Tretatxu, baserritarren heroia

tretatxu

Larrauriko (Bizkaia) bidelapurraren ibilerek oihartzuna izan zuten XVIII. mendean, batez ere Bizkaian. Bere ausardiarengatik egin zen ezagun, baita garaiko ordena morala hausteagatik eta handikien aurrean ez makurtzeagatik ere. Botereak gaizkiletzat jo zuen; herriak, aldiz, heroitzat. Nor izan zen, baina, Bautista Landa Tretatxu? Haren biografian murgiltzea abentura zirraragarria da: lapurreta, ihesa, traizioa… Herri kulturak lapur sozialari aitortu zizkion lekua eta garrantzia ahaztu barik, orduko gizarte gatazken isla da pertsonaia. Maider del Olmo.

Legez kanpoko karrera laburra egin zuen Bautista Landa Tretatxuk: 1751. urtetik 1753ra bitartekoa. Nahikoa, baina, heroi bilakatzeko. Auzitegietan, milaka orrialde utzi zituen bere kontrako salaketaz eta frogaz beteta, eta arrasto sakona ere bai. Goiz batean baserria eta familia utzita bidelapur bilakatu zen gizonaren ibilerak ahozko tradizioari esker iritsi dira gaurdaino. Horrela jakin dugu gerora, dokumentuak arakatuta, abadeari dirutza ostu ziola, kontrabandoan aritu zela, amorantea izan zuela, jatorrizko herritik (Larrauritik) Baionaraino edo Iruñeraino joan zela, eta, azkenean, Valladolideko espetxean hil zela.
Errebelde honen bizitzak XVIII. mendeko gizartera garamatza, nabarmen okerrera egin zuen baserritarren egoera ezagutzera, errenta handiek eta zorrek ito egin baitzituzten. Zenbaitek etxea ere galdu zuen. Prozesua luzea izan zen eta kalteak gehienek pairatu zituzten; izan ere, pixkanaka, nekazarien jabetza murriztu egin zen. Batzuek galdu egin zuten; beste batzuek, ordea, aberastasuna pilatu. Hortaz, bazeuden galtzaileak eta irabazleak. Hala, haien arteko talka sortu zen. Tretatxuk berak jendaurreko gatazkak izan zituen herriko jauntxoekin eta handikiekin.

Bakarka lapur, elkarrekin herri (Zenbait susmo eta hipotesi)
Tretatxuk bandolero sozialen gaia dakarkigu. Orain arteko ikerketek bakarra aipatzen zuten Euskal Herrian: Manuel Antonio Madariaga Patakon ospetsua. Orain, ahanzturatik berreskuratutako beste baten berri dugu: Tretatxu. Izan al zen gehiagorik? Hektor Ortegak baietz uste du. Ez da susmo bakarra, galdera eta hipotesi gehiago ere badago: nola hil zen Bautista Landa? Valladolideko espetxean zendu zela badakigu. Begitan zuten jauntxoek (Tellaetxetarrek) hil zuten? Bestalde, ba al du Tretatxuk loturarik 1766. urteko Azkoitiko matxinadarekin? Apopilo egona zen senar-emazte batzuen etxean; hain justu, gero, matxinadan, lehenengo lerroan egon zen bikotearenean. Arrastorik utzi al zuen bidelapurrak haiengan? Hektor Ortegak argi du: gaiaren gaineko dokumentaziorik agertu ezean, galderak susmo eta hipotesiak baino ez dira.

Hektor Ortega:
“Herriko jendeak mito bihurtu zuen”
Tretatxu lapurren gobernadorea. XVIII. mendeko bandolero. Gaizkile eta heroia liburuaren egilea Geografia eta Historia lizentziaduna da. Bautista Landa Tretatxu (Larrauri, 1716-1761) bidelapur ahaztuaren bizitza berreraiki du kazetari deustuarrak.

