Markos Untzeta eta Esku Hutsik, diskoa elkarrekin

unzeta

Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak) izena du Markos Untzetaren azken diskoak. Bosgarren honetan, ez dator bakarrik, Esku Hutsik taldearekin baizik: Giovanni Zanon (gitarra elektrikoa), Anjel Ituarte (baxua) eta Iñaki Belaustegirekin (bateria), hain zuzen. Lehendik ere jotzen zuten Untzetarekin zuzenekoetan, baina diskoaren grabazioan parte hartu duten lehen aldia izan da hau. Tio Pete estudioan grabatu dute diskoa, Unai Mimenza soinu teknikariarekin. Eibartarraren musika biografian ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu lanak: rock amerikarra, bluesa, folka, countrya... eta Tom Petty, Neil Young edota Lucinda Williamsen oihartzunak. Iragandako denbora harrapatu ezinean, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenez edota une gozoen eta zirraragarrien iheskortasunaz mintzatu arren, erregistroa aldatu du Untzetak: aurreko diskoarekin alderatuta, honako lan honek Seinaleak (Gaztelupeko Hotsak, 2014) hark baino kutsu argitsu eta itxaropentsuagoa du.


BUFFALO taldeak 1981 izeneko singlea argitaratu du. Martxoaren amaieran grabatu zuten Azpeitiko 2Noisy estudioan eta irailean argitaratuko duten diskoaren (taldearen hirugarrena izango da) lehen erakusgarria da. Musika instrumentalarekin jarraituta, hiru musikariek elkarrekin jo dute lana grabatzeko, 1979an diseinatutako Solid State Logic 4000E mahai analogikoa erabiliz, eta Iosu Gonzalez izan da soinuaren arduraduna. 1981 abestiaren izenburuak Joanes Ederra (baxua) jaiotako urteari egiten dio erreferentzia. Halaber, Buffalo (Autoekoizpena, 2012) diskoan 77 izeneko pieza bat sartu zuten, Ander Ederraren (gitarra) jaiotze urtea. David Gorosperen (bateria) jaiotze urtea izentzat duen beste bat ere badute, oraindik argitaratu gabea: 1989.

txostERREFERAK ESPERANTZA
Txost!
Mukuru, 2018

Zortzi abestik osatzen dute talde gipuzkoarraren lehenengo diskoa. 2017ko urrian grabatu zuten, Erratzuko eskolako ganbaran, Kaskezur eta Ufestuek taldeek utzi zieten entsegu lokalean. Ander Barriusok (Elektrika grabaketak) gidatu zuen grabazioa, bere estudioa Baztango txoko hartara mugituta. Horrela lortu zuten bestelako soinu bat aurkitzea eta beste egoera bat sortzea. Emaitza lan alai eta jostaria da, baita dantzagarria ere, orain arte eskainitako kontzertu ugarietan jo eta ondutako kantak biltzen dituena. Zuzenekoetan eskura daiteke diskoa.

zioORAIN ETA HEMEN
2zio
Autoekoizpena, 2018

Rap talde lapurtarraren hirugarren diskoa da hau, Pausuz pausu (2013) eta Bideak (2015) diskoen eta urte eta erdiko geldialdiaren ondoren. Sentimenduz, kritikaz eta aldarrikapenez betetako 12 kantuz osatu dute. Gaur egun inguratzen gaituzten egoerei eta gaiei lotutako hitzak dira gehienbat, baina barnera ere begiratzen dute, autokritika egiteko. Garapen bidean jarraituta, “beste urrats txiki bat” egin duela uste du taldeak eta, ohikoa duten tonu iluna baztertu gabe, melodia argiagoak baliatu dituzte, kantu arinagoak egiteko.