Euskaraldia, gu guztion esku

Euskaraldia kanpainak hainbat hil darama martxan, baina abiada bizia hartuko du hemendik aurrera. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gauzatuko da, euskararen erabilera indartzeko asmoz. Dei egingo zaigu euskal herritarroi paparrean jantziko dugun txapa baten bidez Ahobizi edo Belarriprest garen adieraz dezagun. Aukeratzen dugun rolaren arabera jokatu beharko dugu hamaika egun horietan. Hortaz, galdera pare bati erantzuten hasteko garaia da: Badakit euskaraz hitz egiten? Euskaraz hitz egiteko gaitasunik izan ez arren, uler dezaket zerbait? Baietz erantzunez gero, eguneroko bizimodua euskaraz egin dezakegula ohartuko gara, bai, behintzat, Euskaraldiak iraungo duen hamaika eguneko tartean. Horiek horrela, azken galderari erantzutea baino ez zaigu falta: Belarriprest ala Ahobizi izango naiz? Zeuk erabaki. Maider del Olmo, M. Egimendi.


illaro

“Aukera eta behar jakin batzuetatik sortu da Euskaraldia”

Euskaraldiaren koordinatzailea da Arrate Illaro Etxebarria (Algorta, 1989). Ekimenaren helburua azaldu du: euskararen erabilera areagotzea. Horretarako, beharrezkoa ikusten du herritarren eta erakundeen arteko elkarlana. Lerroon bideez, Illarok euskaltegietako ikasleak ere animatu nahi ditu gizarte ariketa horretan parte hartzera: “Saltoa emateko aukera izan daiteke, kalean euskaraz aritzeko”.

Hainbat aurrekari ditu Euskaraldiak, alegia, ez da hutsetik abiatu. Mintzagai dugun dinamika testuinguruan jartzeko, Donostiara jo behar dugu, Egia auzora. Bertan, 2016. urtean, hainbat euskaltzalek bidea zabalduko zuen ekimena gauzatu zuten, gero azken urte eta erdian 20 herri eta eskualdetan segida izan duena. Egian euskaraz bizi nahi dugulako eta ondorengo beste esperientziak ondo baloratu izan dituzte herritarrek, eta horixe izan da jauzi handiagoa eman nahi izateko arrazoietako bat, orain Euskaraldiarekin Euskal Herri osora zabalduta. Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean egingo da estreinakoz.
Ikusteko dago zein tamaina hartuko duen hamaika egun iraungo duen gizarte ariketak, azaroaren 23tik hasita abenduaren 3ra bitartean. Edozelan ere, antolakuntza ez da makala. Herri asko daude, tartean hiriburuak, prestaketetan murgilduta. Hala, Arrate Illarori egokitu zaio lehenengo Euskaraldia Euskal Herrian koordinatzeko ardura. Ilusioz mintzo da bere lanaren berri ematean, dinamikak euskal hiztunen aktibazioa sustatu ahal duela jakitun. Euskalgintzan eskarmentuduna da Illaro. Orain gutxi arte arte, Euskal Herri osoko mintzapraktika egitasmoak koordinatzen aritu izan da, Euskaldunon Topaguneko kide gisa. Bestalde, harreman estua du bertsolaritzarekin. Egindako ikasketei dagokienez, Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, EHUn. Azken hilotan, buru-belarri dabil Euskaraldiaren koordinazio lanetan, beste ezertarako denbora gutxirekin, aitortu duenez.
Aukera eta behar jakin batzuetatik sortu da Euskaraldia. Azken urteotan hainbat herritan egindako ekimenek halakoen aldeko korrontea sortu dute” adierazi du. Hala eta guztiz ere, beste abiapuntu bat ere badu ekimenak, erakundeekin lotura ahalbidetu duena: iaz Lasarte-Orian egindako Udaltop topaketa. Bertan, proposamena aurkeztu zuten Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Horren ondotik, hartu-emanak etengabeak izan dira instituzioekin eta gizarteko talde desberdinekin, eta horrek egin du posible Euskal Herri osoko instituzio eta eragileak Euskaraldiaren sustatzaile taldean sartzea.
Euskaraldia hurbildu ahala, bi hitz bolo-bolo dabiltza inguruan: Ahobizi eta Belarriprest. Paparrean jartzeko txapek izen horiek eramango dituzte. Haien esanahia argitu digu Illarok: “Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugu. Egun horietan, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi dira ulertzen duten guztiei euskaraz egiten dietenak, baita ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, euskaraz ulertzen duten kideak dira, besteei euskaraz aritzeko gonbidapena egingo dietenak txaparen bidez”.
Bestalde, Euskaraldiak iraun bitartean, ikerketa egingo du Soziolinguistika Klusterrak. Horrela, hizkuntza ohituren gaineko ondorioak atera nahi dituzte. Era berean, datozen asteotan, Euskaraldiaren sustatzaileek tailer batzuk emango dituzte: “Gomendioak emateko tailerrak dira. Batzuetan, ez dugu jakiten nola jokatu, gure parekoak euskaraz egiten ez badigu, edo ez badakigu euskalduna den ala ez... Gisako egoeretarako aholkuak emango dira”.
Ikasleak ere Euskaraldian parte hartzera gonbidatu nahi ditu: “Saltoa emateko aukera izan daiteke, kalean euskaraz aritzeko. Gainera, babes egoera berezian egingo dugu ariketa. Bakoitzak aukera dezala nahi duen rola, biak dira garrantzitsuak, Ahobizi eta Belarriprest. Halaber, kontatu ingurukoei zer egingo duzuen, zertan parte hartu behar duzuen, zabaldu”.


