Telmo Esnalen eta Koldo Almandozen lan luzeak Zinemaldian

dantza

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, euskal ekoizpen bat izango da, lehiatik at bada ere. Izan ere, Sail Ofizialeko emanaldi berezien artean eskainiko dute Telmo Esnalen Dantza, dantza oinarri hartuta hainbat gai lantzen dituen lana: sinesmenak, biziraupena, jaia... Koldo Almandozek, berriz, Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du bere bigarren film luzea: Oreinak. Bi horiek ez dira, halere, Zinemaldian ikusi ahal izango diren euskal ekoizpen bakarrak. Besteren artean, Maddi Barberren 592 metroz goiti film laburrak Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko du. Bestalde, Raul de la Fuente iruindarrak Damian Nenowekin batera zuzendutako Another day of life Ikuslearen saria lortzeko lehian izango da, Perlak atalean. Horiez gain, ohi den legez, euskal lanek berezko lekua izango dute, euskal zinemari propio eskainitako Zinemira sailean. Irailaren 21etik 29ra egingo da Donostiako 66. Zinemaldia.


blackURRIAREN 5ean estreinatuko dute Black is Beltza, Fermin Muguruzak zuzendutako animaziozko film luzea. Muguruzak berak, Harkaitz Canok eta Eduard Solak idatzitako gidoia du oinarri filmak, eta gertaera historiko bat abiapuntu: 1965ean Iruñeko erraldoiek New Yorkera egindako bidaia, Bosgarren Hiribidean desfilatzeko. Erraldoiek desfilatu zuten, baina ez denek. Izan ere, arraza bereizkeria tarteko, erraldoi beltzek ezin izan zuten parte hartu. Hortik abiatuta, eta erraldoien konpartsako kide Manex protagonista nagusi, historia eta fikzioa uztartuta, 60ko hamarraldiko funtsezko hainbat gertaera ezagutzeko aukera ematen du Black is Beltza filmak. Berez, proiektu askoz zabalago baten parte da pelikula. Izen bereko eleberri grafikoa 2014an argitaratu zuten (Muguruzak eta Canok idatzia eta Jorge Alderetek marraztua), eta erakusketa ere bada. Egun, esaterako, Donostiako San Telmo museoan ikus daiteke.

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

TANTTAKA TEATROAK Izoztutako haizea bezala lana aurkeztuko du Donostiako Victoria Eugenia antzokian, urriaren 4an. Rafael Herreroren lana Aizpea Goenagak itzuli du, eta Rafael Bernuesek zuzendu. Nerea Elizalde, Tania Fornieles eta Koldo Olabarri aktoreek jokatzen dituzte antzezlaneko hiru protagonistak. Urriaren 4an eta 5ean Donostian antzeztu ostean, 9an Gasteizko Principal antzokian ikusi ahal izango da, eta 18an, berriz, Bilboko Arriagan. Azaroan ere, hainbat lekutan eskainiko dute: 10ean Barakaldon, 14an Hernanin...


zinebiraBERRITASUNEZ beterik dator Lekeitioko 41. Euskal Zine Bilera, euskarazko zinema lantzen duen jaialdia. Urriaren 6tik 12ra egingo da, eta 49 lan izango dira Zilarrezko eta Urrezko Antzarrak, jaialdiko sari nagusiak, jasotzeko lehian. Aurten, lehenengoz, lan profesionalak eta amateurrak kategoria bakarrean lehiatuko dira. Halere, arlo ez profesionalak atal berezi berria izango du: Lekeition bertan edo herrikide batek grabaturiko super 8 irudiak bildu nahi dituzte, irudiok Euskadiko Filmategian gorde, zaindu eta konpontzeko asmoz. Bestalde, urriaren 6tik 7ra, gazteei begirako Kameratoia ikus-entzunezko rallya egingo da, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean.