“Diziplina atletikoena 40-50 kilometrotik beherakoa da”

maiora

Maite Maiora (Mendaro, 1980) mendi lasterkaria da, munduko onenetakoa. Halaxe erakusten du bere palmaresak. Inork ezagutu nahi badu, maitemaiora.com atarian begira dezake, ez baita lerrootan kabitzen. Lan egutegiak behartuta (udaltzaina da Elgoibarren), Italiatik etorri berri eta Italiara itzuli aurretik harrapatu dugu. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Munduko mendi lasterkari onena zarela diote. Hala da?
Kar-kar! Leku askotan jartzen du hori, baina nola baloratzen da zein den onena? Egia da Munduko Kopak irabazi ditudala, baita Munduko Txapelketa ere duela bi urte, baina horregatik munduko lasterkaririk onena naizela esatea asko esatea da. Halere, hor nago, bai, munduko lasterkari onenen multzoan. Gainera, mendi lasterketetan, hainbat diziplina eta distantzia daude. Oraindik, ondo definitu gabe dago zer den kilometro bertikala, distantzia erdia edo distantzia luzea. Ezin naiz onena izan distantzia guztietan.
25 urterekin hasi zinen korrika. Ez da berandu?
Adin horrekin hasi nintzen, baina oso poliki, kirol pixka bat egiteagatik, osasuna zaintzeagatik. Aktiboa beti izan naiz: neguan eskiatzera, udan via ferrata-k egitera... Lehiaketetara joaten, prestatuta, duela zortzi bat urte hasi nintzen. Berandu da, oso berandu; halere, nire nebetako bat 15 urterekin hasi zenez atletismoa praktikatzen, etxean atletismoa gertutik bizi izan dugu, baina ni orduan gehiago nintzen mendira joatekoa edota eskalada egitekoa. Dena den, inbidia ematen zidan korrika egiteak, baina lotsa ere bai, eta ez nintzen irteten. Behin, Donostiako maratoira lagundu nion nebari, eta han neskak ikusita, animatu egin nintzen: erdi ezkutuan hasi nintzen korrika pixka bat egiten. Gero, hobetzeko gogoa sortu zitzaidan, helburuak jartzen hasi nintzen... Pixkanaka-pixkanaka sartu nintzen, eta orain ezin irten, kar-kar!
Lesio larriak izan dituzu, hainbat haustura eta ebakuntza...
Sorbaldako luxazio batengatik artroskopia egin behar izan zidaten, baina hura erorketa baten ondorioz izorratu zen, eta 2015eko abendurako plastia bat programatu zidaten. Zortzi astez geldirik egon behar nuenez, asfaltoko maratoi bat egitea pentsatu nuen. Abendu hasieran egin nuen Malagakoa, ebakuntza baino hamar egun lehenago. Oso ondo amaitu nuen, baina egun batzuetara min handia sentitzen hasi nintzen mokor aldean. Pentsatu nuen maratoiaren ondorioa izango zela, eta baretuko zitzaidala. Haatik, sorbaldako ebakuntza egin ondoren, gero eta min handiagoa nuen, eta herrenka hasi nintzen. Bi hilabetera jakin nuen femurra hautsia nuela. Sorbalda eta femurra, biak alde berean lesionatuta, alde hori ahuldu egin zitzaidan, baina hortik ere atera nintzen. Harrezkero, eduki dut beste haustura bat behatzean, erorketen ondorioz hainbat puntu behar izan dituzten zauriak... Baina orain, momentuan, ondo nagoela ematen du.
Mendi probak gero eta gogorragoak bilakatzen ari dira. Non dago muga?
Ez dakit, baina badirudi 12 edo 17 kilometroko lasterketa batek jada ez duela jendea erakartzen. Ematen du ultrak egin behar direla derrigor, edo ordu pilo bateko lasterketak, gainerakoak ez duela ezertarako balio. Nik denetik probatu dut, eta argi dago diziplina atletikoena 40-50 kilometrotik beherakoa dela. Hortik gora, gero eta korrika gutxiago egiten da. Kirola dena da, baina mendi lasterketak, nire ustez, 40-50 kilometrotik beherakoak dira. Nik 25 eta 40 kilometro bitartekoak ditut gustukoen, horixe da nire distantzia onena. Lasterketa bat bukatzeko 30 edo 40 ordu egiteak ez nau motibatzen. Horretarako, nahiago dut neure kasa joan mendira, edo beste ibilbide batzuk antolatu.