zurine

“Euskara mailak, hitz jarioak... ez du axolarik. Intentzioa da inportanteena”

Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) Euskaraldiaren Nafarroako hamaikakoan dago. Ilusio handiz onartu du gonbita, “ohore handia” baita berarentzat, batez ere hamaikakoa Nafarroakoa delako.

Kanpainan parte hartzeko proposamena egin ziotenean, “ilusio berezia” egin zion, “batez ere, Nafarroako hamaikakoa zelako. Gasteizen jaio arren, bizitza ia osoa Nafarroan egin dut, eta nafarra sentitzen naiz, hein handi batean”. “Erantzukizun handiko proposamena” zelako onartu zuen gonbita: “Batetik, nire aletxoa ipiniz, asko egin ahal dudala uste dut; eta, bestetik, euskarari eta nire herriari zor diet”.
Nafarroan euskarak “indarra” behar duela dio Hidalgok, “egoera ezberdina delako”. Haatik, baikor egoteko arrazoiak ere ikusten ditu: “Nire herrira, Zizurrera, joaten naizenean, kalean umeak euskaraz entzuteak bizia ematen dit; orain lehen baino askoz gehiago entzuten da. Bestalde, benetan ederra da Erriberara joan eta jendea euskaraz mintzatzen entzutea. Zailtasunekin batzuetan, baina euskaraz. Pertsona horien konpromisoak eta jarrerak meritu itzela dute”.
Hidalgok euskararekin duen lotura “asko” aldatu omen da eskola garaitik gaur egunera arte: “Txikitan, eskolan soilik mintzatzen ginen euskaraz. Nire gurasoek ez dakite euskaraz, eta lagunartean ez genuen ohiturarik euskaraz mintzatzeko, nahiko erdaldunak ginen. Gaur egun, zorionez, euskaraz bizi naiz. Lanean, musika taldean, lagunartean… euskara da nagusi, lehen ez bezala. Aldaketa gertatzea nahi nuen, eta aldaketa gerta daitekeela ikusi eta ikasi dut”.
Hidalgo Ahobizi izango da Euskaraldian, “erronka kolektiboa izateaz gain, norberaren erronka ere badelako. Gaur egun, non nagoen, nor dudan parean... euskara ala gaztelania erabiltzen dut, modu oso inkontzientean. Halere, azken urteotan, lehen hitza edo esaldia euskaraz egiten ahalegintzen ari naiz”. “Oso esperimentu interesgarria” izango da, Hidalgoren iritziz: “Nik, behintzat, gaztelaniara ez jotzeko saiakera guztiak egingo ditut. Kuriosoa eta oso interesgarria litzateke egunkari bat idaztea, egoerak, anekdotak… jasotzeko”.
Arrazoiak baditu Hidalgok euskaraz bizi nahi izateko: “Batetik, geure hizkuntza da,  Euskal Herriko hizkuntza, gure identitatearen altxorrik preziatuenetakoa, mendez mende bizirik iraun duena. Bestetik, bere garaian euskara ikasi nahi izan zutenei, nire gurasoei, kasu, aukera ukatu zitzaien, edo ez zuten ikasteko aukerarik izan... Finean, euskara galtzea ez da aukera bat, ezin dugu onartu”.
Euskaraldia lagungarria izango dela uste du Hidalgok: “Batetik, alde praktikoa izango du, ezinbestekoa. Teoria oso ondo dago, baina praktikarik gabe, jai daukagu! Bestetik, hausnarketa handi eta sakonera eramango gaitu denok, hala izatea espero dut. Izan ere, gogoeta horretatik ateratako ondorioak esku artean, lanean jarraituko dugu, motibatuta, pozik… motibazio eta ilusiorik gabe, ez goazelako inora”.
Horixe da, jendea motibatzea, hain zuzen ere, Hidalgoren zereginetako bat Euskaraldian: “Euskarak behar gaitu, garrantzitsuena saiatzea da. Euskara mailak ez du axolarik, hitz jarioak ere ez… Intentzioa da inportanteena, euskarari bizia ematea, ahalegin hori egitea, eta, nola ez, guztia ilusioz hartzea. Norberaren ekarpenak asko lagun dezake, norberaren aletxoa ezinbestekoa da. Beraz, bakoitzak balora dezala nolako aletxoa ipini nahi duen, baina ipin dezala, horixe baita inportanteena. Ekarpen hori, izan txikia edo handia, beti izango da ongi etorria. Herri bat gara, eta herri sentitu behar dugu ekimen honetan ere”.


begiristain

“Ekimen honen bidez, maite duguna oparituko dugu: euskara”

Maialen Begiristain (Altsasu, 1993) Gasteizko Zadorra AEK euskaltegiko irakaslea eta Ahize Hizkuntza Aholkularitza Zerbitzuko teknikaria da, baina beste zeregin bat ere edukiko du udazken honetan, Euskaraldia kanpainarako prestatzailea baita.

