Xerezade, Interneten eta euskaraz

xerezade

Bai, Xerezade modernizatu eta euskaldundu egin da. Ana Morales (Bilbo, 1969) eta Jasone Larrinaga (Mungia, 1969) dira Xerezade. Podcast blog bat dute Interneten, Xerezaderen Artxiboa izenekoa, non hainbat kontu zabaltzen dituzten. Gehienak, ipuinak. Guztiak, euskaraz. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

Ana Morales eta Jasone Larrinaga 2010ean hasi ziren egitasmoa prestatzen, orduan Saioa Gabikagogeaskoarekin batera. Kalitatezko grabazioak egiteko estudioa behar zutenez, Bilbo Hiria Irratira jo zuten: “Mieltxo Monfort zuzendariak berehala esan zigun baietz. Guk, trukean, saioa eskaini genien, podcasta programazio barruan sartu ahal izatea, alegia. Hainbat testu grabatu ostean, behin alde teknikoari beldurra kenduta, etxean grabatzeko probak egiten hasi ginen. Gure oinarrizko inbertsioa mikrofono on bat erostea izan zen, eta orain etxean egiten dugu guztia”. Haatik, jarraitzen dute saioak irratian ematen, larunbat gauetan, “eta hortik Arrosa Sarera ere iristen da”.
Lehenengo podcasta 2011n gauzatu zen. Ale bakoitzean, idazlea aurkeztu ostean hasten da kontakizuna. Moralesek jartzen du ahotsa, irakurketa etxean grabatuta. Larrinaga edizioaz arduratzen da. “Gure podcastak antzeztuak dira” dio Moralesek, “ez da irakurketa uniformea, eta efektuak erabiltzen ditugu; adibidez, ‘atea jo zuen’ irakurriz gero, tok-tok soinua sartzea, edo haize hotsa...”.  Musika ere badu podcastak, Larrinagak eransten diona: “Testua irakurri ostean, entzun egiten dut. Saiatzen naiz zer iradokitzen duen eta zer musika tokatzen zaion irudikatzen”.
Ehun podcast baino gehiago ditu Xerezadek artxiboan. Kontakizunak garai guztietakoak eta estilo ezberdinetakoak dira, ez dute horiek aukeratzeko irizpiderik: “Biok gara literaturazaleak, eta antenak beti ditugu adi. Inkontzienteki bada ere, beti gaude podcastetan pentsatzen”. Gaietan ez dute mugarik: “Izatekotan, aurrekoa oso tristea edo iluna izan bada, hurrengorako zerbait arinagoa aukeratzen saiatzen gara”. Generoari dagokionez, ipuina, saiakera, poesia, diskurtso indartsuko hitzaldiren bat... dute entzungai, baina gehienbat ipuinak edo kontakizun laburrak. Xerezaderen Artxiboak ipuina balioetsi ere egiten du: “Askotan, nobelaren ahizpa txikia dela ematen du, idazlea ez dela idazle nobela bat idatzi arte, baina behin eta berriz errepikatzen den esaldi horren kontra gaude. Formatua oso aproposa da une batzuetarako: etxeko lanak egin bitartean, kirola egitean, autobusean... Egoera horietan, osorik entzun daiteke, hasi eta buka”.
Itzulpenen balioa
Xerezadek gutxienez hilean behin argitaratzen du podcast berri bat, beti euskara hutsean. “Euskaraz idatzitako ipuinak ez direnean, euskaratuta daudenak hartzen saiatzen gara,  asko eta  oso ondo itzuliak daudelako, ingelesetik, frantsesetik, alemanetik...”. Biak dira itzultzaileak lanbidez, eta estimatzen dituzte ondo egindako itzulpenak: “Eusko Jaurlaritzak abiatutako Literatura Unibertsalaren bilduma ere hor dago, asko edaten dugu hortik, baina baita beste itzulpen batzuetatik ere, askotan nahiko ezezagunak. Jendeak mesfidantza die itzulpenei, kontuan hartu barik txikitan gaztelaniaz jaso genuen ehuneko oso handia itzulpena zela: Verne, Dickens, Enid Blyton... Euskaraz kalitate handiko itzulpenak ditugunez, gure apustuetako bat da horiek ezagutzera ematea”. Eta dena delakoagatik “maitemindu” dituzten itzuli gabeko testuak aurkitutakoan, itzuli egiten dituzte, edo itzulpena eskatu: “Badaude inon argitaratu gabeko itzulpen batzuk, Xerezaderen Artxiboan baino aurkitu ezin direnak. Itzultzaile profesionalenak izan arren, doan egin dute lan hori guretzat. Gurekin kolaboratzen dutenek badakite , gehienez ere, askaria ordaintzen dugula, kar-kar!”.
Idazleekin, itzultzaileekin, musikariekin... guztiekin jartzen dira harremanetan haien lana erabiltzeko baimena eskatzeko. Bitxikeria moduan kontatzen dute Margaret Atwooden testua grabatu nahi izan zutenean haren agentearekin jarri zirela harremanetan: “Esan zigun baimena emango, zigula kontratu bat sinatuz gero, eta 0 €-ren truke sinatu genuen! Interneten bost urtez argitaratuta edukitzeko da. Epea bukatutakoan, berritu egin behar da kontratua. Hau da, ez du kobratzen, baina jakin nahi du non zer daukan, eta nola. Eta idazle estatubatuar batek kobratu nahi izan zigun bere ustez sinbolikoa zen kopuru bat, baina gu oso txikiak gara eta ez dugu etekin ekonomikorik ateratzen, beraz...”.
Xerezadek 244 jarraitzaile ditu Twitterren, eta 26 Facebooken. Batzuekin badute feedbacka ere: “Ez dira asko, baina kontuan izanda gurea hizkuntza gutxitua dela eta entzuteko literatura oraindik tabua dela zenbaitentzat... Batzuk oso zaleak dira, harreman handia dugu Twitter bidez, eta irakurketak proposatu ere egiten dituzte. Hala ere, entzuleak animatu nahi ditugu iruzkinak blogean ere idaztera. Badugu entzule oso eguneratu bat ere, ez dugu nahikoa ekoizten horrentzat! Entzuten dituen testuak komentatzen ditu, baita berriak eskatu eta proposatu ere! Argitaratu berri dugun Joxe Azurmendiren poesiari eta filosofiari buruzko saiakera berak eskatutakoa da. Dena den, guretzat jarraitzaile bakar batek urregorria balio du. Zenbat eta gehiago, hobe, baina gutxi izan arren, horientzat Oscarra irabazteko bezala ahaleginduko gara!”.
Literatura irakurria ez da entzutekoa baino gehiago edo gutxiago, Moralesen ustez, “norberaren gogo, apeta eta ahalmenaren araberakoa baizik. Badirudi entzuteko literatura teknologiarekin etorri dela, baina betidanikoa da: lehen, komentuetan, abade batek besteei irakurtzen zien; elizan, alfabetizazioa iritsi arte, Biblia abadeek eliztarrei irakurrita transmititu da; Sir Walter Scottek bere zerbitzariei irakurtzen zien...”. Edo baliteke, Larrinagaren esanetan, “podcast bat entzun eta gustatuz gero, interesa piztea eta idazle horrek zer gehiago idatzi duen jakin nahi izatea”. Literatura, irakurri zein entzun, beti literatura, beti plazera.