Zergatik dute hainbesteko arrakasta azkenaldian mendi lasterketek?
Gero eta jende gehiagok egiten ditu. Kirola modan dago, eta horrek poza ematen du. Gainera, diziplina hauek onak dira, jendeak elkarrekin praktikatzen dituelako. Entrenamenduak egiteko gelditzen dira; bat apur bat ahulago badago, besteek adoretu egiten dute... lagunarteko giroa da. Gu, ordea, ez gara hala ibiltzen. Ni gera naiteke, noizbait, norbaitekin entrenatzeko, baina egin behar dudan entrenamenduaren arabera: kalitatezko entrenamendua egin behar badut, nahiago dut bakarrik joan. Lagunei nirekin etortzeko eskatzen badiet, haien laguntza behar dudalako da.
Iazkoa oso urte ona izan zen zuretzat, Zegamako maratoia irabazi zenuelako, besteak beste. Zer dakar horrek?
Berez, beste lasterketa bat da, horixe esaten zidaten inguruko guztiek, baina munduan lasterketa batzuek badute prestigio jakin bat, eta Zegama-Aizkorri horietako bat da. Antolakuntza oso ona da, beste leku askotan bezalakoa. Halere, bereziak dira Zegamako ibilbidea eta, batez ere, giroa. Duela gutxi, Dolomitetan egon naiz, eta hura ere Zegamakoaren modukoa da. Prestigioa du, eta jendeak irabazi egin nahi du, Tourreko etaparik garrantzitsuena balitz bezala.
Aurten, lasterketa utzi egin behar izan zenuen. Iaz irabazita, are mingarriagoa izan zen?
Ez, mingarria ez zen izan utzi beharra, egun hartan hori egitea tokatzen baitzen. Mingarria izan zen gauzak hartu nituen moduan hartzea, baita lasterketa aurretik ere. Ez daukat penarik uzteagatik, badakit egoera hartan ez zuela zentzurik lasterketan jarraitzeak, baina ez nituen gauzak horrela hartu behar. Lasterka lasai eta libre egitea gomendatzen zidaten, beste ezertan pentsatu gabe, baina buruan hainbeste gauza izanda, hasi baino lehen nengoen gaizki. Banekien Zegama ona egiteko gaitasuna nuela, iaz egin nuelako. Jarrerak izan behar zuen lasai irtetea, irabaztearekin obsesionatu gabe, baina... Ez du merezi 42 kilometro sufrituz egitea bost ordu eta erdian amaitzeko. Horretarako, nahiago dut erdian utzi, edo ez joan.
Hori kenduta, zer moduz doa aurtengo denboraldia?
Nahiko gaizki, ezin izan dudalako kalitatezko entrenamendurik egin, neguan orkatilan izan dudan tendinitisarengatik. Eskiatzeko ez dut arazorik izan, eta ultra bat egin daiteke iraupena badaukazu, baina ez dut azkartasuna entrenatu, eta dezente ari zait kostatzen sasoian jartzea. Hala ere, ez naiz horrekin estutzen. Beti ez da izaten erraza irabaztea, ondo egon behar da. Nik badaukat nire lana, eta ez dut irabaztearekin obsesionatu nahi.
Zein dituzu hurrengo erronka nagusiak?
Besteak beste, iraileko hirugarren asteburuan, Mendi Federazioak antolatutako Eskoziako Mundialean parte hartuko dut. Bestalde, urte asko daramat erronka bati aurre egin nahian, Tenerifeko 0-4-0 lasterketari, hain zuzen: itsaso mailatik abiatu, Teidera igo eta jaitsi. Iaz, Emelie Forsbergek irabazi zuen, baita errekorra jarri ere. Asmoa dut, dena ondo badoa, behintzat, irailaren bukaeran joateko. Azkenik, ea noizbait ondo heltzen naizen Limonera! Italiako hori Mendi Federazioaren Munduko Kopako azken lasterketa izaten da, urrian.
Lasterketa egutegia lanaren arabera osatuta, nola da posible hori kirolarekin bateratzea, zure mailan?