Zerk eraman zaitu Tretatxuren pausoak jarraitzera?
Aspaldi, Joseba Agirreazkuenagaren artikulu bat irakurri nuen bandolerismo sozialari eta Patakon (Manuel Antonio Madariaga) zeritzonari buruz, eta txundituta geratu nintzen, asko gustatu zitzaidan. Euskal Herriko kontu bat zen, hemen ere bazegoen Robin Hooden istorio hori. Bestalde, Tretatxuri heldu nionean, ez nekien bandolerismo sozialean jardun ote zuen. Ondoren, Xabier Amurizaren liburu bat irakurri nuen. Amurizak Bizkaiko kopla eta bertso zaharrak hainbat liburutan batu zituen, eta, haietako batean, kopla batean, Tretatxu lapur gisa aipatzen zen, nahiko modu goreslean. Interesgarria izan zen horrelako pertsonaia bat kopla batean agertzea, eta iruditu zitzaidan izan zitekeela benetako pertsonaia bat. Ni lanbidez ez nabil historialari, beste zeregin batzuk dauzkat, eta nire denbora librean aritzen naiz artxiboetan. Azkenean, denbora atera nuenean, urte batzuk geroago, egiaztatu nuen artxiboetan bazegoela Tretatxu, benetakoa izan zela eta, gainera, dokumentazio asko zegoela haren gainean.
Dokumentazio hori baliatuta, saiakera liburu bat argitaratu duzu, ezta?
Bai. Tretatxuren bizitzaren inguruko materiala oso interesgarria da, eta hainbat modutan heldu ahal zaio. Nik oso argi izan dut historia lan bat egin nahi nuela, historiari dagokion diziplinaren baitako betebehar guztiak beteta. Hortaz, irakurleak berehala konturatuko dira liburuan agertzen diren aipamenen eta agirien erreferentziak nondik dauden aterata, eta abar. Ez hori bakarrik. Hasieratik, marko teoriko bat egin nahi izan dut, ikerketa ondo ulertzeko. Alde horretatik, historia lana da. Egia da, bestalde, kazetaria naizela, eta urte askoan egin dudala lan hori. Hala, historia liburu bat egiten ahalegindu naiz, arauak zorrotz beteta; aldi berean, ahalik eta irakurgarrien egin nahi izan dut.
Historia idaztean, historialariak bere ikuspuntua ezartzeko arriskurik ba al da?
Tretatxuren bizitza berreraikitzeko daukagun material guztia agiri judizialak dira. Halako dokumentuak botereak sortzen ditu beti, helburu jakin batekin. Irakurtzean, eta ariketa hori egin nahi izan dut nik, deskodetze prozesu bat egin behar dugu. Hortxe dagoelako, edo egon daitekeelako, egiaren zati bat. Halere, galdera zuzenak egin behar dira eta erantzunak ezagutzen ditugun beste datu batzuekin ondo erkatu. Egia da beste historialari batzuek ere idatzi dutela Tretatxuren gainean, nik baino lehenago, eta nire ondorioen guztiz kontrakoak atera dituztela. Galderari nolabait erantzutearren, bai, uste dut batzuetan egon daitekeela joera, historialarion aldetik, ondorioak arinegi ateratzeko. Kasu honetan, dokumentazio asko zegoenez, atera ditugun ondorioak oso ondo dokumentatzeko parada izan dugu. Beste kasu batzuetan, ez dago dokumentaziorik, edo oso gutxi dago, eta, hala eta guztiz ere, ondorioak ateratzen ditugu. Uste dut halakoetan kontu handiz ibili behar dugula, iraganeko pertsona horiekiko begiruneari eutsita. Ez dut esan nahi ez denik errespetuz jokatzen, baina, beharbada, kontu handiagoz egin beharko genuke. Jakina, pertsonak garen neurrian, erratu egin gaitezke, hori normala da. Batzuetan, ez badaukagu behar besteko dokumentaziorik, hobe da ondoriorik ez ateratzea.
Ahozko tradizioa zertan izan da giltzarri?
Ezinbestekoa izan da. Ahozko tradizioari esker dakigu Tretatxu ez zela lapur arrunta izan. Tradizio hori egon ez balitz, Tretatxu biografia bitxia duen pertsonaia bat irudituko litzaiguke, baina ez liburu honetan ezagutu duguna: baserritarren mitoa eta heroia. Ez zen izan biografia gorabeheratsua izan zuen bidelapur soila, askoz gehiago baizik. Herrikideek beren borrokaren ikurtzat jo zuten, eta mitoak 250 urtez iraun du bizirik, nahiz eta guk ezer jakin ez hari buruz eta inon argitaratuta egon ez... Ahozko tradizioari esker dakigu orain. Horrexek erakusten digu zein arrasto sakona utzi zuen.
Irakurtzen bazekien?
Ez. Garai hartan, baserritarren artean, oso gutxik zekiten irakurtzen.
Nolanahi ere, demagun baietz. Gustuko izango luke zure liburua?
Harrituta geratuko litzateke, seguru; izan ere, gutxien esperoko lukeena litzateke norbaitek liburu bat idaztea bere bizitzaren gainean. Pentsatu nahi dut baietz, gustatuko litzaiokeela. Ahalegindu naiz oso zintzoa izaten, eta alde horretatik uste dut  egiatik ahalik eta hurbilen ibili naizela, ahal izan dudan neurrian, eskura dagoen dokumentazioa oinarri. Gainera, baliteke gauzaren bat edo beste ulertzea berak; adibidez, zergatik egin zioten segada hura Orozkon... ez zekien zergatik, ez zuen ulertzen. Beharbada, liburua irakurrita, ohartu egingo litzateke.