Begiristainen lana da prestakuntza saioak  edo tailerrak ematea talde eragileei, haiek ondoren beste eragile batzuk eta herritarrak presta ditzaten. Lau orduko saioetan, Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen dira: nondik datorren, zergatik orain, zein diren oinarri teorikoak... Eragile baten ezaugarriak ere ikusten dira, eta Euskaraldia aurrera eramateko teknikak lantzen: nola azaldu kanpaina herriko eragile bati, nola argitu sor daitezkeen zalantzak... Gomendio horiek jasota, jendea “lanerako gogoz” ateratzen dela dio Begiristainek. Ariketaren bat edo beste ere egiten dute erantzun desegokiren bat jaso duena lasaitzeko, baina “hor garrantzitsuena da argi izatea ez dugula ezer txarrik egiten, gizartearen onerako ari garela euskaraz ari garenean. Ekimen honen bidez, maite duguna oparituko dugu: euskara. Beraz, jarrera txarrei kasu gutxi egin, eta geurean jarraituko dugu”. Izan ere, lehen hitza euskaraz botatzeak estres linguistikoa eragiten du, askotan, “ez dakigulako nola erantzungo diguten, baina Euskaraldiak egoera erosoagoa eskainiko digu horretarako, sozialki onartua egongo delako egunerokoan euskaraz aritzea, lehen hitza euskaraz egitea edota elkarrizketa asimetrikoak izatea”.
Euskaldunok “ahalduntze prozesu bat” behar dugula dio Begiristainek, “oraindik ere kostatu egiten zaigulako gauza asko euskaraz egitea, hala nola toki ezezagun batean lehen hitza euskaraz botatzea. Horretarako ere eskainiko dugu prestakuntza, euskaldunok ahalduntzeko eta euskaraz aritzeko bideak aurkitzeko”. Izan ere, “garrantzitsua da hausnartzea zergatik bizi nahi dugun euskaraz, nork bere arrazoiak ondo barneratzeko”.
Errazena da pentsatzea euskaldunak Ahobizi izango direla, eta ikas prozesuan daudenak Belarriprest, baina ez du zertan: “Saio hauen helburua da pertsonak gidatzea, norberak aukera dezan zer izan: Ahobizi edo Belarriprest. Euskalduna izanik, ikusten badut, lanean edo lagun artean, ezingo dudala Ahobizi izan, edo ez naizela eroso sentituko, Belarriprest izan naiteke. Alderantziz ere bai, eduki ditzakegu oso motibazio handiko ikasleak, hamaika egun horietan ezin gogotsuago saiatu eta Ahobizi izango direnak. Azken finean, rola ez dator bat euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin edo euskararekiko izan dezakegun jarrerarekin”.
Prestakuntza saioen hartzaileak hainbat motatakoak dira: “Orion, adibidez, euskaraz aritzea da ohikoena, baina badago euskaraz egiten ez duen jendea ere. Formakuntza saioan, hango talde eragileko norbaitek bota zuen berriki jakin duela fruta dendakoa euskalduna dela. Ustekabe atsegin asko hartzen dira. Beste batzuetan, berriz, zailagoa suertatu ahal zaie jende euskaldunarengana jotzea, eta hori nola egin ere azaltzen diegu saioan”. Dulantzin, talde eragile sortu berriarekin aritu zen Begiristain: “Oso herri desberdina da, orain arte ez delako egon euskalgintzarik. Beraz, diagnostikoa egoki egiten lagundu behar zaie, herrian norengana jo asma dezaten. Gainera, talde moduan ahalduntzea ere behar zuten, inoiz ez dutelako horrelako lanik egin”.
Euskara ikasleek ere parte har dezakete, noski: “Errealistak izan behar dugu, hasieratik utzi behar diegu argi hartuko duten konpromisoa egingarria izan behar dela, hamaika egunez iraun behar dutelako”. Begiristainen ikasguan, “A2 mailako ikasleek hasieratik esan ziguten Belarriprest izango direla; C1eko askok, berriz, Ahobizi izan nahi dute, egokia delako eurentzat etorkizuneko hizkuntz ohiturak euskaraz eraikitzeko; beste maila batzuetan, denetik ikusi dugu. Hala ere, nik konfiantza dut askok, Belarriprest txapa eraman arren, Ahobizi moduan jokatuko dutela”. Hala, Begiristainek uste du Euskaraldiak Euskal Herria aktibatuko duela euskararen arloan: “Orain arte aktibatu ez dena eta aktibatuta egon dena elkarlanean arituta, euskaldunok babestuago sentituko gara, eta horrek bide emango digu lasaiago aritzeko euskaraz”.