Ahal den moduan, gaizki, lo gutxi eginda. Hala ere, nahiko ordutegi ona daukagu, eta asteburu batean lan eginez gero, hurrengo aste osoa izaten dut jai, hori aprobetxatzen dut. Orain dela hiru urte, lanaldi murriztua eskatu nuen, esperientzia moduan, baina hilaren bukaeran... Ezin zaio horri eutsi atzean koltxoirik izan gabe. Hemendik aurrera, orain arte bezala jarraituko dut; dena den, atzetik jende berria datorrela pentsatzen hasi behar dut... Ez dut erretiroa gogoan, baina bai nola hartu gauzak beste modu batean. Urteak daramatzat horrela, eta ez naiz ni bakarrik, ingurukoak ere hor daude.
Emakumeak gero eta gehiago dira mendi lasterketetan...
Bai, eta poza ematen du, baina askotan kritikatu izan dut arazoa emakumeak berak daukala, lotsagatik edo beldurragatik. Ematen du mendira bakarrik irten, eta dena otsoz eta azeriz beteta egongo dela. Emakumeok erasoren bat pairatzeko arrisku handiagoa dugu kalean mendian baino. Gainera, nik inoiz ez dut sentitu ezberdintasunik, ez naiz inoiz gutxiago sentitu emakumea izateagatik mendi lasterketetan. Hori bai, oraindik, Italian, badaude aldeak diru sarietan, eta hori lotsagarria da. Denbora markengatik egiten dute: denbora zehatz baten ostean helduz gero, penalizazioak ezartzen dituzte, eta sariak murriztu egiten dira. Orduan, gertatzen da, adibidez, lehenengo hamar mutilak minutu baten barruan sartzea, baina lehenengo hamar neskak hiru orduan. Hortxe dago ezberdintasuna. Nik lasterketa bat antolatuko banu, sari berdinak emango nizkieke lehenengo hirurei, edo bostei, emakumeei zein gizonezkoei. Oraindik ere, lehiakortasun handiagoa dago mutilen artean nesken artean baino, neska gutxiago dagoelako lasterketetan, baina ez dut inondik inora defendatzen sari ezberdinak ematea. Tarteko helmuga bat zeharkatzen duen lehenengoari emateko urdaiazpiko bakarra badaukazu, zatitu bitan, edo ez eman inori; izan ere, lehenengoari ematen bazaio, argi dago mutila izango dela... Tira, ez beti! Orain dela hiru urte, Laura Orgue eta biok mendi lasterketa batera joan ginen, Maurizio Irletara, eta Laura izan zen lehen sailkatua. Neu, berriz, bigarrena. Hirugarren sartu zen lehenengo mutila! Aitortu beharra dago, hori bai,oso parte hartzaile gutxi izan ginela, kar-kar!

KOLKOTIK  
Mendiarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat?
Puzzle erraldoiak egitea.
Zure mendi kutuna?
Aspe, Candanchun.
Lasterketarik gustukoena?
Dolomites Skyrace.
Zer da mendia zuretzat?
Ondo sentitzen naizen lekua.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Iritsi da emakumezkoen eta gizonezkoen artean ezberdintasunik egongo ez den eguna.
Zeri diozu beldurra?
Bakarrik gelditzeari.
Zerk ematen dizu amorrua?
Gauza askok, kar-kar! Jendearen errespeturik ezak, adibidez.
Eta lotsa?
Oso lotsatia naiz, ez naiz plazaemakumea.
Isun asko barkatu dituzu lanean?
Baaaaai! Bestela, ezingo ginateke bizi; nire helburua ez da isun asko jartzea.
Jasan ezin duzun arau-haustea?
Ezin ditut jasan adinekoen aurkako delituak, haien ahuleziaz aprobetxatzea.
Miresten duzun pertsona bat?
Amona Lesmes miresten nuen, amaren ama. Ezagutu dudan pertsonarik onena zen, duela 12 urte hil zen...
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Erretiroan eta bizitzean pentsatzen, baina aktibo, mendian.
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean?
Ez da erraza, nahiko urduria bainaiz, baina ondo etortzen zait kirola egitea.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?
Fruta.
Larunbat gauerako planik onena?
Goiz erretiratzea, hurrengo egunean plan hobea dudalako.
Bizio bat?
Ura gasarekin, eta kafea.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Andereñoa, mundu guztiak bezala.
Bi hitzetan, nolakoa da Maite Maiora?
Pertsona normal eta alaia.