin zait Tolosan nire etxean edo hemen lo egitea: karpan, edo kamioiak lotarako duen txokotxoan, edo karabana batean... Azken asteetan, etxetik kanpo egon naiz, eta gustura asko!
Zerk erakartzen zaitu zirkutik?
Zirkua gustuko dut, eta clown mundua beti gustatu izan zait. Poxpolo eta konpainiarekin, 20 urte baino gehiago egin ditugu mundu horretan. Niri, aktore sentitzen naizen heinean, antzeztea asko gustatzen zait, eta zirkuak horretarako aukera ematen dit: oso gustuko dudana, antzeztea eta pailazoarena egitea, jende aurrean egiteko.
Handiaren arrakastaren zurrunbiloan, zer moduz?
Bueno, ez zaizkit batere gustatzen ez alfonbra gorriak ez elkarrizketa handiak, arropa zehatz bat jantzi beharra protokoloa betetzeko... Hori guztia ez zait batere gustatzen. Zoriontsuagoa naiz hemen, zirkuan. Baina ezin dut ukatu Handia egiteak asko-asko eman didala, eta asko diet eskertzeko zuzendariei, niregan konfiantza izateagatik. Egingo nuke berriro Handia bezalako pelikula bat? Noski. Baina gero horrek dakarren beste parafernalia horrek guztiak ez nau erakartzen.
Pikadero eta Handia. Zinemari esker ezagutu dugu Josebaren alde ez komikoa.
Bai. Komedia egin dut betidanik: Goenkalen, antzerkian, zirkuan... Agian, babes moduko bat izango da. Ongi ezagutzen nauen jendeak badaki oso isila naizela, oso zuhurra, eta nire izaera askoz gertuago dago Pikadero-koa bezalako pertsonaia batengandik, zirkukoarengandik edo Goenkalekoarengandik baino. Erregistro berrian aritzea ez zait oso zaila egin, ni berez banaizelako apur bat horrelakoa. Baina askotan etiketa bat jartzen dizute, eta zaila da hortik ateratzea eta norbaitek zuregan konfiantza edukitzea zer edo zer desberdina egiteko. Nire kasuan, komedia erregistrotik ateratzeko. Zorionez, Ben Sharrockek eduki zuen.
Isila omen zara. Isila, eta Konbenio del Metal heavy taldeko abeslari?
Abeslaria... tira, abestu egiten dut. Hori ere ia-ia antzezlantzat hartzen dut. Arropak pixka bat aldatu, benetako heavy abeslari bat izango banintz bezala azaldu taula gainean, eta abestu egiten dut. Bai, isila naiz, baina horrelako tokiak nire isiltasun eta bakardade puntu hori pixka bat apurtzeko baliatzen ditut. Zeren, isila izateaz gain, oso bakartia bainaiz.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Egunero egin nahi dudan hori egiteko gai izateak.
Eta tristatu? Gauza gutxik. Oso gertukoen penak, baina oso-oso gertukoenak.
Zerk eragiten dizu barrea? Mahai inguru atsegin batek, lagunekin.
Eta negarra? Uste dut ez dudala inoiz negarrik egin. Zorionez, bizitzak ez didalako horretarako paradarik eman, baina pentsatzen dut oso gertukoen pena handi batek eragingo didala negarra.
Bizio bat: Txokolatea.
Gustura jokatuko zenukeen rola... Zinema mutua egingo nuke oso-oso gustura.
Igande arratsaldean, Tourreko etapa ikusi ala zinemara joan? Tourreko etapa, eta gero zinemara. Etapa ezin dut galdu.

Eñaut Mitxelena