Undir trénu (Under the Tree)

buenos

Zuzendaria: Hafsteinn Gunnar Sigurosson. Gidoia: Huldar Breiofjöro eta Hafsteinn Gunnar Sigurosson. Aktoreak: Steinþór Hróar Steinþórsson, Edda Björgvinsdóttir, Sigurur Sigurjónsson, Þorsteinn Bachmann, Selma Björnsdóttir eta Lára Jóhanna Jónsdóttir. Islandia, 2017.

Istorioa: Ustezko ezkon-nahaste bat tarteko, emazteak etxetik bota du Atli, eta gurasoen etxera itzuli beste erremediorik ez du izan. Atliren gurasoak gatazka mikatz betean dabiltza aldameneko bizilagunekin, gurasoen lorategiko zuhaitz bat tarteko.
Onena:
Komedia beltzaren etiketa jarri zaio filmari, baina gutxi du komediatik, nahiz eta tarteka irri gaiztoa eragin. Beltzetik ez zaio falta, ordea, hasi eta berehala ilunetik jotzen duelako filmak, are ilunago bukatzeko. Bizilagunen arteko xextra arrunt bezain ganoragabea abiapuntu, hoztasunez azaltzen dizkigu islandiar zibilizatuen miseriak (beste edozein lekutako giza harremanetan suma daitezkeen berberak). Azkenaldian Islandiatik iritsitako filmetan ohikoa den moduan, hoztasun aztoragarria da. Osagai garratz askorekin osatua, garraztasun horrek ematen dio bizitasuna filmari.
Txarrena:
Tentsioak neurririk gabe gora egin ahala, erraz suma daiteke amaiera; gehiegikeria sobera eta soberan duena, akaso. Eta Atliren ama ahaztu gabe: deabrua ez, Patxi Errementaria bera izutuko luke eta!
Eñaut Mitxelena