Euskal doinuen Japoniako laguna

japo

Shogoren etxea da Euskal Herriko enbaxada Japonian. Nor ez da egon han? Azken hiletan, besteak beste, Willis Drummond, Huntza eta Esne Beltzakoek ezagutu dute. Azkenak geu izan gara: Elepunto eta konpainia. Txomin L. Aramaio.

 

Shogo Komiyamak 20 urte inguru daramatza euskal taldeak Japoniara eramaten eta hango taldeak gurera ekartzen. Doraemon katu kosmikoaren auzoan bizi da. Bai, Nobitaren etxearen alboan. Izan ere, azken urteotan Kawasakin bizi da, Tokiotik apurtxo bat aldendu ostean.
Tama ibaiak banatzen ditu bi hiriak. Bada, justu ibaiaren alde horretakoa zen Doraemonen sortzaile Hiroshi Fujimoto, eta hango kale, etxe, mendixka, erreka eta trenbideetan oinarrituta dago Doraemonen unibertsoa. Metroan ailegatu bezain laster aurki daitezke katu kosmikoaren erreferentziak: treneko megafonian Doraemonen abestia, museoa, autobusetan marrazkiak, estatua txikiak nonahi...
Paraguain jaio eta Argentinan hazi zen Shogo Komiyama. Gurasoak japoniarrak ditu, eta II. Mundu Gerra bukatu ostean joan ziren Hego Amerikara. 20 urterekin, gurasoen herrira joan zen ikastera, eta mundu erdian zehar ibili ostean Tokion bota zuen aingura. 1996tik dago bertan. Hiru urte geroago sortu zuen Japonicus ekoiztetxea, lagun batzuekin batera; kanpoko artistei zuzeneko kontzertuak ematen laguntzeko sortu zuten.
Fermin Muguruza izan zen Euskal Herria-Japonia harremanaren hasiera. Aurretik ezagutzen zuten Muguruzaren musika, eta bazekiten Japoniara joatekotan zebilela, baina ezin zituela kontzertuak lotu. Bada, Japonicus ezinbestekoa izan zen lehenengo bira hura lotzeko. Atzetik etorri ziren beste dozenaka talde eta bakarlari.
Urtean 150 kontzertu antolatzen dituzte, gutxi gorabehera, Japonicuseko lagunek; gehienetan, Japonicuseko kide diren musika jartzaile eta musikariekin. Lokal txiki, ertain zein handietan egiten dituzte, baina batez ere txikietan, Japoniako mundu underground-ean. Estilo desberdinetako taldeak biltzen dituzte, normalean erritmo latino edo beltzak jorratzen dituztenak: ska, reggae, cumbia... Disc-jockeyek ere estilo horiek hartzen dituzte ardatz saioetarako, eta, noizean behin, euskal taldeen abestiak ere sartzen dituzte. DJ Txakok (Shogoren bikotekidea) eta DJ Satoruk, kasu.
Shogok txikitatik dauka lotura erritmo latinoekin. Etxean entzuten zituen, aita zaletua zelako. Era berean, amak Japoniako musika tradizionala entzuten zuen. Mundu bietatik edan zuen, eta bi kultura izateak ate asko zabaldu dizkio, bai lan esparruan bai harremanak egiteko orduan. Ekoiztetxearen izena ere mundu bien isla da: Japon + icus (latinetik hartutako atzizkia).
Bere inguruan, musika errebeldetzat jotzen da euskal musika, alegia, protestarekin lotzen dute. Halaber, instrumentu tradizionalak rockarekin edo bestelako doinuekin lotzeko gai dela uste dute. Txalaparta, trikitia... gustatu egiten zaie, eta instrumentuok jarraitzaileak dituzte han. Dozenaka euskal taldek bisitatu dute Japonia, eta hango talde batzuk ere izan dira gurean. Irailean, esate baterako, Tex & the Sun Flower Seed ska taldeak bira egingo du DJ Txako eta DJ Satorurekin batera, eta Lekeition, Bermeon eta Legorretan izango dira.

Rebel Fiesta, Fight For Rights eta Clandestino: Euskal DJ bat Tokion
Hiru jaialdi txiki antolatzen ditu Tokioko areto txikietan, hilero, Japonicusek: Rebel Fiesta, Clandestino eta Fight For Rights. Horietan guztietan sartu gintuzten, hango disko jartzaile eta musikariekin batera. Jaialdi txikiak dira, esan bezala, baina  badute publikoa. 40 lagun inguru hurbiltzen dira saioetara, eta badakite non dagoen Euskal Herria; are gehiago, gai dira hemengo kanta batzuk abesteko, edo erdi abesteko, behintzat. Badago benetako harremana.
Bitxia da, adibidez, Esne Beltza taldearen Pasodoble abestia japoniarren ahotan entzutea, edota Betagarriren edo Muguruzaren abestiekin dantza batean ikustea.
Gurekin jo zuten taldeetako batek Fermin Muguruzaren Inkomunikazioa kantuaren bertsioa egin zuen, eta gure saioetan entzundako Skalariaken Solo Vivir eta Muguruzaren Dub Manifest instrumentuekin lagundu zituzten. Hunkigarria izan zen.
Aretoak txikiak dira, eta saioak laburrak. DJ batena 40 minutukoa da, asko jota. Laburregia, akaso, baina horrela saioak 6-8 musika jartzailerekin  elkarbanatzeko aukera dago, elkarri entzun, berba egin eta ikasteko. Batek amaitzen duenean, atzetik datorrenak prest izan behar du hurrengo abestia. Etenik ez dago.
CDak edo biniloak erabiltzen dituzte; izan ere, gaizki ikusia dago ordenagailuaz edo USBez baliatzea musika jartzeko.
Azken saioa Shinjukuko (Tokio) areto mitiko batean egin genuen, Cafe Lavanderian, hain zuzen. Ezkerreko intelektualak biltzen dira areto horretan, eta lan boluntarioa egiten dute bertan. CNT, antifaxista, ikurrina... hamaikatxo bandera eta liburu daude apaletan. Kirmen Uriberen Mussche liburuaren japonierazko bertsioa ere aurkitu genuen. Ilusioa egin zien euskaldun batzuk han agertzeak.
Aurreko saioetara japoniarrak agertu ziren, batez ere. Azkenekoan, ordea, hiru euskaldun, aita bilbotarra duen madrildar bat, ingeles batzuk, indiarrak... kuadrilla bitxia osatu genuen.
Euskal musikak, erritmo latinoek, protestak eta Japoniak batu gintuzten guztiok.